Aitona falangista

Altsasu. Memoria. Barandiaran Amillano.

Oparitu egin zidaten liburutxoa azken Durangoko Azokan eta eskertu nuen, begiz jota bainuen argitaratu zen une beretik. Egilearen elkarrizketak irakurri nituen prentsan eta iruditu zitzaidan izan zitekeela interesekoa: ez bakarrik mamiaren ikuspuntutik, baita esan zuelako liburu baten bila beste bat azaleratu zitzaiola. Lana, honezkero irakurle abilenek asmatua, Gurea falangista zen (Susa, 2021) da Alberto Barandiaran Amillanorena. Bertan (spoiler) kontatzen da nola iritsi zitzaion egileari libreta bat Luis Fernandez Arregi izeneko altsasuar baten gerra ibilerekin eta nola bukatu zuen bere aitonaren iragan politiko (erdi)ezkutua ezagutzen. Argitaletxean sail berri bat abiatu zuen gainera obrak, Memoriaren Paperak izenekoa.

Gaia, memoriarena, beti interesatu zait eta zortea izan nuen udal zinegotzi nintzela Intxorta taldeak eginiko lana hurbiletik jarraitzekoa. Gainera, amamarekin ordu asko egin nituen umetan eta gerra galtzaileen ibilera ugari jakin nituen haren ahotik politak eta ez hain politak direnak. Emakumeak auzoaren memoria bizia zuen eta bazekien zein etxetan aldatu zen txaketa 1975ean eta zeinetan ez. Eta jakiteaz gain ez zen isiltzen. Horregatik, ausardia aitortuta ere Alberto Barandiarani bere aitona falangista zela kontatu izanagatik, ez zait iruditu txundigarria denik norbere etxean halakorik aurkitzea: fenomeno nahiko ohikoa da Euskal Herrian denetik egotea familian bertan. Askoz gehiago poztuko ninduke jabetza erregistroaren hariari tira egin balio: zergatik ez da hitz egiten 1936tik aurrera kolpistek eta haien sokakoek bidegabe lortu zituzten ondasunei buruz?

Noan bada lanera inguruabarrak utzita. Liburuak badu grazia tarteka, nahiz eta niri forma aldetik lekukotasun pasarteek irakurketa erritmoa guztiz oztopatu. Bereziki gozatu dut azaldu nahi izan denean nola sar litekeen falangista Luis Fernandez Arregi bezalako gazte jeltzale bat. Oso ondo kontatzen da zer giro zegoen Altsasun eta Nafarroan 1936an. Horretan asmatzen du Barandiaranek, nabari zaio kazetari eskua. Bizkaiko ibilerak aldiz interesgarriak dira, baina gaiari buruz Sebastian Salaberriaren “Neronek tirako nizkin” obrak askoz prosa txinpartatsuagoa du. Azken orrietako hausnarketek berriz hotz utzi naute.

Bukatzeko, liburua nire ustez bidegurutze batean geratzen da nora jo duda-mudatan. Izenburua eta orri gehienen mamia, forma eta edukia… ez ditut lerrokatuta antzeman. Egia da nekatuta nagoela eta ez dizkiodala irakurketa ordu onenak eskaini, baina orrialdeek ez naute harrapatu. Ez da erraza memoriaren mataza askatzea eta maiz korapila liteke bat, niri pasa izan zait prentsa iritzi zutaberen bat idaztean. Zoritxarrez zelulosaz ari garenean harrapatu eta korapilatu ez dira gauza bera. Eta hau guztia esanda ere, blog honetara ekarri badut liburua da ikusi dizkiodalako gauza politak eta abiada hartu dudan lautadatan gozatu dudalako. Dena ez baita borobil, batzuetan falangista ere izan liteke aitona.