Diasporako urteak izan ziren 1980ko hamarkada guretzat. Erreala eta Athletic Valladolidera joaten zirenean, han egoten ginen geu, “neumoniaren estadioan”. Behin Errealaren atzetik Salamancara ere hurbildu ginen, zuri-beltzak Lehen Mailan egon ziren denboraldiren batean.
Baneukan lagun bat Valladolideko ikastetxean, saskibaloi zalea zena, nire moduan. Miguel zuen izena. 19 urte zituenean, trafiko istripu bat izan zuen, eta berarekin batera zihoazen bi lagunak ere hil ziren. Garai hartan, beste lagun pare bat ere istripuz hil ziren, modu desberdinetan. Markatzen zaituzten gertaerak izan ziren, baita aurretik familian izan nituenak ere.
Kontua da Miguelen heriotzak bereziki ukitu ninduela, hainbeste non oraindik sinesten ez dudan zerbait egin nuen. Haren gurasoak etxez aldatu ziren, semea hil ondoren, eta gu lehenago bizi ginen etxeetara etorri ziren. Neu ordurako karreran nengoen, Madrilen, ez nintzen han bizi. Baina, ez dakit zelan, jakin nuen zein ataritan bizi ziren. Ezagutzen ez nituen arren, idatzi nien gutun bat, doluminak adieraziz eta neuk sentitzen nuen atsekabea konpartituz (!). Ez galdetu nondik atera nuen adorea, ez dakidalako. 19 urterekin, saskibaloian jokatzea eta kalera ateratzea gustatzen zitzaion mutil gaztea nintzen, nire ingurukoak bezala. Ezohikoa izan zen gutunarena, baina esan bezala heriotzarekin neukan nik zerbait ordurako.
Urteak igaro ziren ordutik, ez zeuden telefono mugikorrak edo posta elektronikoa garai haietan, beraz ezin izan zidaten erantzun Miguelen senideek. Baina, duela 4 urte, haren amak topatu zuen gutuna, garbiketak egiten edo horrelako zerbait. Eta Miguelen arreba harremanetan ipini zen nirekin Facebooken bidez, Laura. Neure arrebarekin ikastetxe berean egon ziren biak, Miguel eta biok legez. Eta jakinarazi nahi izan zidan, mezua idaztean, gutunarena zerbait berezia izan zela eurentzat eta esker ona adierazi. Bizitza tarteka harrigarria eta ederra da.
Telefonoz hitz egin genuen, baita inoiz elkar topatzeko nahia konpartitu ere. Lehengo egunean, Salamancatik bueltan, lortu genuen. Bizi gara!
Etika izan da pasa diren egunetako SECPALeko jardunaldien ardatza. Filosofiarekin hain lotutako arloa, Unamunori hain lotutako hirian. Geure amari hainbeste gustatzen zitzaion hirian. Udazkenaz eta ganoraz jaso ninduena, fresko, euritsu eta eder.
Aurretiazko borondateak eta partekatutako plangintza izan zen jorratutako gai nagusietako bat. Iñaki Saralegui eta Tayra Velasco izan ziren hizlari mahai-inguru bikain batean. Kalean bizi testamentua deitzen dena, normalean, formatu standard batean dator, aukera handiago edo txikiagoarekin dokumentua sinatzen duenak gauzak gehitzeko. Osakidetzan erabiltzen dena, horren aldetik, nahiko zurruna da. Zarautzen ekainetik gabiltza dokumentuak egiten eta horretan konturatu gara. Eta horren aurrean, eredu narratiboa deiturikoa idealena izango litzateke, testu libre irekiarekin. Hau da, dokumentuaren egileak hasi eta buka idatziko duena, aurrez diseinatutako inolako formaturik gabe.
Etikari buruzko jardunaldi batean, honetan maisua den Diego Gracia handiak ezin zuen falta. Mallorcan ere egon zen iaz, eta orduan bezala aurten ere nola zahartzen ari den nabarmena da. Nik betiko gordeko dudan irudia beste bat da, nire unibertsitate ikasle garaikoa, bera izan bainuen irakasle Madrilen. Orduan izango zuen Gracia jaunak nik orain dudan adina, gutxi gora-behera. Denok goaz zahartzen, hala da. Lehengo eguneko hitzalditik, esaldi batekin ere geldituko naiz: “Ondo egindako lana gelditzen da, beste guztia igari eta desagertzen da”.
Bestela, mahai-inguru zinez interesgarri batean murgildu nintzen lehengo egunean, zainketa aringarri goiztiarrei buruzkoa. Borja Mugica psikoanalistak oso kontu oinarrizko bat ukitu zuen: Subjektiboa dena ezin dugula objektibatu, sufrimendua edo heriotza ezin ditugula sistematizatu edo kuantifikatu. María González medikuak gure espezialitateak daukan estigma gogorarazi zigun, kaputxa beltza eta segarekin lotzen gaituena. Sedazioak ipintzeaz gain hainbat lan egiten ditugun arren, are gehiago paziente eta familiekin azken hilabetean baino askoz lehenago hasten baldin bagara.
Esker onarena izan zen beste puntu gako bat mahai-inguru horretan, Daniel Fernández-ek osatu zuena. Gune terapeutikoak sortzen ditugulako gizartean aipatu ezin denaz hitz egin ahal izateko, senitartekoak ere kontuan hartzen ditugulako, denbora eskaintzen diegulako, entzuten ditugulako. Amaitzeko, komunikazioa indartzeko garrantzia jorratu zuten, talde-lana sendotzeko, burn-out gutxitzeko. Bikaintasunaren bila aritu behar garela esaten du Etikak, eta profesional bikainak izaten saiatu behar gara, baina agian nahiko edo oso onak izatea ere bikaina da. Perfektutasunean nik behintzat ez dut sinesten.
Beste mahai-inguru batean, egoera zailei buruz jardun zuten hiru esparrutatik. Neurologiatik, gaixotasun neuroendekatzaileak izan ziren aipatutakoak (Dolores Calabria): Alzheimer, ELA, Parkinson eta Creutzfeld-Jakoben gaixotasuna (azken honen gaixorik ez dut ikusi nik orain arte, “behi eroen” gaixotasuna da). Esaldi batekin gelditzen naiz. “Baliotsua dena ez da produktiboa”, zainketen balioa aipatzean.
Ana Ayesta-k, Kardiologiatik, askotan ikusten duguna ekarri zuen: Errazagoa da gauzak egotea ez egitea baino. Adibidez, errazagoa da bihotz kateterismo bat egitea ez egitea baino. Komunikazioa lantzea zaila delako, proba bat zergatik ez den egin behar ondo azaltzeko denbora hartu eta eseri behar garelako eta ondo ahalegindu ulertarazteko. Zerbait egitea alferrikakoa baldin bada, egokia ez bada, ahalegin terapeutikoa mugatu behar dugu. Depreskripzioarekin egiten dugun moduan, edo odol-transfusioekin.
Azkenik, Miguel Angel Cuervo (hizlari eta gizon aparta) Neumologiatik aritu zen, nire arlo kuttunetik. BGBK-ko gaixoei buruz, zehazki. Arnasestuaz gain, ez dugula ahantzi behar sintoma psikiatrikoak, hain ohikoak dituztenak, antsietatea eta depresioa bikotea, alegia. Arnasestua bera tratatzeko, kortikoideak, nebulizazioak eta morfinaz gain, farmakologikoa ez den tratamendua azpimarratu zuen, nik behintzat erabiltzen ez ditudan teknikak.
Aurten ere posterra eraman dut, “Consulta de Cuidados Paliativos en un hospital comarcal. Evaluación de una trayectoria de 7 años”. Ez dakit 200era iritsiko ziren aurkeztutako posterrak, baina 150etik gora zeudela ziur nago. Horietako asko mamitsu eta interesgarriak, hainbat jenderen hilabeteetako lanaren ondorioa direnak. Ederra izan zen amaiera Mónica Lalanda-rekin eta komikiekin. Ederra da mugimendu hau guztia ikustea, 500 pertsonatik gora jardunaldi hauetan izena emanda. Hain bakarrik eta hain martziano ez sentitzeko balio dute foro hauek, zalantza barik. Eta gure bizitzetatik igaro diren pertsona ederrak gogoratzeko eta omentzeko, Juan Pablo Leiva bezala, SECPAL-eko presidentea izandakoa eta orain dela gutxi batzuk bat-batean hil zena. Gugan bego.
