Andrezaharraren xerra

London. Esteban. Irakurle taldeak.

(2021eko azaroaren 5ean, Guy Fawksen egunean, Puntuan argitaratutako testua)

Oinatz Bengoetxeari buruzko albisteren bat entzuten badut irratian, penatu egiten naiz. Ez dut inoiz eduki pilotari gogokoenen artean, estimuan bai, baina pentsatze hutsa hemeretzigarren hau bere azken denboraldia izan litekeela profesionaletan etsigarria zait. Bat bere belaunaldiko kirolariak bezain zaharra baita, eta, akaso, bakarrik akaso, tristurak izan dezake zerikusia Jack London idazlearen Xerra baten truke ipuin ederraz akordatzearekin. Bertan, Tom King boxeolariaren azken lehia kontatzen da, eta gizonen zahartzaroari buruzko narrazio bikainenetakoa iruditzen zait, Hemingwayren Agurea eta itsasoa baino ilun eta gordinagoa.

Gizonen zahartzaroa diot orain arte, ez bada gaitzespenerako, ez kasualitatez ikusezin bilakatu baita literaturan andreen udazkena. Euskaldunok, gutxienez, Mari Luz Estebanen Andrezaharraren manifestua irakurtzeko zortea badugu, 2019koa. Bertan, Estebanek hiru zatitan banatutako liburuaren lehenengo atalean kontatzen du zer zen beretzat haurtzaroan emakume zaharra izatea; bigarrenean, nola zeharkatzen duen adinak gorputza; eta hirugarrenean, zahartze on baterako manifestua jaulkitzen du, feminismoz blaitua eta lerroz lerro aberatsa. Izenburutik bertatik neskazahar berba itsusiari buelta eman eta makina bat emakumeri ispilua eta adorea eman die manifestuak.

Azken hau ez diot alferrik. Aretxabaletako irakurle taldean aztertu genuen liburua urrian. Niretzako esperientzia bikaina izan zen hainbat emakumeren iritzia entzutea liburuari buruz, zahartzeari buruz, genituen eta ditugun erreferentziei buruz. Etxera joan eta berriro hartu nuen liburua, xerrari zaporerik ez hartzearen errua haragiak ez, batzuetan ahoak berak duelako. Begiradak, hobeto esanda, du zerikusia hemen. Nirea ez nuen aski landua, bistan da. Horregatik da ederra irakurketa bera beste lagun batzuekin konpartitzea; gidari on bat edukitzea, guk badugu, eta kideei entzutea. Oso gauza sinplea da inbentoa: borobila, hitza, errespetua, begirunea. Zahartzeko baino ontzeko modu bat.