Ez gaitzatela isildu

Deserosoa da. Eguraldi honekin, kontu alaiagoak aipatzea nahiago duzu. ‘Ez duzue beste gairik?’ ‘Ezta pentsatu ere’. Gainera, honi buruz hitz eginez gero ondorio negatiboak erakarriko ditugula pentsatu ahal duzu.  ‘Egon ixilik’. ‘Bakean laga mesedez’.

Ia 5 urte dira “Zarautz Herri Zaintzailea” (ZHZ) abian ipini genuenetik, 6 urte Death Kafeak herrian antolatzen hasi ginenetik, gai deseroso hauei buruz hizketan: Zaurgarritasuna, bakardadea, zahartzea, larriki gaixotzea,  heriotza, dolua. Hainbat dira denbora honetan egindako hitzaldiak, solasaldiak, tailerrak eta aurkezpenak, eta maiatzean, urteurrena ospatzeko, jarduera hauen guztien errepasoa publikoki partekatu nahi dugu.

Bada atzo, nolabait, kalea zapaldu genuen. Antonianotako aretotik eta Modelo zinematik atera ginen, eta Garoa liburudenda mitikoan ekitaldi bat antolatu genuen. Bertol Arrieta idazlea eta Sandra Garayoa ilustratzailea gonbidatu genituen “Hodeien gaineko aldean” komikia aurkeztera, eta egin genuen: Tabuen artean tabuenari buruz mintzatu ginen. Solasaldi dotorea izan zuten ZHZko  Aizpea Manterolak eta Bertolek, gaiekin lotuta Sandra hiru marrazki egiten aritu zen bitartean. Ondoren, publikotik ere isiltasun kolektibo hau apurtu zuten. Testigantza bat partekatu zuen Izarok lehenengo pertsonan, biziraule moduan, guztiz ongietorria eta eskertzekoa izan zena. Uste dut denok eraman genuela zerbait atzokotik. Bejondeigula.

Ez gaitzatela isildu. Berba egin dezagun suizidioaz. Mila esker aunitz Imanol, Bertol, Sandra, Aizpea, Izaro eta atzo etorritako guztiei, baita etorri ezin izan zinetenei ere.

 

PD.- Atzo ere Getxon suizidioaren prebentzio komunitarioari buruzko kale kanpaina egin zuten Algortako metro geltokian. Halaber, kanpaina handi bat antolatu dute bestela Madril aldean, “Que no nos callen”.

PD’. Buzzin’ in my head: Zure Mina – YouTube (Olaia Inziarte)

Loturak

Lizarra aldekoa izan nuen paziente bat Arrasaten, ahaztezin horietakoa. Lekeition igarotzen zuen uda partea familiarekin, nire moduan, eta behin elkar topatu genuen. Eskolapen zegoen, izkin batean, eskelak ipintzen dituzten lekuan, haiei begira. Amarekin nengoen, eta guztiz espontaneoa eta nafarra izan zen haren erreakzioa ustekabeko topaketagatik: “Me cago en los cojones!”. Hitzez hitz. Irribarre bategaz gogoratzen diren pasadizo haietakoa da.

Aste honetan Lizarran eta Lekeition, batera, eman dugu dokumentala, egun berean. Txikitan eta gaztetan “beraneantiek” izan gara udalerri bizkaitarrik dotoreenean, guretzat hondartza baino askoz gehiago izan den herria, lotura esanguratsuak ditugunez. Besteak beste, hizkuntza neureganatzeko gakoa izan den lekua izan da Lekitto. Desagertu den Aralde liburudendak zerikusi handia dauka honetan, baina lehenik eta behin Juan Jose Barbarias lekittarra izan zen influentziarik nagusietakoa, gurasoen lagun mina eta neuretzat aittitte modukoa. Berari esker hara joaten hasi ginen, eta berari esker naiz naizen bezalakoa, neurri handi batean. Gugan bego.

Egueneko emanaldia Nere Erkiagaren bitartez atera zen aurrera, bera “de cuerpo presente”  bertan egon ezin izan bazen ere. Beste modu batean egon zen Ikusgarri zinema areto txukunean Nere. Koldo Leniz eta Oier Gorosabel egon ziren publiko artean, beste pertsona batzuen artean, bi pertsona oso interesgarri horietakoak biak ala biak. Koldok Benito Ansola handia aurkeztu zidan duela urte mordoa. Erkiaga tabernan egon ginen zinemari buruz berbetan, “Aulki Hutsak” proiektu hutsa zenean, eta dokumentala egiteko nondik norakoetan ederto lagundu zidaten Koldok eta berak. Halaber, On Benitok egin zuen gure aitaren aldeko meza 2007ko uda hartan, Lekeitioko Basilikan. Udatiarren aldeko mezak ere egiten dira, bai horixe, eta niretzat behinik behin oso oroitzapen ona izan da.

Estellan, bitartean, Mikel Idoatek MHHH aurkeztu zuen, elkarrekin egiten dugun bigarren kolaborazioan. Azkena ez dena izango (Inshallah!).

Sorionegu!

 

 

 

Behin behintzat

Bizitzan behin musulmanak Mekara edo kristauak Santiagora joateko dauden aginduak bezala, badaude Asturiasen pare bat leku bisitatzeko derrigorrezkoak,  Iberiar penintsulako iparraldean bizi garenontzat behintzat ezinbestekoak.

Lehendabizikoa, Covadonga eta inguruak dira. Nonbaiteko erdigunean egoteko sentsazioa hartzen duzun toki berezi-berezia da, Arantzazuren oso antzekoa. Bigarrena Sella ibaia da, eta zehazki bertan piraguetan egindako jaitsiera, “hil baino lehen nahi dut…” zerrendan apuntatu beharrekoa. Kantauri itsasoko ertzean bizi baldin bazara eta erdi sasoian baldin bazaude, behinik behin.

Duela urte mordo bat zerrendatik kendu nuen kanoen plana, ilea neukanean. Eta pasa den asteburuan bigarren aldiz igo nintzen Cuadongako santutegira eta aintziretara, aurrenekoa txikitan izan zelarik. Zorte handia izan nuen eguraldiarekin eta, euria lagun, ganorazko bisita suertatu zen. Bezperako sargoriaz libratu eta freskura itzuli zen paradisu hartara larunbatean, orbayu azpian ia-ia Vega de Arioko aterpetxeraino iritsi nintzen Ercina lakutik abiatuta, 5 orduko ibilbidean.

Peña Santa mendi-taldeak antolatuta, “Mendian hil. Hirian hil” proiektatu behar genuen Cangues d’Onís-en ostiralean, eta hara abiatu nintzen autokarabanaz. Asturiasen lehenengo aldia zen trilogiako dokumental bat aurkeztu ahal izaten genuela, horren aldetik beraz oso pozgarria. Goiko paragrafoan kontatutakoa ere gertatu zen, bigarren poza. Eta hirugarrena, domekan egindako mendi buelta dotorea, Pongako natura parkean, Peña Santakoek lagunduta eta Picu’l zorru gailurreraino igota. Azeririk ez, baina oreinak, sarrioak eta igaraba moduko bat topatu genituen.

Paradisuarena ez da amu turistiko soila, behin eta berriz familiarekin itzuli naizen lurraldea da hau, eta hiru Galeusca ere antolatu ditugu bertan (Horcaos Roxos, Picu Tesoreru, Peña Ubiña, Fontanes, Picu’l Vientu eta Cantu’l Osu). Hitzez hitzekoa da kontua.

Bestela, bizitzan behin eta berriz bidegurutzeetara iristen gara, eta bide bat edo bestea aukeratu behar dugu. Aurreko asteburuan benetan konplikatua zen hautua, Bilbon lagunekin sekulako musika plantzarra neukalako. Osasunaren alde egin nuen, itxura guztien arabera.

 

PD.- Santiago de Compostela edo Covadonga euririk gabe bisitatu baduzu, hobe duzu bueltatzea zorte klimatiko handiagoa izango duzunean. Eta, jakina, gauza bera aplikatu dakioke Bilbori. Gero eta zailagoa da kontua, baina ez ezinezkoa.

Gu sortu ginen enbor beretik…

…sortuko dira bertzeak.

Gaurko egunez, abuela ekarri gura dut gogora, bizitza erraza ez zuena eduki. Batetik bestera bizitokia aldatzen joan zena. Garai hartan senarrarengandik (abuelorengandik) banatu egin zena, geure ama aurrera atera zuena.

