apatamonasterio, arrazolako bide berdea

Bizkaira gaurkoan, hego haize zakarra egon arren, Apatamonasterion autobusa utzi eta animo biziaz Arrazolako bide berdetik abiatu gara. 2021ean ere hemen izan ginen, orduan Angelines eta Edurnek gidatuta, orain, errepikatzera, merezi du eta.

Hodeiak abiaduraz pasatzen, haize zakarraren agindura, baina tarteka eguzki goxoa ere bai. Paraje ederra eta baketsua, Atxondoko bailara hau.

Bide berde horretan, bakoitzak bere erritmoa hartzea posible da, pausu erosoa eta indarrak neurtuz, noiz buelta eman esku-eskura. Hala, Topera heltzerakoan, satisfazio aurpegiak ere nabarmendu dira, ezustean heldu direnena, hain zuzen. Hori festa! Arrazolako ogi goxoak etxerako erosi dituztenak ere, alajaina.

Bidean zehar, atsedenerako tokiak, esertzeko bankuak, mahaiak, haurrentzat jolas lekuak… Garai bateko trenbideak, egun beste funtzioa betetzen du, aisialdirako eta kirola egiteko aukera paregabea. Abiadura handiko trenbiderako obrak aldiz, zelako kontrastea. Bata, naturan integratua, bestea berriz, ikusmirarako erasokorra dela sentitu daiteke.

Paseo ederra gaurkoa, eta bailara sakonago ezagutzeko gogoaz gelditu gara… Hurrengoan Axpe aldera joko dugu. Hain gertu daukagunaren edertasunaz jabetuta, bide berriak aztertzeko asmoaz, bagoiez etxe aldera, gustura!

INFORMAZIO OSAGARRIA

https://blogak.goiena.eus/sasoibide/2021/11/19/atxondoko-ibilbide-berdea/

https://www.elorrioturismo.eus/zer-egin-elorrion/elorrio-naturala/arrazolako-bide-berdea/

  • DISTANTZIAK
  • Elorrio Apatamonasterio:  4 km
  • Arrazolako Bide Berdearen hasieraraino: 4,1 km
  • Arrazolako Bide Berdearen bukaeraraino: 9,1 km

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *