Makatzena auzoan zehar

2020-1-23

Goizeko tenperatura «frexkoarekin» Biterin elkartu ahala, urtarrilaren 30eko greba orokorrerako Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak eginiko deialdiari heldu diogu. Ibilbidearen bukaera aldera, gaia aztertu, iritziak eman, entzun eta bozketa egin da. Gehiengoaren iritzian oinarrituta, hartutako erabakia aditzera eman nahi dugu: urtarrilaren 30eko irteera bertan behera utziko da.

Jose Luis Iñarra pasealekutik gora, Altamira baserriraino. Azken eskailerak igo eta arte sendoa gure aurrean. Guztiok errukituta bere oina ikustean, sustraiak bistan eta babes faltarekin. Hain zaila ote da ingurua hobetu eta bere iraupena ziurtatzea? Udalari eta herritarrei gure deialdi sentitua. Zain dezagun Altamirako artea!

Altamirako baserria Zaldibar auzoa da, harrigarria askorentzat. Ikusmira ederra eta aspaldiko bizipenak: «txikitan jolastera hona etorri eta arbola horietara igotzen ibiltzen ginen«; «eskolatik irtetean, maletak hor utzi, jolasean ibili eta gero etxera, sarritan liburuak bertan ahaztuta«; « arte horren itzalean eskolarako azterketa prestatzen jarduten nuen«…

Makatz baserriaren inguruan Makatzena auzoa eraiki zen; ikusmira ederra, eguzkitsua eta horniketa bereziaz: frontoia, igerilekua, jolas parkea eta haurtzaindegia. Etxebizitzen distribuzioa erosoa, gas berogailua… bizitzeko toki paregabea. Egun, oso lagungarriak diren bi igogailuz gain, herriko busaren zerbitzua ere bai.

Inguruan bizi direnen laguntzaz, Kristo Obrero, Santa Teresa, Santa Marina, eta Musakola kokatu ditugu. Satamaña baserria gogoratu bertako hormirudiari begira, jakin dugu Arrasateko lehen parrokia Santa Marinakoa izan zela eta San Juan Bautistara pasa zenean, elizaren ordez, toki berean, Santamaña baserria eraiki zela.

Gaur, gure herria hobeto ezagutzeko beste urrats bat. Eskerrik asko zuen ekarpenegatik!

Arte ikusgarri eta errukigarria!
Gu guztiok arte eder horren alde. Eta zu?
Santamañako baserria auzoaren gogoan
Bukaerako salda eta tertulia

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *