Pedro Páramo Lizarrerrian

Antoñana. Karlismoa. Lurra.

Ez da goxoa jateko, lur zaporea du. Hala kontatu zidan behin azkonarra probatu duen batek haren haragiari buruz galdetu nionean. Guri momentuz jatea otu ez zaizkigun proteinak dira azkonarrarenak, baina nork daki biharko egunean zer jatea otuko zaigun ahuakateak egun duen urre prezioa diamantezko bilakatzen duenean.

Pedro Páramo aipatu dut izenburuan eta badu azalpena. Juan Rulforen nobela bikain-bikain-bikain horren oihartzuna aurkitu dudalako gutxien espero nuenean, ezjakintasunagatik gehiago ebidenteagatik baino, gero jakin dudan bezala, Pablo Antoñanaren liburu batean.

Aipatu dut blog honetan Pablo Antoñana idazle handia eta merezia du bigarren obra baten iruzkina. Izan ere, Retrato cruento (Pamiela 1996, nahiz eta obrak 1977 nobela motz Navarra saria irabazi) liburu bikaina da. Bertan kontatzen du 1876ko Bigarren Gerra Karlistatik 1936 altxamendu faxistara (Hirugarren Gerra Karlista Euskal Herriko eremu batzuetan) doan haria, bortxaz eta krudeltasunez betea. Etxe baten gainbehera da, mendeku eta Kristori eskainitako odol artean bertako jabeak galduta daudenak hara eta hona. Gobernuko tropen biolentzia, emakumeen aurkako jazarpena, nagusi eta morroien arteko harremana. Morroiak etxekoak dira. Etxea da haria, eta indarkeria, kapituluz kapitulu egiten diren denbora jauzietan mantentzen den zera bakarra.

Begiradan, narrazio herrikoi ilunean, nabaritu diot nik Rulforen lur zaporea. Azkonar lerroak dira hauek, XX. mende zeritzon erauntsi industrialak ezabatu aurreko munduaren aztarnak. Nabari zaie hori nafarroako ager vasconumeko idazleei, kolore nabar eta horiztatan mugitu izan direnei estilo lehor, zuzen eta zakarra. Kontuz, ez bainabil itsusia denik esaten, badaezpada ere.

Bestalde, mendeku eta mendeku artean gako gehiago ematen du liburu honek erreketeen ibilerak ulertzeko batxilergoko testuliburuek baino. Errepublika zer izan zen eta norentzat. Apaizen pisua. Tropen moral falta. Karlismoaren garaipena eta era berean amaiera. Tramak ere badu tentsioa: Godot itxurako Sanchez kapitainaren zain diren gizonak, odol usaina, gerra baten erditzea.

Bukaera gisa, Pedró Paramo bezala liburuko familia protagonistako kide diren Arrizibitatarrak espektroak dira egungo begietan. Baina izan ziren eta badiraute, Landa herrien hustutzearen kausa ere badira jauntxoak eta jauntxokeriak. Nafarroako herri txikietan abandonatutako etxe askoren hormatako zipriztinak dira, odolez batetako kalizekin topa egin osteko arrastoak. Gure historia da, hortik gatoz. Azkonarrak gauez aditu dituenak badaki ze izugarria den haien oihua, haur jaioberrien lanturuak dirudite iluntasunean. Auskalo zer ikusi duten animaliok horren oihu doilorrarekin eztarria urratzeko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude