Carvalho Euskadin

Vazquez Montalban. Alonso. Maitasuna.

Polita izan da Jon Alonsoren Euskal Karma (Susa, 2003) eta Carvalho Euskadin (Susa, 2023) nobelak denbora tarte laburrean irakurri ahal izatea. Izan ere, iruditzen zait, Alonsok egile katalanari dion aprezioa nolabait borobiltzen duela azken lan honek -aprezioa diot ez delako debozioa, Euskal Karma irakurrita ondo uler litekeen moduan-, zeina jada ageri den kexu tartean ezkutaturik 2003ko liburuan.

Pepe Carvalho eta Enekoitz Ramirez, bi detektibe ikoniko ogitarteko formako trama duen nobela batean, bi hari osagarri eta bi garai politiko: milurte hasiera eta ETAren ondoreneko Euskal Herria. Kanpo begirada gure herriarengan eta herriaren erraiak ezagutzen dituen Lambas. Finean omenaldi bat da maitasunez betea genero beltzari, pertsonaia borobilak dituena -Sanchez Godin eta Guadalupe Agirre dira nire gustukoenak, Uriarte gutxietsi gabe-, eta gizarteari eginiko erradiografia zehatz eta zorrotzak.

Asko gozatu dut irakurketa eta, gainera, egilearen esfortzua goraipatu nahi dut: ahalegintzen baita Montalbanen estiloa garatzen eta, aldi berean, trama literario handiago baten parte bihurtu ahal izan du ahalegin hori. Chapeau.

Bukatzeko, kontu bitxi bi. Batetik, deigarria da 2023ko bi nafar egileren lanetan -Carvalho Euskadin eta Ura ez baita beti gardena- zein garrantzia eduki duen Uxue Barkosen Aldaketaren Gobernuko gertakizunak, tramaren elementu garrantzitsu baitira. Bestetik, adjektibo berri bat gehitu dut nire katalogora eta hori Alonsori zor diot: hanseatiko. Hemendik aurrera prestatu begirada hanseatikoa zuen bezalako esaldiak irakurtzeko.

Beltzaren zale zaretenok gozatuko duzue irakurketa.

Euskal karma

Alonso. Literatura. Olgetan-benetan.

Ez dakit Jon Alonsoren Euskal karma (Susa, 2001) obra ulertu dudan edo, kontrara, ondoegi dakidan autoreak zer nahi zuen. Ez dakit haririk ote duen edota kontestaziorik ez duen hitzen Ebro ibaia den, bere isuri indartsuan denaren jabe egiten dena. Bat nator Igor Estankonak hemen esan zuenarekin. Gure letretan ohikoa ez den uholdea da lan hau eta, uholdeen antzera, erabatekoa da eta ordena agerikorik gabea.

Irakurketa bakoitzean txoko ezkutu bat agerian uzten dizun idazlana da eta uste dut beste noizbait berriro ere esku artean edukiko dudala.

Kanon literarioa, frantziskotarrak, idaztearen ezintasuna, itzultzailearen ajeak, Carvalhorekiko -Vazquez Montalbanekiko- kontu kitatzeak… Alonsoren obran zehar parte garrantzitsu diren elementuak ageri dira hemen dilindan ezizezko protagonista izenen eta trama kiribilduen arbola adar artean.

Eta, denaren gainetik, ziurtasun bat: ez dago gure letratan Jon Alonsok bezain trebe iraintzen duenik eta paragrafo hau dakart froga gisa:

Ugatzak esplikatu zion ezer ez nekien xelebrea nintzela, arlotea, hankabiko afrus eta mozoloa, funtsean fraideek, eurogero ibili ohi nintzela profitaturik, pergutadan sarturiko zozoa, mokoroa frekuenteki bildu zale, makarra, golos, putaner eta ardankoia, adimenez urri eta bizioz luze, ahul, mengel, mendrea eta, finean, ezertarako arriskurik sortzen ez zuen zomorroidea.

Delikatesen hutsa.

Argi printzak

Argialdiak. Luki. Ipuinak.