Gaurko egunez, amaz gogoratzen naiz. Gai izan zena gidatzeko baimena ateratzeko, zer eta hiri erraldoi hura gurutzatzeko eta geu txikitan eskolara kotxez eraman ahal izateko, Madrilen.

Gaurko egunez, arrebaz oroitzen naiz. Gai izan zena Albaitaritza ikasketak odolez, izerdiz eta malkoez aurrera ateratzeko. Gaur egun ez dakit albaitari hobeagorik topatu ahal izango duzuen Bizkaia aldean.

Gaurko egunez, amatxi oroimenera erakarri nahi dut, oroimena galdu zuena. Baina hitzak guztiz ahaztu baino lehen, hizkuntza berarengandik niregana iritsi zitzaidan. Opari erraldoi hau egin zidan.

Gaurko egunez, izebaz gogoratu nahi dut. Erizaina izanda, gure etxeko medikua izan zena. Berak hartutako lekukoa orain nik eramaten dut. Oroimena galdu baino lehen, berriro gogorarazi nahi diot.

Gaurko egunez, lehengusina gogoan dut. Bera ere bizilekua aldatzen joan da. Berak ere ikasketak odolez, izerdiz eta malkoez aurrera atera ditu. Zenbat pozten naizen berriro bat egin dugulako.

Eta gaurko egunez, azkenik, alabaz oroitu nahi dut. Enbor haietatik eta Errenteriakoetatik etorritakoa. Geu egongo ez garenean, espero dut mundua oraindik leku bizigarria izatea. Eta berak nahi duena izan ahal izatea.

Sorionegu

Iaz gehien aipatutako hitzen artean egon zen Arangurenen aurkitutako berba fosil zoragarria. Aurtengo negu harrigarri honek ekarritako elurragatik bizitako zorionarekin nahastuta, testu honen izenburua dator. Ekaitz Zilarmendiri irakurri niona, bertzalde. 

Negua, hotza eta euria, hala ere, postmodernitateak saihestu nahi dituen eleak dira. Heriotza eta zahardadea bezala. Ezkutatu beharrekoak, ahoskatuz gero erakarriko bagenituzkeen bezala. Pack berean ikusten ditut aspalditik, bizitzaren kontu itsusien artean sailkatutakoak. 

Jendartearen gehiengoak alde itsusia besterik ez die ikusten kontzeptu hauei. Batzuk, bitartean, beste aldea ere erakusten bagabiltza. Atzo, adibidez, MHHH dokumentala aurkeztu genuen Elizondon. Doluei buruzko trilogia honen dokumental batekin, lehendabiziko aldia izan da Baztanen egon naizela. Dolores Redondo bezala, trilogia eta guzi! 

Mikel Idoate eta Izarra tanatorioarekin batera egindako lehenengo kolaborazioa izan da, eta zorionez azkena ez da izanen. Ba atzo Mikelek, emanaldiaren promoa egitean Xorroxin irratian, “arratsalde polita” pasatzea espero zuela erran zuen. Eta hala izan zen, heriotza eta doluari buruz mintzatzen arrasti hotz-hotz polita igaro genuen. 

Beroa pertsonek ipintzen dugu, geure presentzia eta bihotzarekin. Milesker Mikel, Amaia eta Aizpeari, bakoitzari berea, badakizue zergatik. 

Sorionegu! 

Ispiluak

Argazkia: Amanda Elwell.

Zer ikusten dugu ispiluan gure burua begiratzen dugunean? Zer ikusten dugu ispiluan beste pertsona baten islada agertzen denean?

Ariketa interesgarria eskaini zigun Sara Buesak aste honetan, Gasteizko Europa jauregian, haren aitaren erailketaren urteurrenean. Gure burua ispilu batean begiratzea eta dena ikusten saiatzea: begirada, zimurrak, ilea, betzuloak, kokotsa… Nola dugu arima, haren ispilua den aurpegian zelan ikusten dugu?

Nola ikusten ditugu besteak? Gure tribukoak ez direnak zelakoak dira? Nolakoak dira munstroak? Hiltzaileak, bahitzaileak, torturatzaileak… Jon Sistiagak gogorarazi zigun psikopatak egon badaudela, gorrotoaren diskurtsoa politikatik, erlijiotik edo arraza kontuetatik garatu daitekeela. Zubiak suntsitzea, zubi pertsonak akabatzea eta ahots errukitsuak isilaraztea suminetik datozen ekintzak dira, gorroto horretatik piztutakoak.