Hurrengo postean kontatuko dizuet Salamancatik nentorrenean, Valladoliden gelditu nintzenean, gertatutakoa. Bizitzak tarteka ekartzen dizkiguten gauza handi horietakoa izan dela esan dezaket.
Aste honetan, bazkaria izan dugu paradisutik gertu, edo paradisuan bertan (ikusi argazkia). Lagun zaharrak bildu ginen, eta topa egin genuen bizitzaren alde. Baita hurrengo urteko bazkariaren alde ere, aurtengoa hasi berria genuenean. Hemen eta orain egon ordez, etorkizunari begira bizi gara, sarritan.
Oraindik ez dugu MHHH behar duen moduan aurkezten amaitu, eta fede on guztiarekin galdetzen didate hurrengo proiektuari buruz. Oso bitxia da, hilabete honen bukaerarako Gasteizen eskatu zigutelako AH-en proiekzio bat egiteko, txingar haiek ere oraindik guztiz amatatu barik daudelako.
Baina bai, beti dago hurrengo egitasmo bat, eta dagoeneko hasita nago martxan. Ikus-entzunezkoekin ez dauka zerikusirik. Baina bai aspaldi-aspaldiko amets batekin, “zortzimilako” dotore batekin. Orain seme-alabak koskortuta daudela, orain aukera dagoela on-line egiteko (azken urteak Zoom-ak madarikatzen eman eta gero), orain ekin diot Kataluniako Zainketa Aringarrietako Masterrari. Ilusio osoz, orain urrian hasita eta datorren urteko iraila arte. Berriro ikasle.
Eta gaur, hain zuzen ere, Z.A.-etako nazioarteko eguna da. Egunerokoan egiten duguna aldarrikatzeko data. Beldurrak uxatzeko data. Kontzeptuak argitzeko data. Komunitate errukitsuak zer diren, errukia zer den, argitzeko data.
Aurtengoa etorri da espero bako albiste hits baten ostean. Z.A.-etako espainiar elkartearen presidentea, Juan Pablo Leiva, hil delako. Bat-batean, batzuetan heriotza datorren era horretan. Nire adina izango zuen Juan Pablok, gutxi gora-behera, bizitzeko adina alegia. Zinemalditik bueltan, Zarautzen gelditu zen, Bilborako bidean, eta malekoitik paseatzen topatu ginen. Jende dotoreak duen dotorezia erakutsi zidan, orain dela pare bat aste eskas. Paliatibistak neurri handi batean ekintzaileak ere bagarela esaten zuen. Eta arrazoi osoa zeukan. Geure esparrua ez dago guztiz garatuta, ezta ulertuta ere. Eta horregatik jarraituko dugu aktibismo honetan. Gizon dotore honen eta beste hainbaten omenez.
PD.- 1964ko urriaren 14an, gaur bezalako egun batean, Martin Luther Kingek Nobel Saria jaso zuen. Ia 4 urte geroago erahil zuten. Bakeak hain gutxi irauten du? Palestina-Israelen, behintzat, oso gutxi.
Pazientzia behar duzu, handia. Errespetatzeko gaitasuna edukitzea, nahiz eta zure printzipioen aurka joan zaintzen ari zarenak eskatzen dizuna, nahiz eta ez ulertu. Prest egon behar zara pertsona hori galtzeko. Argi izan behar duzu zaintzaileak bere burua zaintzearena ez dela esaldi polit bat, besterik gabe. Isiltasuna kudeatzen jakin behar duzu. Umorea baliatzen jakitea ere oso garrantzitsua da, noiz erabili eta noiz ez. Izan ere, umorea da eraikuntza masiboaren arma bikaina. Artea da hau guztia aurrera eramatea.