Miriam Luki heldu hasi da argitaratzen eta horrek, Julio Cortazarren hitzetan bederen, badu abantailaren bat edo beste. Aurrenekoa da, eta garrantzitsuena, ez duela batek sobera pentsatu gabe argitaratutako testuen lotsarik. Ez da gutxi, norbere iragan erridikulua parez pare jartzen dizueteneko unean beste ez baitira gorritzen masailak inoiz.

Lukiri irakurria nion aurrena Euslandia obra, lan akademiko bat sorburu duena, eta baita orain Argialdiak (Susa, 2023) ipuin bilduma ere. Bederatzi ipuinez osaturiko obra honek baditu ale oso onak (Nora, Lau hankan eta Soufflea dira nire gogokoenak eta, koskatxo bat beherago, baita Cortazarren beraren La casa habitada ipuinaren oihartzuna dakarkidan Inbasioa ere).

Oro har emakume helduen azaletik hitz egiten du eta hor lortzen du sinesgarritasuna tematikatan, pertsonaien ahotsean eta egoeren deskribapen ederrean. Estilo dotorea du, ez larregi kargatua, eta gustura irakurtzen den obra da.

Espero dezagun halako argialdi gehiago eskaintzea irakurleoi Lukik.

Su festak

Musika jaialdiak. Saiakera. Urzelai Urbieta.

Aurten atera da Jon Urzelai Urbietaren Su festak (Susa, 2023) saiakera eta esan liteke honezkero eduki duela sona eta irakurleen estimua. Urrian agindua denez Arrasatera etorriko dela liburua aurkeztera Kooltur Ostegunak ekimenaren eskutik baliteke hemen idatzi eta adierazitako batzuk ñabartu behar izatea gero nik, idazlea zuzenean entzuteko zortea badut bederen.

Halaber, eta sareetan agindu nuenez gero loreak banatu eta bainak platereratuko nituela, hona hemen liburuari buruzko hainbat burutazio.

TXALOAK

Liburua beharrezkoa da, pentsarazten dizulako besteak beste ea zergatik ez dugun eduki lehenago horrelakorik. Egia da azken hogei urteotan egin duela eztanda fenomenoak munduko hainbat tokitan neoliberalismoak harrotutako olatuan, Euskal Herriko adibideak hor ageri dira irakurri nahi duenarentzat, baina komunitate gisa lehenago ez erantzun izana gure tamainaren txikiaz gain beste zerbaiti ere zor diogu akaso: kultur moldeen inguruan beharrezkoak diren hausnarketa faltak.

Liburua oso ondo dokumentatua, landua eta solidoa da. Zentzu horretan idazlearen lana eta meritua goraipatzea da egitea dagokidana. Txalogarria eta zoriontzekoa da.

BAINAK

Maketazioarekin izan ditut gorabeherak, beste irakurle batzuekin hitz egin ostean nolabait berretsi ditudanak. Irakurtzeko ez da liburu erosoa. Marjina estuek txosten itxura handiago ematen diote lanari liburuarena baino -akaso nahita biltatutako forma da, edota erosleari prezioak merketzeko eginiko estrategia- eta oro har Susarengan ohikoa ez den moduan, zaintzen baitituzte eta asko liburuen itxurak, uste dut merezi zuela beste arreta bat obrak.

Bigarren gorabehera da egituran galduta egon naizela maiz. Bada hari kronologiko bat planteamendu zirkular batean – koba/basoa/herria/hiria/koba – eta ni behintzat ez nau konbentzitu. Kosta zait konektatzea eta une batean baino gehiagotan burua orri artetik atera behar izan dut pentsatzeko ea non ote nagoen. Bistan da izan litekeela baten abuztuko neurona xehetu eta nagituen errua, baina ez zaidanez hori pasa hilabetean irakurri ditudan beste hiruzpalau liburuekin hor doa duda.

HARI-MUTURRAK

Bainen hariak gorrotagarriak dira platerean. Baina batzuetan hor daude eta hari-mutur horietatik tira egitea da plazerik handienetakoa, haria motza dela uste eta bat-batean egon zintezkeelako bidaia zirraragarri batean.

  1. Hari-muturra: Hiri Buruzagia. Hedoi Etxartek badu marketin kanpaina arrakastatsua ekialde loriatsuarekin lotua eta Su festak lanaren egileak ere han jartzen du itxaropena. Ez dut dudarik ederrak ez direnik han egin dituzten kultur ekimenetako batzuk (Nola? jaialdiak, Iruinkokoa etab) baina oro har badut Iruñea espejismoa denaren zalantza, Euskal Herriko panorama etsigarriaren aurrean. Gure inguruko gaztetxeetatik apenas geratzen diren bakar batzuk musika egitarau sendoarekin, duela mende laurden ohikoa zenean Gipuzkoa mendebaldean halako hainbat egotea. Esan nahi dudana da Iruñea hiriburu dela eta akaso haren indarra ere izango da Euskal Herrian hiriburuek egiten duten fagozitazio indarraren ondorio, Nafarroa osoko panoramaren argazkia hartuta akaso egoera bestelakoa litzatekeelako. Herri txiki batean bizi den pertsona gisa kezkaz bizi dut maiz udalen esku soilik geratu izana kultur egitaraua eta tabernei jarritako traba, gaztetxeen apaltze eta antolatzaileen gainbeheragatik. Iruñera itzulita uste dut interesgarria dela gertatzen ari dena, baina denboran duen iraupenak erakutsiko digu ea zer den benetan geratzea lortzen dena.
  2. Liburua irakurtzen ari nintzelarik Umberto Ecoren liburutegiari buruzko dokumentala ikusteko aukera eduki nuen. Uste dut Ecok aipatzen duela han gure garaiko gaitz bat, hein batean lotua dena ere jaialdien arrakastarekin: dena aldi berean edukitzeko nahia, bizi dugun metatze obsesio hori. Internetek ekarri du orain arte ezinezkoa zena -sareen eragina ere ez da apala izan nik uste ohitura aldaketatan- eta, adibidez, klik batean Iron Maidenen diskografia dena jaitsi liteke eta horrek enpatxoa sortzeaz gain gosea ere pizten du. Badakit paradoxa dela, baina esango nuke gero eta musika gehiago gorde berau entzuteko gogoa apalagoa dela, horrek ez duelarik ekiditen are gehiago nahi izatea. Jaialdietan ere maiz nahi izaten da enpatxo hori, Wacken jaialdiko kartelak jebi bati sortzen dionaren parekoa, nahiz eta jakin maiz talde horietako asko ikustea ezinezkoa dela ordutegietan bat egiten dutelako -horrek dakarren antsietatearekin- han egon beharra dago.
  3. Manu Chaori buruz Peter Culshawek idatzitako liburua izan da abuztuko beste irakurgai bat eta han Chaok musikaren negozioari eskaintzen dizkio berba asko, nolako oreka zaila bizi izan duen pentsamendu altermundistako ikonoetako bat izan eta jada Mano Negraren garaitik Virgin disketxe multinazionalarekin sinatu izanak. Chaok dio maiz jo izan diotela adarra eta ordutik tarte handia eskaintzen diola musikari gisa jakiteari non jo behar duen eta zertarako. Ez dakit zer eska dakiokeen musikari bati norberari eska ezin dakiokeenik -maiz guk geuretzat nahi ez dugun hiperkoherentzia bat exigitzen baitiegu artistei- baina ezin dut ukatu begiak plateren pare ireki izan ditudala BBK Live eta antzeko jaialdi batzuetako karteletako musika talde batzuk ikusita. Euskaldunak, euretariko asko, eta Chaok ez bezala bi galderekin jaialdia nork eta zertarako antolatu duen jakiteko modua zutenak.
  4. Kontrara, oso ados nago egileak Berri Txarraken ibilbidea jartzen duenean azken urteotako aldaketen paradigma gisa. Ados nago eta gainera eskertzen diot kariñoz aritzea taldearekin, uste baitut hala jokatu behar dela haiekin.

ONDORIO GISA

Baina eta hari-muturrekin luzatu naiz, hein batean txiolandian edukitako iritzi truke batean egileari ulertu niolako nahi zituela hauek jakin. Jabe naiz ez dela gai bat askorik kontrolatzen dudana -egia da 1997 urrun hartan hartan joan nintzela lehen aldiz EHZra laguntzaile gisa, baina gauza bat da ricarda nola zerbitzatu ikastea eta beste bat non nengoen ulertzea- eta nire argudioak lastozko etxeak direla Jon Urzelai Urbietaren putz egite indartsuaren parean. Baina uste dut egilearen ahaleginak merezi zuela blogean lekua. Espero dut irakurle gisa egile beraren beste hainbat obra etorriko direla.

