Zeruan eta infernuan

Gerra. Funanbulistak. Irisarri.

Iñaki Irisarri idazlearen …eta infernuko demonioa adiskide (Elkar, 2021) moduko lanak ez dira ugari euskal literaturan. Batetik ekintza hutsari ematen diolako lehentasuna, bestelako dibagaziotan galdu gabe, eta oso positibotzat dut hori. Bestetik oso ondo uztartzen duelako girotze historikoa, Napoleonek Euskal Herri osoa bere gain hartu zuenekoa, eta tramak berarekin dakarren intriga. Gehitu horri hizkuntzaren erabilera txukuna eta ekinaldi bakarrean irakurtzeko moduko liburua geratzen zaizu. Aipatu dudan hizkuntzaren erabile onaren froga gisa honako paragrafo hau (80. or):

Txarrok ez du nahi Babil bentan bakarrik gelditzerik. Oraindik ez da guztiz fidatzen Martinarekin, hark Babilekin erakutsitako ardura gorabehera eta gerrillaren hornitzailea izanagatik. Ikazkinarekin beltz eta errotazainarekin zuri aritzen den pertsona klase horietakoa iruditzen zaio, bi jaberen eskuak milikatzen dituen zakur ustez otzana. Nola demontre mantendu daiteke halako benta oparoa gerra-giro batean?

Gerra giroak baldintzatzen ditu nobelako hiru protagonistak. Babil, mutil mutu eta sentibera, tragedia batek bultzatua alistatzen da Espoz y Minaren gerrillan. Txarro gizon biolento eta zakarra da. Hau presondegitik fitxatutako gerrillaria da eta demostratzen du nola gerrak dakarren lausotze moral nahiz legalean halako pertsonaiek balioa irabazten duten (eta mugitzen dakite gainera giro horretan). Azkena, Lauren, komenientziaz alistatzen da ez dezaten koldartzat jo eta dituen ideal ilustratuek talka egiten dute Napoleonen tropen praktika bortitzarekin.

Bukatzeko niri bereziki gustatu zaizkit agertzen diren benten girotzeak, horren urrun eta aldi berean horren gertu dugun mundu horren narrazioa. Espero dut irakurle gisa abentura gehiagoz gozatzeko modua edukitzea, hari honi tiraka edo mataza berriak hasita. Bejondeiola idazleari.