Sasi arteko lore

Komikia. Elgeta. Fano&Izagirre.

Jazinto Rivas, Elgeta ezizenez ezagutua, bere hauspoan euskal hogeigarren mendea dantzan jartzeko beste haize gordetzen zuen artista handia. Joxean Agirrek duela bost urte argitaratu zuen Elgeta liburu ederra 111 Akademiaren eskutik, hemen duzue informazio apur bat, eta esan liteke Ikastolen Elkarteak eta Euskal Herriko Trikitixa Elkarteak argitaraturiko Sasi artean Elgeta (Koldo Izagirre, Dani Fano, Garluk, 2021) komikia Agirreren nobelarekin primeran uztartzen den pieza dela.

Hau diot komikia bera bakarrik irakurrita kosta egiten delako Elgetaren bizitzako hariari jarraitzea honen biografia pixka bat ezugutu gabe. Hor daude, zertzelada eta txinparta biziz kontatuak Elgetaren bizitzako mugarri inportanteenak baina batez ere bukaera, gizonaren hondar urteak, lauso ez ote den geratzen dut duda. Hain justu urte horietan du indarra Joxean Agirreren lanak eta horregatik diot bi lanak onddoa eta arrautza direla.

Komikiaren gidoia Koldo Izagirrerena da eta zer esango dizuet bada jada ez dakizuenik? Aparta da darabilen hizkera, euskalkiaren domeinua, elkarrizketa bizi eta aje gabekoen segida gozagarria, koplek komikiari ematen dioten txinparta. Ez da Zerocalcare komikian egiten duen hizkuntza bitarteko despliegea, ziur asko horretarako beharrik ez duelako, baina oso-oso ondo funtzionatzen du eta meritua aitortu behar zaio. Eibar bera hiri fetitxea da Izagirrerentzat, 1985 urrun hartan Kalabaza Tripontzia filmerako Juanbau Berasategirekin batera erretratatu zuenean langile gorri euskaldunen gune gisa. Ordutik hainbat aldiz errepikatu du greba kanta eta antzekoak euskaraz Eibar moduko guneetan soilik izan direla posible eta purismo euskaldunaren antidoto gisa konjuratu du ez Gipuzkoa ez Bizkaia den zoko hori. Hain justu hortik ez beste edononondik atera behar zen Elgeta, sekula ez Izagirrerentzat infernu den Loiolatik, fox-trot doinuak kabaretean trikitiaz jotzeko gai zen erdi baserritar-erdi maketo sasiko mutila.

Nabarmendu nahiko nituzke ere Dani Fanoren marrazkiak,itzelak dira! Azalak berak, espartinak mahai gainera igota kea zerura eta ahoa munduari zabalik, horrenbeste adierazten du protagonistari buruz! Gustura irakurri nituen Marmolen ibilerak baina Elgetari buruzko lan honetan goia jo duelakoan nago. Gehitu horri Xabiroien egiten ari den lan oparoa (errekonozitzen ote zaio Ikastolen Elkarteari nahikoa arlo honetan egiten ari den ahalegina?) eta garai gozoa ari da bizitzen sormenari dagokionean dudarik gabe.

Bukatzeko, esanikoa, Elgetari buruz zerbait aurretik jakinda esperientzia gozagarriagoa da. Komentatu gabe ezin utzi ere komiki modernoa dela, feminismoak duen garrantziari dagokionean behinik behin, eta pertsonaia galeria paregatea duela: Txapasta pilotaria, Luzifer tabernaria eta hiru alproja karlista horiek, haien doilorkeria eta guzti. Gozatu!