Gloria

Taberna. Ama. Alkohola.

(Kontuz, spoilerrak ditu).

Ezagun batek bere aita alkoholikoarekin zuen harremanaz idatzi du Goienaren azken alean. Egunotan han eta hemen ari dira agertzen gai berari buruz Eider Rodriguezek emaniko elkarrizketak. Horregatik, ezinbestekoa da, Nere Ibarzabalek Bar Glorian (Susa, 2022) egin bezala droga horrek tabernariengan eta euren familiengana duen eragina islatzea.

Izan ere alkoholari eta honen ondorioei buruz jarduten du Ibarzabalek. Baina ez horri buruz bakarrik. Baita sexu indarkeriari, baserritik deserrotu eta herri industrialetara jaitsitako familien egonari buruz, lehen horren ohikoak ziren koloretako ibaiei buruz, drogari buruz, aita zakar apustuzaleei buruz, sasoi hartan hanka bat armairuan zuen homosexualitateari buruz eta amei buruz. Ama baita, lanaren bidez, lanari eskainitako bizi baten bidez, Gloria daraman familia batuta mantentzen duena eta haren hutsuneak arrakalatzen du dena. Gloria erraustuko duen sutea ez da arrakalatze hori zigilatuko duen gertaera baizik.

Aitari idi demako kontuetan laguntzera igotzen den Rakel, akaso belaunaldiz eta espazioz deserrotuena. Asko disfrutatu ditut nola kontatzen digun idazleak Rakel gogoz kontra aitak idiengana eramaten duenekoa eta nola bera den aitarentzat horren esanguratsua den apustura doan familiako kide bakarra. Bere ahizpa, Ana, tabernaren eta ezaguna den horren grabitate indarrari ihes egin ezinda dagoen emakume gisa ageri zaigu tramak ematen duen denbora salto batean. Adi pertsonaia honi, bikain baitago eraikia. Bukatzeko, eraso bati ez ezik, giro atzerakoi batean biziraun eta etxeko egoera delikatu bati aurre egin behar dion Migel dago, berarekiko enpatia handia pizten duena.

Gustatu ez zaizkidanen artean eta txikikerietatik abiatuta aurreneko kontua da ez zaidala sinesgarri egiten idi buru bat horman eskegita duen tabernarik egotea Euskal Herrian. Gero ama Amandre Santa Ines bihurtze hori eta jarraian kokatua dagoen garaian ia omnipresentea zen euskal gatazka deritzonari erreferentzia oro omititzea (apenas aski zen nire ustez erreferentzia azalekoren bat, baina ezer ere ez agertzea arraroa egiten zait) eta bertsolaritzan esaten den bezala liburua ez dela lehertu. Esan nahi dudana da baduela hizkuntza jaso eta aberatsa, pertsonaia oso interesgarri ertz ugaridunak, hari mutur ugari eta, hau guztia hala izanik ere, nire ustez bukaeran euri tantarik gabeko zeru ilundua da.

Etxean hainbatek irakurri du liburua eta ez dugu iritzi bera. Haiei asko gustatu zaie eta, beraz, baliteke nire kontua izatea. Horregatik merezi du irakurtzea eta horren seinale da irakurleek egin dioten harrera beroa: seinale ona da hori gehien-gehienetan.

Aitona falangista

Altsasu. Memoria. Barandiaran Amillano.

Oparitu egin zidaten liburutxoa azken Durangoko Azokan eta eskertu nuen, begiz jota bainuen argitaratu zen une beretik. Egilearen elkarrizketak irakurri nituen prentsan eta iruditu zitzaidan izan zitekeela interesekoa: ez bakarrik mamiaren ikuspuntutik, baita esan zuelako liburu baten bila beste bat azaleratu zitzaiola. Lana, honezkero irakurle abilenek asmatua, Gurea falangista zen (Susa, 2021) da Alberto Barandiaran Amillanorena. Bertan (spoiler) kontatzen da nola iritsi zitzaion egileari libreta bat Luis Fernandez Arregi izeneko altsasuar baten gerra ibilerekin eta nola bukatu zuen bere aitonaren iragan politiko (erdi)ezkutua ezagutzen. Argitaletxean sail berri bat abiatu zuen gainera obrak, Memoriaren Paperak izenekoa.

Gaia, memoriarena, beti interesatu zait eta zortea izan nuen udal zinegotzi nintzela Intxorta taldeak eginiko lana hurbiletik jarraitzekoa. Gainera, amamarekin ordu asko egin nituen umetan eta gerra galtzaileen ibilera ugari jakin nituen haren ahotik politak eta ez hain politak direnak. Emakumeak auzoaren memoria bizia zuen eta bazekien zein etxetan aldatu zen txaketa 1975ean eta zeinetan ez. Eta jakiteaz gain ez zen isiltzen. Horregatik, ausardia aitortuta ere Alberto Barandiarani bere aitona falangista zela kontatu izanagatik, ez zait iruditu txundigarria denik norbere etxean halakorik aurkitzea: fenomeno nahiko ohikoa da Euskal Herrian denetik egotea familian bertan. Askoz gehiago poztuko ninduke jabetza erregistroaren hariari tira egin balio: zergatik ez da hitz egiten 1936tik aurrera kolpistek eta haien sokakoek bidegabe lortu zituzten ondasunei buruz?

Noan bada lanera inguruabarrak utzita. Liburuak badu grazia tarteka, nahiz eta niri forma aldetik lekukotasun pasarteek irakurketa erritmoa guztiz oztopatu. Bereziki gozatu dut azaldu nahi izan denean nola sar litekeen falangista Luis Fernandez Arregi bezalako gazte jeltzale bat. Oso ondo kontatzen da zer giro zegoen Altsasun eta Nafarroan 1936an. Horretan asmatzen du Barandiaranek, nabari zaio kazetari eskua. Bizkaiko ibilerak aldiz interesgarriak dira, baina gaiari buruz Sebastian Salaberriaren “Neronek tirako nizkin” obrak askoz prosa txinpartatsuagoa du. Azken orrietako hausnarketek berriz hotz utzi naute.

Bukatzeko, liburua nire ustez bidegurutze batean geratzen da nora jo duda-mudatan. Izenburua eta orri gehienen mamia, forma eta edukia… ez ditut lerrokatuta antzeman. Egia da nekatuta nagoela eta ez dizkiodala irakurketa ordu onenak eskaini, baina orrialdeek ez naute harrapatu. Ez da erraza memoriaren mataza askatzea eta maiz korapila liteke bat, niri pasa izan zait prentsa iritzi zutaberen bat idaztean. Zoritxarrez zelulosaz ari garenean harrapatu eta korapilatu ez dira gauza bera. Eta hau guztia esanda ere, blog honetara ekarri badut liburua da ikusi dizkiodalako gauza politak eta abiada hartu dudan lautadatan gozatu dudalako. Dena ez baita borobil, batzuetan falangista ere izan liteke aitona.

Plus ultra

Sortaldekoak. Etxarte. Poesia.

Asko-asko-asko gustatu zait Hedoi Etxarteren sortaldekoak (Susa, 2021) poesia liburua. Uste dut goia jo duela orain arte idatzitakoarekin alderatuz, aberatsagoa baita ñabarduratan, sakonagoa gaietan eta ederragoa ahotsean. Izan ere, barka bekit txistea, batez ere ezkerretara begiratzen duen arren gora, behera eta eskuinetara ere luzatzen du pausoa. Heldutasunak, gurasotasunak, dolua eta engaiamendu politikoak arimari eta gorputzari utzitako arrastotik idazten du eta sentimendu horietan denok aurkitzen dugu gure ispilua.

Liburuko olerkirik onena 90. orrialdeko Dragoiak iruidtzen zait. Hasiera hori,

Enperadorearen lorategian lo egingo genuela uste genuen bezperan / Sahatsek ura tindatzen zuten / erresiñolak entzuten genituen / gurea zen errekaldea / dragoiak ginen, zerua eta sua.

ez esan magikoa ez denik. Nik olerki hau zuzenean entzuteko zortea eduki nuen Aitor Etxarteren omenezko ibilaldian, Hedoi berak emozioaren ikarak jota errezitatu zuen Maalako arrabaleko Plus Ultra taberna parean senidez inguratuta. Mikrorik gabe, eskenatoki gabe, dena birika eta maitasun. Iragana etorkizunez betea irudikatu genuen.

