Gaur San Prudentzio egunez (apirilak 28), sarri errepikatzen den eguraldiaz, euripean abiatu gara; apirilean ez da harritzekoa, beraz, aterkiak hartu eta santuaren izeneko elizarantz abiatu gara, Bergarako Elorregi auzora, hain zuzen ere.
Antzina ere Elorregi izenaz ezagutzen zen. Garai hartan eskola zaharrak egin ziren tokian zegoen San Prudentzioren ermita, gero Ojea taberna izan zen lekuan. Berari buruzko 1432ko kontuak ere badira, Pedro Ibañez de Arostegik bere azken nahia idatzi eta diru kopuru bat utzi zion eta. XV. mendean eraikia da. 1810ean, Udaletxeak saldu egin zuen hasierako ermita, auzoko kanposantuan kapera bat egiteko asmoz. Honen ondorioz baserri bihurtu zen ermita izandakoa. 1830ean bukatu zen eliza berria, eta 1881ean parroki izendatu zuten. Ordutik aurrera auzo honi San Prudentzio deitzen hasi omen ziren. (www.bergara.eus)
Beste kontu batzuen artean, Doloresek bertako ohitura bat azaldu digu: olioa bedeinkatzera ekartzeko. Zertarako? San Prudentzioren beste ermita batzuen antzera (Getaria, Lazkao…), azaleko gaitzak sendatzeko, hemen ere. Azala eta garatxoak (karatxoak) sendatzeko eskatzen du jendeak. Horretarako, lanpararen olioa eramaten dute etxera eta olio berria eskaintzen dute. Baselizako eskuilara botatzen den txanpon batekin igurtziz ere egiten da. Eraginkortasun handiagoa lortzeko, batzuek lanpararen olioan igurtzitako txanponarekin igurzten zuten. (http://www.kantaka.eu/blog/?p=403)
Gu, gehienok, sarri elizaren aurretik pasa, baina, sartzeko aukerarik ez. Gaur, aldiz, bete-betean lortu dugu: San Prudentzio egunean gu San Prudentziora; bertakoak diren Santos eta Dolorese beren lanak utzita Arrasatetik etorri zaizkigu eliza zabaldu eta baita zenbait azalpen eman ere. Gure eskerrik beroenak Zubia anai-arrabei. Bejondeizuela!
Etxerako bidean, gure Bergarako lagunek ezkerreko bidea hartu eta gainontzekoek Arrasaterantz; oraingoan aterkia itxita!! Santuari bisitaren ondorengo miraritxua, agian? Nork jakin! (jejeje)
INFORMAZIO GEHIGARRIA
http://www.bergara.eus/eu/Herria/Auzoak/Elorregi-San-Prudentzio
https://www.euskadi.eus/san-prudentzio-ermita/getaria/done-jakue-bidea/web01-a2donjak/eu/
https://es.wikidat.com/info/san-prudencio