Sarak ahoskatu zuen ahaztutako hitz bat, “erospena”. Berrerospena, erredentzioa. “Su redención pasa por nuestra reparación”. Biktimagileen erospena geure ´pekamenaren bidez dator. “Pekamena”, beste ahaztutako hitz bat. Ordain, konponketa. “Oroit gutaz!”, erranez bezala.

Eta hitz egin zuen komunitate errukitsu integratzaile bati buruz, orain (oraindik) ez garena. Bide horretan gabiltza banakako hankabiko batzuk. Otsailaren 22an Bitorixan bildu ginen batzuk, aringarria izan zen ekitaldian.

Bertan egon nintzen nolabait “S(u/a)minetik bakera” taldearen izenean, ispilu haietara begira. Eta aringarriak izatea nahi ditugun emanaldiak eskainiko ditugu Ariben apirilaren 22an eta Zalduondon maiatzaren 5ean.

Ez ditzagun ispiluak apurtu.

Soinu paisaiak

Argazkia: Jana Winderen.

Aurreko astean Irratiaren Mundu Eguna ospatu genuen. Gizakiek inoiz egindako asmakizun handienetarikoa. Ezinbesteko bidelagun hura hainbat etxetan eta kotxetan. Gure etxean bai behintzat, gurasoenean eta oraingoan.

Azken hamarkada parean, kontu batengatik edo bestearengatik, deskubritzen ari naiz irratia gertuagotik, mikrofonoaren aurrean. Tarte ederrak pasatu ditut, egia esan, kate potoloagoetan (Euskadi Irratia bezala), edo txikiagoetan (Bilbo Hiria Irratia, Segura Irratia edo duela gutxi ezagututako harribitxia, Burgosko iparraldean, Radio Valdivielso).

Gazteleraz askoz saio gutxiago egin ditut, baina aurreko astean grabatu nuen Patxi del Campo lagunarekin “Distrito Euskadi” irratsaiorako Radio Euskadi): “Nosotros en cuidados paliativos vamos en segunda y, muchas veces, en primera”. (eitb.eus)

Programa horretan, duela urtebetetik gora, Patxi ari da osatzen soinu paisaien inguruko puzzle handi bat, bereziki isiltasunaren inguruan, entzute aktiboaren garrantzia nabarmentzen. Horri buruz egin genuen berba, hain zuzen ere, lehengo egunean, goian dagoen linkaren bidez entzun dezakezuen moduan.

Soinu paisaiak… Izenburu horrexekin idatzi zuen Samara Veltek artikulu ederra “Berrian”. Amaieran, honela idazten du: “Oxala guk ere datu basetxo intimoa sortu bagenezake, denborarekin bizitzatik galdu ditugun ahots-doinuak, desagertutako lagun bakoitzaren adierazpen bereziak eta hitz egiteko moduak noiznahi erreproduzitu ahal izateko“.

Horixe bera proposatzen du Jorge Nagorek, “Mendian hil…”-en pasarte hori gogoratzen baduzue (gaztelaniaz jaorrizkoan): “Gauza bakar bat: Grabatu ezazue, baldin ez badaukazue, zeuen amen, aiten, seme-alaben, bikotekideen eta abarren ahotsa. Grabatu itzazue. Haiek jakinda edo jakin gabe ere. Hori gutxienekoa da“.

Izarra

Luna izeneko kontzejua dago Kuartango udalerrian Arabako mendebaldean. Izen zoragarria, entzun nuen lehendabiziko aldian txunditu ninduen. Bilbon bizi ginenean, sarriagotan ibiltzen ginen bazter haietan, gertuago zeudenez.

Ilargia… eta izarrak. Aurreko astean, aspaldiko partez, itzuli nintzen zonalde hartara. Ondoko udalerria bisitatu nuen, Urkabustaiz. Bertan dago Goiuriko ur-jauzi ezaguna (argazkian). Gainetan, elurra zegoen lehengo egunean, baina jauzian ur asko ez zen amiltzen. Euria faltan.

Izarrako Kultura Etxean proiektatu behar genuen aurreko ostegunean MHHH. Urteko lehenengo proiekzioa. Nerea lankide ohiak eta Murgiako osasun zentroan dabilen jendeak antolatu zuten emanaldia. Jende ugari etorri zen, besteak beste Alberto, Arantza eta Miren bidelagunak. Heriotza eta bizitzari buruzko hausnarketak sustatu nahi dituzte Gorbeialdeako txoko haietan, Death Café bat ere antolatu dute. Eta gai hauek hartuta gustura ibili ginen solasean, euskaraz gainera.

Hortik gertu, urte batzuk lehenago, AH-ekin egon nintzen, Zigoitian. Orduko giroaz gogoratu nintzen. Orduko ilargiaz, eta orduko izarrez.

“Doluan daudenengana hurbiltzeko beldurra galdu behar dugu” (Alea aldizkaria).

Bakardadea

“New York movie” (Edward Hopper).

Kai txakurtxoarekin mendira joaten hasi nintzenetik, jada ez naiz bakarrik sentitzen bakarrik joaten naizenean, beste gizaki batekin joan barik alegia. Estigma soziala dauka bakardadeak, ukitu negatiboa.

Aste honetan bakarrik joan nintzen bakardadeari buruzko hitzaldi bat entzutera, Azpeitiara. Ainhoa Becerrak Foru Aldundiako “Hariak” estrategia azaldu zigun, Adinberri programaren barruan, besteak beste Zarautzek eta Azpeitiak bat egin duten egitasmoa. Norbanako moduan, gainera, atxikimendua adierazi daiteke on-line. “Hariak kantuz” programa izugarri ederra iruditu zitzaidan. Baita Legazpin egindako belaunaldien arteko ekimena ere.

Bakardadea dator komunitatearen parte sentitzen ez garenean. Maitatuak sentitzen ez garenean. Javi Yanguasek azpimarratu zigun bakardadea ez dela gaixotasun bat, egoera bat baizik. Azpian doluak eta hutsuneak egoten dira gehienetan, guztietan ez esatearren.

Ezberdindu zigun zer den bakardade soziala eta existentziala, eta bigarren honetan sakondu zuen: Krisialdiekin lotuta dago. Isolamendua, alienazioa eta hutsune existentzialarekin lotuta dago. Bizitzaren amaierarekin uztartuta dugu, halaber. Eta nabarmendu zuen bizitzaren zentzua topatzearen garrantzia, horretan hausnartzera gonbidatuz, ariketa fisikoa egiteaz eta bizitza jarduerekin okupatuta izateaz gain. Izandako bizitzarekin gogobetetasuna sentitzea.

Eta begirada eudaimonikoa. Plazer mota biak lantzeko beharra: Hedonikoa (guk geuk gozatzeko) eta eudaimonikoa, besteei laguntzen diegunean sentitzen dugun zoriona.

Soledad ez da bakarrik bizi. Eta ez dakit bakarrik sentituko den, espero dut ezetz. Hego Euskal Herrira etorri zen Hego Amerikatik duela oso gutxi, eta minbizia oso zabalduta dauka. Egingo dugu ahal duguna, eta plazer mota hori (izen arraroduna) berriro sentituko dugu. Astero bezala.

Hili

Haurrei zuzenduta dago liburua, helduek aurre egin nahi ez dieten galderekin osatuta. Galdera existentzialak dira, denok modu batean edo bestean txikitatik egiten ditugunak. Hasieran ahoz gora galdetzen dugu, baina erantzunik jasotzen ez dugunez, isilik joaten gara gelditzen. Eta barruan gordetzen dugu larritasuna: Larritasun existentziala.

Galdera sinpleak dira, funtsean. Eta umeek ez ezik helduok ere planteatu ditzakegu:

Betiko hiltzen gara. Noiz arte, ordea?

Noiz hasten gara hiltzen?

Jaiotzea alderantziz hiltzea da?

Ilunabarrez hiltzeak logikoagoa dirudi egunsentian hiltzeak baino.

Izarretan dauden hilak, itzali egiten al dira goizean?

Hildako txoriak, zeruan lurperatzen dituzte?

Haurtzarotik, eskoletan heriotzaren inguruko pedagogia neskatila-mutikoek jaso beharko zutela esaten dute hainbat gurasok. Halaber, guraso guztiok pedagogia hori etxean bertan egiteko aukera daukagu. Geure beldur propioak ere uxatzeko bide on bat izango litzateke. Eta “Hili” liburu ilustratua horretarako tresna ederra da.

Uxue Alberdik idatzi ditu testuak, eta Araiz Mesanzak marrazkiak egin ditu.