Eta halere iruditzen zait liburuko olerki ederrenak intimoenak egin zaizkidala. Ospitalekoak, sexu eszenak, maitaleei eskainiak edota institutuko urteei. Zaila da zintzotasun, edertasun eta interes handiagorik transmititzea lerro gutxitan. Eta hori da eskertzen duguna iraultzaile batengan, manifestazio edo greba orokorretik harago etxeko sutondoan egiten duena kontatzea. Bestea, Durrutik bere gizonei mantala soinean adierazi zien gisara “ezer ez ulertzea” da.

Azkenaldian han edo hemen Hedoirekin solasean aritzeko zortea eduki dut. Adierazi nion behin nire ezintasuna familiako minei buruz idaztekoa. Bere erantzuna ondo gogoan dut: guk ez badugu idazten nork?

Egia da, ez du beste inork egingo. Eta halere minek hor diraute, nahasian, sahatsez gain artadi, gaztainadi eta pinudi. Sentimendu bat norbere baitan hartu eta hari askatzea, uste dut Omar Navarrok horrela deskribatu zidala poesia zer den. Akaso ez hitz horiekin, baina uste dut ideia hori zela. Eta poesia egitea arriskutsua zela, momentuko eromenera eroan dezakeela bat. Ederrak ziren Arrasaten 1934an iraultza egin zutenen ametsak. Gaua zetorkien gainera haiek jakin ez arren, somatuko zuten zerbait dena dela, eta suzia piztu zuten laurogei urtean artean argia dariola. Oroitu ezin denean pertsona bat, borroka bat, akaso ez da amets konpartitua bera ahaztu zaigula besterik. Ametsetan bizi dira oroitu nahi ditugun horiek.

Itxaropen kolorea

Antifrankistak. Nafarroa. Alonso

Jon Alonsoren Hodei berdeak (Susa, 2003) nobela (?) hau Naparra: kasu irekia irakurri ostean hartu izanak hobeto laguntzen dit ulertzen Alonsoren gaitasun handien katalogoa. Blog honetan bertan lore ugari eskaini izan dizkiot egileari eta ez dut uste beraz hortan gehiegi sakondu beharra dagoenik, baina obra honetan bere narratzaile eta ikertzaile bertuteak erakusten ditu.

Has gaitezen liburuaren egituratik, izan ere, ez da ohikoa euskal literaturan halakorik. Joseba Jaka bekaren magalean idatzi zituen lerrook Alonsok eta bi ahotsetan kontaturiko istorio honetan narratzaile bat beka baten aitzakian nobela ari da idazten eta bestea, bere lehengusua dena, ikerketa historikoa. Bi ahotsak txirikordatzen dira eta honela muga lausoa ezartzen du Alonsok fikzioa eta historiaren artean, pertsonaia errealak eta asmaturikoak nahastuz besteak beste.

Narratzaile fina da idazle iruindarra. Har dezagun 279. orrialdeko paragrafo hau adibide gisa: Ia inor ez dabil kalean. Goiz da, eta euriaren promesa ez da ibiltariak animatzeko akuilurik onena. Hodei berunkarek kontzientzia txar batek adina pisatzen dute. Sabelean dauzkan tximeletek barrenak gardosten dizkion su dantza itxurako bat hasi dute, orain, hitz egingo balu, hodeiek iragartzen duten trumoiaren orroa bezala izango zen, ez halabeharrez ozena, baina bai askatzailea; zainak atezutik askatuko zituzten berbak izango ziren, itomena arinduko zioten ukendua. Hau formari buruzko adibidea da baina edukian ere ez da besamotza Alonso, urrutira joan gabe, aparta egin baitzait Irurtzungo Bi Aizpe arrokatan ezarritako ikurrina ezarpen klandestinoaren kontakizuna. Inguruabar tekniko konplexuak bikain eta sinesgarri narratzen ditu. Edota, beste itsaso baten ertzean, Uruguaien Hego Konoko diktadura odoltsuen bezperatan lanean ari diren CIAko agenteen ibilerak.

Historialari gisa ere badu bere mamia egileak. EAJren borroka antifrankistaren narrazioa egiten du gerraondotik hasita, mosaikoa osatuz Iruñeko irabazle nahiz galtzaileen bizitzen zipriztinekin. Ondoren Beroiz familia ardatz hartuta 1962ko Municheko “kontubernioa”, alderdiko erbesteratu zahar-ekintzaile gazteen arteko konponezinak, bonbak jartzea, hautu gisa zilegi jo zuen EGI hura, Eusko Bazterraren praxia, Artajo eta Asurmendiren heriotza, OPUSen sorrera, Urmeneta eta euskaltzaletasuna, CIA edo CESIDen infiltrazio susmoak erresistentzia antifrankistan… Hainbat hipotesi uzten ditu lerro artean Alonsok, ulertu nahi duenak uler dezan.

Zeharo gomendagarria gure herriaren iragan hurbila Iruñetik ulertzeko, egileak gure historiari buruz uzten dizkigun hausnarketa interesgarriez pentsatzeko (Euskal Herria tablero handiago baten pieza besterik ez da) eta irakurriz gozatzeko.

Uber alles

Taxiak. Montoia. California.

Barka iezadazue blog irakurle bakanok izenburuko hitz joko merkea. Badirudi uberren diktadura hastear dela Netflixeko seriei kasu eginez gero, start up teknologikoen eta estatuen arteko borroka ere baden taxi-uber borrokan apenas agertzen baita taxirik azkenaldiko plataforma serietan. Horra hor hari mutur interesgarri bat, altxamendu frankista ostean irabazle artean banatu ziren lizentzien nondik norakoa jarraitzea bestekoa, baina ez da hori gaurko xedea. Izan ere, gaur, Xabier Montoiaren azken lana den Taxiak ez dira inoiz gelditzen (Susa, 2021) lanari buruz jardun nahi nuke.

Izan nadin zintzoa, ez zait liburua gustatu. Ez dizkiot irakurketa ordurik onenak eskaini, neke pilatuen gailur diren ekain iluntze luzeak besterik ez ditut izan berarentzat, baina hori hala izanik ere ez nau asebete. Nekeari buelta ematen lagundu didaten makina bat liburu irakurriak ditut, eta honek ez du halakorik eragin, ezta hurrik ere. Hona ekarri badut orain arteko nire irizpidearen aurka da pieza solte batzuk ederrak iruditu zaizkidalako, bereziki liburuari izena ematen dion “Taxiak ez dira inoiz gelditzen” ipuineko aurreneko orrialdeak eta baita “Errimelezko malkoak” ipuina. Beste batzuk ez zaizkit sinesgarriak egin, esate baterako “Zarata” (bukaera oso hotza da, are gehiago kontatzen dituen zera gogorrak kontatu eta gero) eta “Samuraia eta printzesa” (flipada bat da). Lehen begi kolpean gustura irakurri arren umetako Mikojet izozkiek uzten zizuten zapore bera utzi dit dealerraren ipuinak: izozkiak eta espazioa ez dira erraz uztartzekoak, beraz, zertarako aritu esperimentotan gauza goxoak egiten dakizunean.

Akaso hobe funtzionatuko zukeen ipuin solte liburu gisa. Ez dakit. Izan ere, narrazio arteko hariak ez badira agerikoak, hobe jostorratzekin batera tiraderan uztea. Maizegi aurkitu behar izan dut nire burua orrialdeetan atzera eginaz narratzailea nor den zehaztu nahian, bi ahotsetatik zein ari zaidan hizketan, eta horrek irakurketatik atera nau behin baino gehiagotan. Galduta sentitze horrek gainera gozamenari zuzen-zuzenean eragin dio.

Ba omen dira taxi gidari batzuk turistei adarra jotzen trebreak. Donostiatik Bilbora Iruñetik pasa ohi direnen kastakoak. Liburu honetan ez dakit adarra jo didaten, ezetz esango nuke, baina nonbaiten galdu izanak pena ematen dit horren hasiera iradokitzailea irakurri eta gero:

Oso aspalditik aditzen ez nuen usain bat aditu dut gaur. Gorotz eta hezetasun halako nahasketa bat. Mendira joan gara eta, baserri baten aurretik pasatzerakoan, bete-betean jo batu. Gustatu egin zaie lagunei. Benetakoa iritzi diote, ia naturaren beraren lurruna.

Benetakoa. Esan beharra dago gero. Ia edozeri irizten diote hala, hiritik pixka bat urrundu orduko.

Kilkerrak ixil-ixilik

Kilker. Jimenez. Mundaka.

Kilkerrak ixildu egin dira Hawaiin. Hala jasotzen du Zientzia Kaiera webgune guztiz interesgarriak hemen. Bizirauteko ezinbesteko dute ixiltasuna. Izan ere, testuak dioen bezala, Hawaii artxipelagoan arerio latza dute: Ormia ochracea izeneko euli parasitoa. Hain zuzen kantu doinuari esker topatzen ditu euliaren emeak kilker kantariak eta kantariaren inguruan eta gainean uzten ditu bere larbak.

Beste kilker batzuk ere, itsaso bat honantzago, ixiilik geratu ziren 1937an eta 1939an faxisten artean biziraungo bazuten. Ihes egitea lortu zutenek oinaze eta min artean ere ez zuten kantu ozenik haizatu. Borrokatu, galdu, traizioa jasan eta erbestea dastatu zuten hainbatek.

2003an idatzi zuen Edorta Jimenezek Kilkerren hotsak nobela (Susa, 2003) Alejandro Mallona alkate jeltzalearen fusilamendua ardatz. Fikzioan zahartzaro betean den Uriarte gudari eta espioi oihari bisita egiten dio ezezagun batek. Elkarren arteko elkarrizketek hainbat hari ateratzen dituzte eta Jimenezek hari bakoitzari tiraka onduko du eleberria: zahartu den gudari ohiaren nahia berarekin ezagutza gal ez dadin, arbaso denak gaurko begiz eredugarri ez izatearen zama, gerran Jaurlaritzak xaloki eginiko akatsak, jende gazte eta fin askoren eskuzabaltasuna, ezinezko maitasunaren zauria, laguntasuna… Dena kresal zaporez, Intxortako historia ezagutu duen irakurle honentzat liluragarri eta esker oneko. Gutxi egongo da euskaraz itsasoari buruz egun hain ondo idazten duenik.

Vox eta Desokupa gurean diren egunotan liburu bukaerako pasartea dakart. Musakola nire auzoko agure batzuei gauza bera entzun nien umetan: xaloegiak izan ginen, ez genuen gerra egiten jakin. Muga estua dago noblezia eta tentelkeriaren artean. Ez da indarkeriarako deia nirea, Arestik etakideen amez dioena maiz dut gogoan, baina ez dut espero gizatasunik faxisten artean. Horrek galdu zuen Mallona eta hori erakutsi ziguten anarkista, akzioko, sozialista eta komunistek

-Halaxe duk, bai. Baina zer nahi duk?- barrea bareturik esan nion-. Hortxe daukak, eskutitzean, Falangeren definizioa -eta solemne jarraitu nuen-. Falange, abnegazio handiz eta sentimendu onen aldekoa zen gazteriaz beterik jaiki zen partidua da; baina era berean Falange justizia hotz eta motz egiteko ere sortu zen; hala bada, ni orain ordezkari nauten juezen aldetik, berori zigortu edo errugabe aitortu behar duten juezen aldetik, inongo bidegabekeriarik izango denik ez du zertan uste izan behar berrorrek.

Ikerketa lan handia dago Jimenezen lanaren atzean, ezagutza. Datuak, kazetariak, giroa, toponimoak. Harrapatu nau istorioak ere, jakin arren, 36ko altxamendu faxistako kontakizun oro legez garratz amaituko duena. Galdera bakarra izan da nola une batean, bukaeran, aholkatzen dion Uriartek bisitariari ahazteko iraganeko Mallonak eta egungoetan jartzeko arreta. Ez zaio arrazoirik falta, eta, halere, ezin diogu ihes egin 1936ko uda sargoriari. Ziur erantzuna interesgarria dena.