Maitasuna beharrezkoa da, noski. Eta ontasuna behar duzu, bihotz ona izatea. Bihotz onegia, barne, batzuetan. Esate baterako, zeure bikotekide ohia haren bizitzaren amaieran zaintzeko. Maitasuna agortu zen, noizbait. Are gehiago, gorrotoa piztu zen. Baina errukia dela-eta, itzultzen zara, eta jagole lanetan jarduten duzu. Bihotz handiegia dela-eta.
Behin baino gehiagotan bizitza errealean, kontsultan, ospitalean ezagututako kasuak dira hauek. Beti konbinazio bera: Gizona zaindutakoa eta emakumea zaintzailea. “Bihotz handiegia” liburuan bezala, Eider Rodriguezena. Primeran deskribatuta daude tentsioa, iragana, oraina, onberatasuna, gupida. Aita, ama, alaba, txakurra, amaren bikotekide berria. Literaturaren artea.
Artea da zaintzea. Honi buruz solastatu ginen Arrasaten aurrekoan, Nagusien Kontseiluak antolatutako astean. Zainketen etikaz. Duintasunaz, autonomiaz, justiziaz, ekitateaz. Berba potoloak, definitzen kostatzen zaigula, haietako batzuk behintzat. Abantaila da denok izan dugula inoiz beste pertsona bat zaintzeko bizipenen bat, umea izan ala heldua. Adin batetik aurrera, behintzat, ia seguru. Eta emakumezkoa baldin bazara, are seguruagoa.
Bermatuta duzu. Gazteleraz Madril, Buenos Aires edo Bilbon. Frantsesez Paris, Brusela edo Baionan. Ingelesez London, Sidney edo Cardiffen. Baina urrunago duzu zeurea hizkuntza gutxitua baldin bada, baita hiztun kopuru handiko guneetan ere, UEMAko lekurik euskaldunetan ere.
Katalanez jaio, hazi, bizi, gaixotu, zahartu eta hil. Euskaraz bizi (hil) nahi dut. Korrontearen aurka jaio, hazi, bizi, gaixotu, zahartu eta hil. Bizi testamentu edo Aurretiazko Borondateen Dokumentuaren bitartez, xehetasun handiz zehaztu dezakezu nola nahi duzun, non eta norekin, zure azken hatsa bota. Zein tratamenduri uko egin, non dauden zure marra gorriak, zelakoa den zure duintasunaren neurria, zein abestia nahi duzun ipintzea zure hiletan, zer gura duzun egitea zure gorpuarekin. Inork ez dizu erradikala deituko, eutanasia eskatzea ere legala da. Beste guztia ez dira kapritxoak, zure borondatea da, errespetua zor zaiona.
Baina ez eskatu bigarren mailako hizkuntza batez hiltzea, mesedez. Ulertu behar duzu horretan ere mediku objetoreak daudela. Eutanasian, mediku objetore bezala eskubide osoa duzu horrelako prozesu batean parte ez hartzeko. Pazienteak eskubidea dauka eskatzeko, baina medikua ados ez badago prozedura honekin, kontzientzia, pentsamolde, sinesmen, ideologia edo dena delakoagatik, eskubidea dauka parte ez hartzeko. Askatasuna alde guztiek izan behar dute. Baina, aldi berean, mediku objetoreak ahalbidetu behar du pazientearen eskubidea beste mediku baten bitartez, hiltzeko prozesu hartan lagunduko diona.
Zergatik ez da hau gertatzen galegoz hil nahi duen pertsona batekin? Zergatik galizieraz ez dakien medikuak ez du gaixoa hizkuntza dakien beste lankide baten eskuetan lagatzen? Espanturik gabe. Kalifikatu gabe. Gaixoaren borondatea errespetatuz. Zergatik hain zaila da ulertzea duintasuna erabat subjektiboa dela? Zuretzat eta niretzat gauza ezberdina dela duintasuna.
