sasoibide+: aramaioko barajuen

Aramaio haraneko elizaterik zaharrena izan liteke Barajuen, bertakoek Bajon deritzote (wikipedia). Gidari berezia gaurkoan, Marije aramaioarra. Aramaiotik abiatu, aldapan gora, pistatik eta arte arbola ederren artean. Tarteka, egur landuaz eginiko zenbait irudi hala nola, etxeen izenak, arbola azpiko banku, bestelako aulki eroso, irudi berezi… Sorpresa guretzat, haiei begira, noren antza ote duten aurpegiok, herritar batzuena, asmatutakoak… auskalo, baina guztiak pazientziaz eta oso esku onaz egindakoak, alajaina! Hau bai dela eskura dagoen artea!!

Han aurrean, asto kuadrilla. Gure zaratak entzutean, bixi bixi hurbildu zaizkigu, zein animali politak, gertu gertu ikusteko aukera izan dugu… Haien mutur xuriak, begi inguruak… artista baten diseinua dirudi. Naturak halako irudi ederrak eskaintzen dizkigu; patxada hartu behar behatzeko eta horretaz kontziente izateko.

Jasokundeko Andre Mariaren eliza ikusteko Marijek giltza eskuratu, eta bere edertasunaz jabetu gara. Auzo txikia izan arren, elizaren tamaina eta egiturak aitzineko historian izan zuen garrantziaren testigu dugu. Ohitura zaharra ere ezagutu dugu: Garai baten ume, mutikoak bereziki, hilkortasun handia izaten zela, hasi omen ziren, abuztuko amabirjinetan haur txikiak Jasokundeko Andre Mariaren babesa eskatzeko, bere aurrera eramaten. Egun ere, horrela egiten omen da.

Eta auzoa ezagutzeko etxe arteko bidean aurrera, harrituta gelditu gara: zelako ikusmira ederra, batera Anboto ingurua, bestera Aloña… Zer baserri, etxe, paraje… hemen bai sumatzen dela bizi kalitatea. Euskal Herriko Suiza txikia esan zuenak, ez zuen gezurrik esan!! Hain gertu eta hain ezezagun!! Gure inguruan turista begiekin ibiliz gero, bazter hauen harrotasuna sentitzea naturala da. Eskertzekoa da guztion ahalegina eta gure lagunaren gida lanak. Esker mila Marije!

INFORMAZIO OSAGARRIA

https://eu.wikipedia.org/wiki/Barajuen

https://es.wikipedia.org/wiki/Baraju%C3%A9n

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *