Zaraitzu

1988ko Aste Santuan egon nintzen lehenengo aldiz Otsagabian. Gurasoekin, anaia eta arrebarekin eta beste familia batekin izan zen. Ondo gogoratzen naiz urteaz, Errealak egun haietan jokatu (galdu) zuelako Errege Kopako finala Barçaren aurka. Udaberria zen, baina dena elurtuta zegoen. Orreaga ere bisitatu genuen. Hain izan zen zoragarria, non hurrengo Aste Santuan lekua errepikatzeko eskatu baigenien gurasoei, aho batez bi familietan.

Ez ziguten kasurik egin, eta hurrengo urtean León-go probintziara joan ginen. Pasatu ziren urteak, ia 10 urte, eta lagunekin itzuli behar izan nintzen Otsagabiara. Gogoratzen naiz Tafallan Nafarroa Oinez izan zelako, 1997ko urrian, eta asteburu hartan ere Iratiko oihanean ibili eta Orhi mendira igo nintzen lehendabiziko aldiz.

Apur bat geroago Maider izeneko neska bat ezagutu nuen Arrasaten, ospitalean lankideak ginen, elkarrekin ibiltzen hasi ginen eta asteburu batzuk pasatu genituen Otsagabian. Abodiko bazterrak, Muskildako baseliza… Esan zidan ez zela oso ezkontzeko zalea, baina inoiz egitekotan, Muskilda moduko leku batean izan beharko zela.

Esan eta izan (edo ia-ia). Maider izeneko neska eta biok ezkondu ginen Otsagin 2005eko apirilean. Elurrak bazter guztiak estali zituen, baita Muskildarako bidea ere, beraz herrian bertan ospatu genuen dena. Badago dorre itxurako eraikina Urrutia auzoan, horma bat pilotaleku moduan erabili izan zena beste garai batzuetan, eskola izandako beste eraikin haren aurrean, plazaren bestaldean. Ba hortxe.

Urtero itzultzen gara orduz geroztik, eta ezteiaren 10. urteurrenean ere han izan ginen. Eta orduan bai, igo ginen ermitara. Arantzatxoa kendu, eta asteburua aprobetxatu genuen “Aulki Hutsak” herrian aurkezteko. Beste zentzu bat hartu zuen dokumentalak niretzat, 10 urte geroago ama eta aita falta zirelako. Aldi berean, denbora tarte horretan Pello eta Aioraren aulki beteak gehitu ahal izan ditugu, eta beste batzuk ere joan dira iristen geure mahaira. Batzuk xoan, bertze batzuk xin.

Aurreko asteburuan “Mendian hil. Hirian hil”, trilogiako azkena, ekarri genuen Zaraitzura. Elurra zapaldu genuen goizean Orbaizeta aldean Mikel eta biok, Nafarroa Beherea eta Garaia arteko mugetan egindako itzuli ederrean. Eta arratsaldean elurra baino arazo tekniko batzuk inprobisaziora eraman gintuzten, ezkontzako egunean bezala. Han zeuden Mari Carmen, Laura, Ana, Marux, Txepi, Mari Jose eta 34 urte hauetan guztietan modu batean edo bestean ezagututako otsagabiarrak.

Bitxia da, baina egun hartan bertan, Pontevedrako probintzian, 850 kilometrotara, beste pertsona batzuk ari ziren MHHH ere ikus-entzuten Caroi herrian. (Bigarrenez gertatu da horrelakorik trilogia honekin, nik dakidala, aldi berean Euskal Herrian eta hemendik kanpo proiekzio bana). Terra de Montes deitzen da herri hura dagoen eskualdea. Mendietako Lurraldea, Aezkoa eta Zaraitzu bezala.

PD.- “Heriotza eta bizitzaren arteko hari finean bidea egiten” (Irati Irratia).

Txomena

Arrasatera iritsi nintzenean oñatiarrei buruz ohartu ninduten. Badira 21 urte. Mediku lanetan hasi nintzenean Gurutzetan, Bilboko Ezkerraldean, abisatu ninduten Barakaldo, Santurtzi, Sestao eta Portugaleteko galiziarrei buruz ere bai: Bitxiak dira, arauak desberdinak dira, gaixotasunak diferente manifestatzen dira eurengan, kostatuko zaizu komunikatzea eurekin. Kontuz ibili.

Eta zer gertatu zen Gurutzetan? Iman bat bezalakoa izan zela. Erakartzen nindutela eta nituela. Gustura nengoela eurak atenditzen, neu ere oso estandarra ez naizelako sekula izan. Eta Arrasaten? Are okerragoa, hau da, are hobetoago. Are gusturago nengoela eta nagoela. Txantxikuak deitzen zituzten, eta bazegoen zerbait, bai. Zeozer erakargarria.

Badira 18 edo 19 urte, hortik. 31-32 urte inguru izango nituen eta Agustin hasi nintzen ikusten kontsultan, eta berehala baita Enkarna ere. 70-72 urte izango zituzten, sasoian zeuden aitajauna eta amandrea. Garai hartan behiak zituzten ukuiluan, ittuan, dozena erdi bat edo zortzi.

Pello jaio zen (ikusi argazkia), gero Aiora. Amortzuak eta bazkariak Txomenan, afariak Saloian, mendi bueltak, buzkantzak, Olentzero eta Maridomingi. Mirari, Adela, Jaione, Gisane Aitor, Oier (argazkian), Miguel Angel, Mariano. Maiña, Aratzurti, Agerre, Santa Krutz, Ugaztegi, Aizkaiñ, Atxulo, Orkatzategi, Andarto, Usabakotxena, Degurixa. Arantzazu, Duru, Aloña, Urbixa… Gustura egotearena ulertzen hasi zarete?

Zerrendara gehitzen baditugu lankideak eta lagunak, eta bidean ezagututako beste araoztarrak, baita beste paziente oñatiarrak ere, eta horien senideak. Eransten baditugu Zelai Zabal eta Goiko Benta…

Eta zerrendan kontu alaiei eta bizipen zoriontsuei gaineratzen badizkiegu bestelako uneak, lehenengoak bezain garrantzitsuak direnak. Agustinen heriotza, duela ia 5 urte. Eta Enkarnarena, duela 2 egun. Euren oroimena, eta ez dauden guztiena.

Orduan dena ulertuko duzue.

London River

Etxealdia aprobetxatzen ari naiz pelikulak ikusteko, hemendik mugitu barik bidaiatzeko. Londonera, adibidez, denboran atzera eginda 2005eko uztailera.

“London River” berriro ikus-entzuteko aukera izan dut (eskerrik asko Aizpea!). Bere garaian asko inspiratu ninduen filma izan zen, hainbeste non “Aulki Hutsak” egiteko atzean egon zen horietakoa izan nuen.

Istorioak batzen ditu emakume eta gizon bat, bi mundu desberdinetakoak. Elisabeth zuria, kristaua eta europarra da, alarguna, uharte batean bizi dena Frantzia eta Ingalaterra artean, lorezain lanetan. Ousmane beltza, musulmana eta afrikarra da, banandua, Frantziako landagune batean bizi dena, basozain moduan.

Elisabethen alaba eta Ousmaneren semea Londonen elkarrekin bizi ziren, 2005eko uztailaren 7ko atentatuak gertatu zirenean. Mesfidantzatik errukirako ibilbidea ikusiko dugu, aurreiritzietatik partekatutako gizatasunera. Dolua eta indarkeriaren inguruko lana da, airean lagatzen duena puntu interesgarri bat: Zein diferentea den hiltzaile baten ama edo aita izan, ala biktima batena.

Egun hauetan ere “El Desafío: 11M” dokumentala ikus-entzun dut, Espainian inoiz gertatutako atentaturik handienari buruzkoa, baita terrorismo islamikoak Europan inoiz eragindako odoltsuena ere.

Suminetik eta saminetik bakera igarotzea hain zaila denean.

Bizitzaren amaiera arte

Pasa den azaroan, Torelló-ko mendi zinemaldian dokumentala aurkeztera joan nintzenean, beste zerbait interesgarria egiteko ere aprobetxatu nuen.

Gertu gelditzen den Vic herrian hartu nuen ostatu, eta bertan dago martxan 2017tik Kataluniako lehenengo komunitate errukitsua edo zaintzailea, Vic Ciutat Cuidadora izenekoa. Sustatzaile nagusia, Zainketa Aringarrietan estatu espainiarrean mediku aitzindarietako bat da, Xavier Gómez-Batiste, eta berarekin egoteko abagunea izan nuen.

Etxera bueltan, liburu bat ekarri nuen nirekin, argitaratu berria zegoena: “Fins al final de la vida”. Egileak, hain zuzen ere, Anna Formiguera erizaina, Mariona Vilaclara psikologoa eta Xavier G-B bera dira. Egun hauetan etxean egon beharko naizela, denbora izango dut eskuetan berriro hartzeko. Liburuaren helburua bizitzaren amaieran dauden gaixoak zelan lagundu eta zaindu azaltzea, akonpainamendurako gako ugari lagatzen ditu.

19 ataletan banatuta dago, katalanetik itzulita: Dena jakin ala ez; Etxean ala ospitalean; Aurretiazko borondateak; Ukapena; Amorrua; Tristezia; Beldurra; Mina; Angustia; Onarpena; Dementziak; Bizitzaren amaieran erabakiak hartzea; Heriotza hurbilaren seinaleak; Erantzuteko galdera zailak; Haurren minbizia; Eutanasia; Nahi gabeko bakardadea; Bakean hiltzea eta Dolua.

Bibliografia ona egun hauetarako.

Karunabirusa

Pandemiaren lehenengo urtea amaitzen ari zenean, 2020ko abenduan izan genuen Gasteizen jardunaldi suspergarria. Ekitaldi gutxi egiten ziren aurrez aurre, eta animatu ginen Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako 10 komunitate errukitsu edo zaintzaleetatik topaketa bat egiteko, on-line konektatu genuelarik Ingalaterra, Portugal eta Txileko jendearekin, sinergia hauetan ere mugitzen dena.

Horietako pertsona batzuk, pisu handiko erreferenteak dira. Gonzalo Brito bezala. Interes handiko hitzaldia eman zigun Txile aldetik, eta hitz jolas hau egin zuen hasteko, post honen izenburura ekarri dudana. Izan ere, Karuna hitzak, sanskritoz, errukia esan nahi du. Begitu zein abiapuntu polita.

Sufrimenduaren aurrean, batzuetan saihestu dezakegu, eta beste batzuetan arindu. Errukitik egin dezakegu, motibazio enpatikotik ekintzara pasatuz. Gonzalok kontzeptu garrantzitsu bat transmititu zigun, errukia entrenatu daitekeela. Neuronek plastizitatea daukatelako. Eta pasa den hilabetean hil den Thich Nhat Hanh maisuaren hitzak ekarri zizkigun. Era berean, sozioplastizitatea dugu, pobrezia eta aberastasunaren artean. Gero eta murritzagoa, bestalde, biodibertsitatearen galeragatik.

Erruki instintiboa oso murritza da, esaten zigun Britok, zeure zirkulu hurbila bakarrik hartzen duelako barne. Zirkulua zabaltzea da erronka, etsaiak edo hain ondo moldatzen ez garen pertsona horiek barne. Eragile eraldatzaileak behar ditugu, eredu moduan.

Apunteen artean, errukia lehiaren beste muturrean dagoela jaso nuen. Gu besteen kontra baino, gu besteei esker. Gu garela beste batzuk izan direlako, alegia.

Paul Gilberten eredu ebolutiboan hiru sistema mota daude, eta hiruren artean oreka modukoa topatu behar dugu: Sistema urdina dugu alde batetik, lorpenarena. Desioak eragiten du, progresatzea edo aurreratzea, eta dopaminarekin lotuta dago. Bestetik, sistema gorria dugu, mehatxuarena. Adrenalina eta kortisolarekin lotuta eta antsietatea, sumina eta nazkarekin. Hirugarrena, sistema berdea da, bakearena. Oxitozina eta opiazeoekin harremanetan, poza, segurtasuna, babesa, konfiantza eta zainketarekin.

Eta horrela, 2020ko abendutik 2022ko otsailera egingo dugu salto. Izaskun Andonegiren eskutik duela 3 aste ekin nion errukia lantzeko entrenamenduari, berak gidatutako ikastaroan. Hiru urrats eman ditugu orain arte, beste bost ditugu aurretik.

Bai, ederra izango litzateke errukia kutsatzea koronabirusarekin bezain erraza izango balitz.

Bihotz-altxagarria

Arrasatekoa kenduta, Gurutzetan Etxeko Ospitalizazioan igaro nuen garaia gogobetegarriena izan zen niretzat. Ezkerraldean eta Meatzaldean sarritan ibili nintzen, Eskumaldean eta Mungialdean dexente gutxiagotan, eta Enkarterrin lan egitea behin eta berriz tokatu zitzaidan, eta oso oroitzapen ona gordetzen dut.

Oroimen ona lekuez eta pertsonez. Euskal Herriko “Far West”-a da, baserri eta mendi inguru erdalduna, Burgos eta Kantabriako mugetan. Karrantzaraino joatea egokitu zitzaigun behin baino gehiagotan, edo Turtziozeraino, batzuetan elurrarekin. Eta paziente gogoangarriak, tarteka.

Amaia izan da, guztien artean, bihotzean gelditu zaidana hor barruan. Lankidea zen, gaztea, begirada gardena zuena, eta malkoekin ez ezik begi horiekin beste hainbat gauza transmititzen ziguna, baita bakea ere. Duintasuna definitzea kontu nekeza izanda, neska honek bizitzaren amaieran erakutsi zuena dela esango nuke.

Zallan ostiralean MHHH proiektatu dugu, hangoa zen Amaia, eta bertan izan dut haren gurasoekin berriro topatzeko zortea. Nolako egurra, halako ezpala. Kasu honetan ere bete-betean aplikatu daiteke. Jende maitagarria, bizitzak beste aukera hau eman digu ordukoaz gogoratzeko, eta oraingoaz eguneratzeko.

Zaila zen, baina espero baino jende gehiago hurbildu zen emanaldira. Eta solasaldi sakona izan genuen herriko zinema areto moderno eta dotorean. Istripuak gertatzen direnean, hitz egin genuen gorpua topatzearen garrantziaz. Herrian badakite zein inportantea den, hangoa baitzen Zaldibarko zabortegian desagertutako langilea, Joaquín Beltrán. Latza.

Lore bat oparitu zidan, bestela, etorritako ikus-entzule batek, hitz bat dokumentala definitzeko: “Reconfortante”. Lagungarria, lasaigarria, kontsolagarria, indargarria, suspergarria, bizigarria, bihotz-altxagarria baldin bada norbaitentzat, lan ona egin dugu.

(Asteartean, otsailaren 1ean, 7 urte bete dira ama hil zenetik. 2015 hartan ere zendu zen Amaia).

Ez gara porlanezkoak

Bitxia da zementua deitzeko beste izena, porlana, ingelesezko Portland horretatik datorrena. XIX. mendeko amaiera eta XX. mendeko hasiera artean martxan ipini ziren oso ezagunak diren Lemoako lantegia, Olatzagutiakoa edo Añorgakoa.

Azken honekin lotuta, gaur egun Rezola Museoa martxan dago, eta bertan MHHH dokumentalaren emanaldia izan dugu pasa den ostegunean. Añorga Kultur eta Kirol Elkartea-k antolatu zituen proiekzioa eta solasaldia, aurten euren 100. urteurrena ospatzen ari direlarik. Mendeurrenaz gain, hilabete honetan bertan Hiritar Merezimenduaren domina jaso dute Donostiako Udalaren eskutik.

Ekitaldi berean Bidegin elkartearekin bat egin zuten, Izaskun Andonegi eta taldekideak sarituak izan direlako. Bidelagunen zoriona nirea ere bada, pozik hartu nuen albistea. Izan ere, osteguneko solasaldian azpimarratu genuen zein garrantzitsua den publiko orokorrarentzat dolua zer den jakitea, ez garela porlanezkoak jabetzea. Nola jorratu behar dugun, noiz eskatu behar dugun laguntza, eta zein lan ikaragarri handia egiten ari diren Izaskun, taldekideak eta ataka latz hauetatik igaro eta orain beste pertsona batzuei laguntzen ari den jende guztia.

(Bitxikeria moduan, pasa den eguenean, urtarrilaren 27an, dokumentalaren bi pase egon ziren. Bata 19:00etan, Añorgan, eta beste bat 20:30etan non eta Ourensen! Azaroan han egin genuen aurkezpenaren ostean etorri da bigarren hau, Padre Feijóo zineklubean izandakoa, Club Alpino Ourensán elkarteran eskutik. Egun berean bi leku ezberdinetan emanaldi bana izatea sekula ez zaigu gertatu, gainera hemen eta EHtik kanpo aldi berean, ez MHHHekin, ezta AH edo SBrekin ere).