Amaitzear dagoen hilabete honen hasieran, Carme Junyent (argazkian) hizkuntzalari katalan handi, aitortu eta saritua hil zen. “Morir-se en català” artikulu gogoangarria idatzi zuen, hil ondoren argitaratzeko eskatu zuena. Bertan, haren bizitzaren amaieran osasungileekin izandako harreman gazi-gozoak deskribatzen ditu. Adibidez, zelan sendagile “objetore” batek galdetu zion zergatik zeukan arazoa gazteleraz atenditua izateko. Carmeren erantzuna: “Nire arazoa da bizitza osoan borrokatu naizela jendea katalanez hil ahal izateko. Orain, niri egokitu zaidanean, kontsekuentea izan behar dut“. Halaber: “Nire ustez, medikuntzako profesionalek, eta bereziki haien hezitzaileek, argi izan beharko lukete hizkuntza tratamenduaren parte dela. Jakina, Estatu Batuetan eta Alemanian hitz eginez gero, ez dugu espero katalanez artatuko gaituztenik. Baina gure etxean espero dezakegun gutxienekoa da”.
Horixe beraz, mediku (erizain, psikologo, auxiliar, zeladore, fisioterapeuta, administrari…) onak eta euskaldunak.
Andoni Egaña handiak idatzitako artikulua irakurri berri dut egunkarian, “Aurreritziak”, bikain jasotzen duena sarritan (sarriegitan) praktikatzen dugun kirola: Besteak aldez aurretik epaitzearena. Gure burua babesteko modu bat izango da, hainbestetan aipatzen den “confort” gunetik ez ateratzeko defentsa modua, euskaraz “bertan goxo” egoteko esaten dena.
Testua idatzi du Jordi Evole kazetariak Josu Urrutikoetxeari egindako elkarrizketarekin ekoiztutako dokumentala aipatuz, laster hasiko den Zinemaldian estreinatuko dutena, “No me llame Ternera” izenburukoa.
Aldez aurretik itxita egon zaitezke ETArekin hain lotutako pertsona bat ateratzen delako. Aldez aurretik itxita egon zaitezke Évole jauna ez duzulako gustuko. Aldez aurretik itxita egon zaitezke gelditu zarelako 2003. urtean ainguratuta, duela 20 urtetik ez duzula ezer jakin nahi, Julio Medemek“La pelota vasca” dokumentalarekin mugarri handi bat ezarri zuenean eta boikot deiekin bat egin zenuenean. Ordutik, akaso, ez duzu Medemen ezer ikusi nahi izan.
Eta 2003tik baldin bazaude horrela, eta ez askoz lehenagotik, gaitzerdi. 1975etik adibidez, edo 80. hamarkadako manifestazio eta pankarten leloekin katigatuta. Neu ere, aldez aurretik itxita nago “Patria” eleberriarekin, adibidez, idazlearen jarrera ideologikoak uxatuta. Denok ditugu gure blokeoak. Eta desblokeoak.
Hernanin, adibidez, “entzuteko eta entzuna izateko”. Aldez aurretik zabalik egon behar zara prozesu erreparatzaileetan parte hartzeko, zirkulu errestauratiboetan. Hamabi pertsona oholtza gainean, Herritar Foroak antolatuta. Suminetik eta saminetik bakerako ibilbidean, geu ere leku berean eta elkarte berak gonbidatuta egon ginen duela 3 urte. Eta esan dezakedana da, ibilbide honetan guztian, aldez aurretik apur bat zabalik egotea, zeure tributik pixka bat aldenduta beste triburen bat ezagutzea, erreparatzailea eta errestauratiboa dela. Ustekabe ederrak hartu ditzakezula.
Zinemaldian adi egongo naiz, baita beste “patria” baten aldeko pertsona interesgarrien mugimenduekin ere.
Pelikula hau bizitzaren grina handiei buruzkoa da. Zehazki, irrika baten ingurukoa da, baina izan zitekeen beste baten bat. Zeurea adibidez. Bizi-bizirik sentiarazten zaituen hori, bizitza bera arriskuan jartzeraino barne. Pelikula hau urpekaritzari buruzkoa da, mugak bilatzeaz, muturrak non dauden esploratzeaz. Mendiarekin esan dugun guztiari buruz, baina itsasoan kokatuta.
Netflixen ikus-entzun nuen lehengo egunean dokumental britainiar hau (Laura Mc Gann, 2023). Stephen irlandarra eta Alessia italiarra lotzen ditu patuak edo dena delakoak. Nondik datorren bakoitza urpeko muturreko jarduera honetara, pelikulak kontatzen du. Munduko markak, aitzindariak, bidean gelditutakoak.
Esan bezala, mendian topatu dezakezun zaletasuna, itsasoan aurkitu dezake beste norbaitek. Muturreko zaletasunei gabiltza oraingo honetan. Ziur aski abeslari edo talde bat suhartasunez jarraitzeak kontzertuz kontzertu, opera, margolaritza edo antzerkia kartsuki maitatzeak ez zaitu garretan ipiniko, ez zaitu erreko. Ez duzu bizitzan arriskuan ipiniko. Futbol taldeekin ezin zara hain seguru egon, indarkeria tarteko, baina horra beste adibide bat.
‘Dana emon behar jako maite dan askatasunari’. Lauaxetak ere bizitza eman zuen, ez modu askean noski, baina azken finean sinesten zuen horretan sinetsita. Itsasora itzulita, muturreko urpekari hauek ere dena ematen diote maite duten askatasunari, itsas sakon-sakonean murgilduta, arnasari luze eutsita. Giza mugak miatzen, ‘record’ berrien bila.
Ulertezina gutariko askorentzat, baina ariketa da besteen grinaren ordez zeurea ipintzea, konprenitu nahian. Bizirik eta aske sentiarazten zaituen hori, betetzen zaituena. Orduan errazagoa da ulertzea. Pertsona bakoitzaren inguruan dauden beste horien guztien askatasuna eta nahiak ere kontuan hartuta.
Norberaren askatasunaren mugak gure ingurukoen askatasunaren mugak dira, azken beltzean. Edo horrelako zerbait. Asteburu on!
Hau ere Bizkaitik dator, beste haize ufada fresko bat, beste zerbait desberdin. Nerea Arrienen “Jende likidoa” bezala, azken hilabeteotan irakurritako beste harribitxi bat da.
Oihane Amantegi, ipuin honen egilea, Humbertoren alaba da. Aita udaren hasieran ezagutu nuen, eta berak oparitu zidan liburua, gaia zein den kontuan hartuta, eta egun hauetan irentsi dut. Ezin dut beste modu batean deskribatu, ez denez ‘irakurri’ izan. Ez da ohikoa dolu perinatal batez idaztea. Ez da ohikoa ahizpa baten ahotsetik kontatzea. Ez da ohikoa aukeratutako kokapen geografikoa, AEBetako hegoaldean nonbait. Nonbait hartako ibai baten ertzean.
Ausardia horrek saria du, zalantzarik gabe, lehenik eta behin irakurlearentzat. Liburu bat amaitu ostean sentsazio atsegin horrekin gelditzea ez da beti gertatzen, sentsazio musikal horrekin, are gutxiago. Oihanek gogorarazi dit, gainera, geure aitak zeukan ohitura bat, txikitan zai-zaila iruditzen zitzaidana: Harmonika jotzearena. Beste bitxikeria bat, liburuaren pasarte batean baino gehiagotan ateratzen dena. Nahiko onirikoa da dena, Karonteren aipamena, emakume afroamerikarren agerpena, ibai izoztuena…
Udan ez da bizitza gelditzen, noski, ezta heriotza ere. Oporretatik bueltan, aste hauetan hildako pazienteen azken egunak nolakoak izan diren nabil aztertzen, istorio klinikoak ixteko eta txostenak idazteko.
Horien artean, aspaldian ezagututako Antonio egon da, Luis ahaztezinaren laguna, eta denbora luzean kontsultan atenditutakoa, baita azken hilabete hauetan haren bizitzaren amaieran ere. Futbola zen gure arteko hizketagai nagusietakoa, umore klabean, bera zurigorria eta neu txuri-urdina. Aurrez aurre begiratu zion heriotzari azken partidan, soseguz.
