Gaur, ekainak 13, tradizioak dio, San Antonio egunean, Urkiolara! Eta guk, plana egin eta bertara!
Ondare kulturala: Euskadiko erdi-erdian dago kokatuta Urkiolako Santutegia,Urkiolako Parke Naturalean. Mendi zoragarriz eta harizti, pagadi eta lizardiz inguratuta dago. Ez da ezagutzen noiz eraiki zen, baina dokumentu batzuen arabera, VIII-XI. mende bitartekoa omen da. Gaur egun, zutik dagoen eraikina XX. mendean altxatutakoa da. San Anton Adabea (urtarrilak 17) eta San Antonio Paduakoa (ekainak 13) gurtzen dira bertan. Ekainean erromeria jendetsua egiten da, eta ohiturak dioenez, ezkongaiek bikotekidea aurkitzeko Santutegiaren aurrean dagoen harri handiari (meteoritoa omen da) bueltak ematen dizkiote. (turismoa.euskadi.eus)
Santutegi inguruko tradizioak bete ostean, mendi aldera. Urkiolako mendatetik Saibi edo Saibigain mendira erraz eta azkar igotzen da. Bide erraza, ongi markatua, eta ikusmira eta istorio bereziekin, merezi duena.
Bazkaldu ostean, dantza apur bat eta… inguruak ezagutzera. Santa Apolonia ermitara, lehenbizikoz. Javi, txikitan, etorria omen da belarria, eztarria, hortzak babestu edo sendatzeko… beti ere erremerio bila. Iturritik ura hartu eta ahoan duzula ermitari hiru bira eman eta bertan bota behar omen da. Eta, zalantza barik, hori guztia fedeaz egitea ezinbestekoa!
Urkiolagirreko hegoaldeko magalean isolatuta, Santutegiarekin eskumatik muga eginez, eta 200 bat metrora, pagadi baten erdian, Santa Apolonia ermita dago, herrian “Santutxu” izenekoa. Iraganean umiliazio funtzioa zuen, erromesak bertan gelditzen baitziren Santutegira heldu baino lehen. Iturri baten gainean eraikia dago, zeinaren urei bertute sendagarriak ematen zaizkien. (ermitasdevizcaya.com)
Santutegitik gurutzearen ermitara doan galtzadatik abiatu gara, pagadi ederra, ermita, elur-zuloa, eta bukaeran dagoen kalbario ikusgarriak hitzik gabe utzi gaitu.
Liluratuta ikusi dugun guztiaz, baina azken sorpresa: autobuseraino, gu agurtzera, zakur txiki bat astoaren gainean. Bikote bitxia, alajaina!
Egun borobila gaurkoa ere, esanguratsua. Bidai honetan ere, eskertzekoa Arrasateko Udalaren laguntza.
INFORMAZIO OSAGARRIA
Urkiolara bikotekide bila joateko ohiturak honako bertso edo kopla hau sorrarazi du:
Neskazaharrak joaten dira
Urkiolara, Urkiolara,
Santuari eskatzera senar on bana,
senar on bana, konbeni bada.
Santuak esaten die,
buruakin ez, buruakin ez,
Zergaitik lehenago akordatu ez,
akordatu ez, orain batere ez
https://www.youtube.com/watch?v=xcJDCWxGYuE
https://eu.wikipedia.org/wiki/Saibi
https://eu.wikiloc.com/ibilbide-senderismo/saibi-monte-de-la-sangre-desde-urkiola-16243641
http://www.urkiola.net/Euskera/Santuario/santuario_otras_ermitas.php
https://www.visitbiscay.eus/eu/-/urkiola-el-vecindario-de-la-diosa-mari