Zorionak Añorga KKE beraz, bi arrazoi handirengatik. Zorionak Bidegin lagun maiteak. Gora bizitza!

Bergaran hiru

Herri hau Ilustrazioa, Elhuyar anaiak eta Karlistaldiekin lotu dezakegu. Niretzat Bergara Maite eta Josean, Marijo eta Ander, Lourdes, Mabel eta Eli dira. Baita Benita, Itziar, Mertxe, Lamberto, Karmen, Donato, Arantza, Gaztelu eta Eusebio ere.

Hiru ekitaldien sorta bat antolatu du bertako udalak, bata bestearen atzetik, azken aste honetan. Doluaren gaia ardatz hartuta izan da, Seminarixoa areto dotorean: Larunbatean “Eresia” antzezlana aurkeztu zuen Oier Zuñigak, Eneko Gil eta Belen Cruz aktoreekin batera. “Lurra arin bekizu, ama” esaldiak osatzen du izenburua, eta hileta-kanta hau dantza eta antzerkiaren bidez gorpuzten dute eszenatokian, dolua adierazteko era hibridoan. Interesgarria…

Asteartean Eider Otxoa bidelagunak eta biok eskaini genuen hitzaldi bat doluen zirrikituei buruz. Formatua hibridoa izan zen, pantaila erabili genuenez bideo tarte labur batzuekin. Hain zuzen ere, Eider protagonista moduan agertzen zen “Aulki Hutsak”-etik ateratako pasarteak tartekatu genituen bion arteko elkarrizketan. Doluei buruzko trilogiako beste bi dokumentaletatik ere aukeratu genituen zati batzuk, “S(u/a)minetik bakera” eta “Mendian hil. Hirian hil”-etik alegia. Eta ederra izan zen zelan txirikordatu ahal izan genituen gaiak batetik bestera. Izan ere, hitz egin dezagun heriotzaz, doluaz, minbiziaz, Alzheimerraz, suidioaz, zainketa aringarrietaz, eutanasiaz… Eta, Euskal Herrikoak izanda, goazen hitz egitera indarkeria politikoaz (terrorismoaz) ere.

Eiderri eskertu behar diot agendan lekua egin izanaz martitzeneko hitzaldira etorri ahal izateko, Danel Goikolearen agurraren egunean. Eskertu halaber nirekin batera hain saio txukuna egiteagatik, eta azken puntu arantzadun hura naturaltasun horregaz aritu izanagatik. Sandra Carrasco publikoaren artean izan genuen, baita beste hainbat bidelagun ere (Idurre, Mada, Izan, Ainhoa, Idoia…). Bizia eta dotorea izan zen solasaldia.

Eta asteazkenean, MHHH dokumentalaren txanda izan zen. Bergara zen gelditzen zitzaigun Debagoieneko azken herria, eta publikoak erantzun zuen. Seminarixoa bete genuen, murrizketa koronabirikoekin. Halaber, esan behar dut herri gutxitan aurkeztu ahal izan dugula trilogiako hirurak, bertan bezala. Baita ere bertako Oroilore tanatorioak diruz lagundu zigula proiektua aurrera ateratzeko.

“Ez dakigu inoiz bizitzan zer daukagun aurrean, baina beti egongo da beste gailur bat zure zain”. Izaskun Andonegi.

Dorreen gerizpe barik

50 urte egitea arrazoi sendoa da zerrendako egiteke dituzun kontuetaz arduratzeko. Pandemia baten erdian ere. Esate baterako amestutako bidaietaz. Adibidez, New Yorkera etxekoekin hegan egin eta egonaldi zoragarria igarotzea, iazko azaroaren azken astea eta abenduko lehenengoaren artean.

Manhattango beheko aldea (Lower Manhattan) da bisitatzeko gune nagusi horietakoa. Bertan dago Finantza Barrutia, Wall Street, One World Trade Center dorre berria eta Brooklyn Bridge zubiarekin. Baita 70 Pine Street, 40 Wall Street, Manhattan Municipal Building (udaletxea) eta Woolworth Building eraikin dotoreak ere, XX. mendeko hasieran egindakoak. Uhartearen hegoaldeko muturrean beste bi leku interesgarriak ditugu: Battery Park, Ellis Island gomendagarrira eta Askatasun Estatuara joateko ferriak hartzen diren lekua, alde batetik. Eta bestetik amerindiarren museo nazionala.