Gaizkarena ere oso harreman berezia izan da. Antoniorengandik oso gertu bizi zen, baina gure solasaldiak beste bide batzuetatik joaten ziren. Gaixo guztiek euren istorioak eta berezitasunak dituzte, guztiak gogoratzeko modukoak. Gaizkaren kasuan, plus bat egon da. Alaba izan da, lehenik eta behin, plus hori, lankidea eta hori baino gehiago. Berak ere hasieratik, lehenengo kontsultetatik, heriotzari aurrez begiratzen hasi zitzaion. Eta bitarte honetan guztian, bitartean, bizi. Bizitzari azken tantak atera arte bizi ere.
Konfiantza da bi pertsonen artean egon daitekeen baliorik handienetakoa. Arlo profesionalean ere hala da, hori gabe lotura terapeutikorik ez dago. Kasu gehienetan lotura hori sortzen da, ez guztietan, baina Antonio eta Gaizkarekin bete-betean sentitu nuen. Baita Joaquinekin ere.
Post hau amaitzeko, asteburu honetan hil den pertsona berezi-berezia oroitu nahi dut. Bakarrik bizi zen, bakarrik etortzen zen kontsultara. Senideekin harremanik ez zeukan, mesfidantza nabaritu nion munduarekin orokorrean ezagutu ginenean. Irakurrita neukan ez zuela beti telefonoa hartzen, zaila zela komunikazioa. Eta niri ere gertatu zitzaidan hastapenetan, nahiz eta denboran aurrera lotura indartsu bat pizten joan den. Bera bezalako pertsonarekin hura lortu izana oso pozgarria izan da niretzat, eta pentsatu nahi dut berarentzat segurtasun puntu bat izan dela. Amaiera dotore-dotorea izan du(te).
Aitor lagunak liburua helarazi zidan, izenburua erabat erakargarria duena. Zientzialari eta idazle baten arteko elkarrizketa da, zientzia eta mitoaren artekoa, burua eta bihotza elkarri begira.
Umorez hasten da liburua, hasierako atalaren tonua aparta da. Juan José Millás idazleak apur bat Woody Allen-en rol neurotiko eta dibertigarria hartzen du, Juan Luis Arsuaga antropologoak alde arrazionalari eusten dion bitartean. Gure barnean dauden bi aldeak ondo islatuta gelditzen dira biengan, abstrakzioa eta zehaztasuna, sentitzea eta pentsatzea.
Filosofia irakaslea oso ona izan nuen gaztetan, jesuita gaztea zen, pasioz betetakoa, eta hainbat gauza iltzatuta gelditu zaizkit orduko irakaspenetatik. Besteak beste, mitoa eta zientziaren arteko eboluzioari buruzko grafika. Zelan gizateriaren hastapenetan dena zen mitoa, pentsamendu magikoa, eta nola mendez mende azalpen arrazionala joan den garatzen eta gailentzen. Zelan Jaungoikoa hil dugun beste jaungoiko ugariri bidea zabaltzeko, jainkotasuna atomizatzeko. Oso eztabaida interesgarria da, liburuan ondo jasota dagoena, baina eguneroko bizitzan ere behin eta berriz adierazten dena.
Egunerokotasunetik kanpo, bidaiatzen egon gara hiru astez familian, eta ohiturei salbuespena ezarriz, ‘best-seller’ bat hartu nuen abiatu baino lehen herriko liburutegitik. Liburuaren kokapenengatik hautatu nuen “Origen” (Dan Brown) eleberria, Bilbo, Bartzelona eta Budapest, hain zuzen udako bidaian bisitatu dugun bi hiriburu egon dira hiru haien artean. Liburuaren mamia, bestela, Arsuaga eta Millás-en testuaren hariarekin oso lotuta dago: Erlijioak itzaltzea eta, haien ordez, Zientzia nagusitzea. Horrela, hizki larriz.
Sapiens eta Neandertal-en elkarrizketara itzulita, zahartzea eta heriotzaren aurkako ahalegin zientifikoek argitalpenaren zati handi bat hartzen dute. Gizakia jainko lanetan, alegia. Ahalguztidunak izateko bidean. Misterio handien kontra edo eurak argitzeko (alferrikako) esfortzu erraldoietan murgilduta.