Baina zeru-harraskarietara itzulita, adin bat daukagunok hutsune handi baten presentzia nabarituko dugu: Hiriaren ikonoetako bat zirenena, duela 20 urte suntsitu zituzten etxe orratzena. Dorre Bikiak 1973ko apirilaren 4an eraiki zituzten, munduko eraikinik garaienak izan zirelarik. 2001eko irailaren 11an, ondo gogoan ditugun moduan, erasotu zituzten bi hegazkinak euren kontra talka eginez. 2.600 pertsona baino gehiago erail zituen modu anker horretan Al-Qaedak, historiako pasarte beltzen artean beltzenetarikoa. Dolu kolektiborik handienetarikoa.

Art Spiegelman komikigile newyorktarra ezaguna da, batik bat, “Maus” izeneko liburuagatik. Bertan kontatzen du bere familia juduaren istorioa, baita orokorrean historiako beste pasarte beltza izan zen Holokaustoarena ere. Eleberri grafikoen artean ospetsuenetarikoa da, eta laster euskarazko bertsioa edukitzeko aukera izango dugu, Julen Gabiriak aurreratu digunez berriki.

Spiegelmanek, halaber, “In the Shadow of No Towers” argitaratu zuen 2004an, sarraskitik 3 urtetara. Bistan da barneko deabruak exorzizatzeko bideak ugari direla, literatura da bat, musika izan daiteke beste bat, zinema, beste arte batzuk… Baina doluak landu behar dira, hala pertsonalak nola kolektiboak. Izan atentatu batengatik, minbiziagatik edo koronabirusagatik. Eta sarritan zeuk landutakoak beste bati lagungarria suertatu dakioke.

Gerizpe modukoa da, azken finean.

Betirako

Ez, ezer ez da betiko. Pertsonak, lekuak. Gu geu. Agur ondo esatean datza doluaren prozesua egiteak. Azken urte bi hauetan koronabirusaren pandemiak baldintzatu ditu doluak eta gu geu baldintzatu gaitu. Kutsatze, ospitaleratze eta hiltzearen olatuekin batera, osasun mentalaren asalduren olatuak ere badatoz. 2020ko udaberri hartatik bertatik hasi gara horretaz ohartzen: depresioa, antsietatea, angustia, estresa, deliriuma, fobiak eta abar.

Gabonen hasieran, MHHH dokumentalaren proiekzio pribatu oso berezia egin genuen Bilbon, urteko azkena izan zena. Betirako zerbitzua Eusko Jaurlaritzak abian ipini zuen izurritearen hastapenetan, eta ordutik ia urte biko ibilbide honetan ehundaka senide lagundu dituzte dolu pandemikoaren bide zail hauetatik. Hain zuzen ere, norabide berean lan egiten duen Izaskun Andonegi izan nuen lagun proiekzio eta solasaldian. Agintzari elkarteak antolatu zuen topaketa, eta talde ederra batu ginen Deustuan, euren egoitzan (ikus argazkia). Egun hartan jakin genuen Betirako ere ez dela betiko izango, haienak egin duela. Beste zeregin batzuetara egokituko dira hemendik aurrera. Biba zuek!

Gabonak ere amaitu dira, eta egun hauetan irakurri dut artikulu oso interesgarria Gonzalo Britoren eskutik, errukiaren kontzeptua balioztatzen duena buruko osasuna babesteko pandemia luze honetan; “Compassion protects mental health and social safeness during the COVID-19 pandemic”. Hilabete hauetan jende askok ikasi duen beste kontzeptu hori, erresilientzia, errukiaren bidez indartu dezakegu izan ere. Hala geure buruarenganako nola besteenganako gupida lantzea zein garrantzitsua den ere ikasi dugu garai luze honetan.

Izaskun Andonegi bidelagunak berak eskaintzen digu otsailean eta martxoan zehar errukia lantzeko tailer on-line bat, gazteleraz, Compassion Cultivation Training izena duena ingelesez, CCT. Batzuk irrikaz izena eman dugu, zinez merezi izango duelakoan. Hemen gonbitea (info eta izen ematea).

Urteari ondo ekiteko modu bikaina.