Dinatasuna

Adio Kukai.

Definitzen zaila den hitz horietako bat dugu duintasuna. Saiakera bat egin genuen lehengo egunean Gasteizen, Florida parkearen txoko horretan, Duintasunez hil. Duintasunez hil. izenburuko jardunaldi horretan. Fisioterapiatik, Administraziotik, Erizaintzatik, Psikologiatik, Medikuntzatik, Espiritualtasunetik, Mendizaletasunetik, Zinematik, Musikoterapiatik, Zainketa Aringarrietatik begiratu genion Hitzari.

Publiko urriaren artean, Itziar egon zen, Ekhi Arroyoren bikotea. Itziarrek duintasuna ondo islatzen du, erresilientzia zer den ederki erakutsiz. Gogortasun eta biguntasunaren arteko orekan, indarra tarteka nondik ateratzen duten hainbatek miresgarria da. Baita eredugarria ere.

Bestela, duintasuna eta erresilientzia haragitzen dituen paziente bat bisitatu nuen atzo haren etxean, hiltzen laguntzeko prestazioa eskatuta, eutanasia alegia. Mediku arduradun moduan parte hartzen ari naizen lehenengo kasua da, irakaspen bidea niretzat. Aste honetan ere, gaixotasun neuroendekatzaile bera duen beste pertsona bat ezagutu dut, ondoko bailaran. Bizitzari eusten dabilen emakumea, duintasunez eta kemenez.

Lehen Mundu honetatik aterata, dinatasun handia antzematen ari naiz Ekialde Hurbilean azken hilabete luze eta odoltsu hauetan. Israelgo mugimendu bakezalearekin hasita, eta Palestinako genozidioaren aurkako juduen testigantza ausartekin. Eta dolu anizkoitz pairatzen ari diren milaka eta milaka palestinar haiekin guztiekin jarraituta, etxea eraitsita ez ezik, hainbat senide batera erailda ere galdu dituztenak. Psikikoki eta fisikoki zauritutako milaka eta milaka pertsona haiek, ohorea ez ezik, aitortza, justizia eta ordaintza merezi dutenak. Hamaseko 2023ko urriko atentatuetan eraildakoen senideek eta gertukoek ere merezi dutena.

Izua jasotzen du, amaitzeko, Miñan izenburuko antzezlan liluragarriak ere, atzo Zarautzen ikus-entzun genuena. Baita erresilientzia eta duintasuna ere, Sambou Diaby, Ander Lipus, Eihara Irazusta eta Mikel Kaye aktore lan bikainetan.

Bonus track: Miñan (“Latitude Horietan”, Gorka Urbizu).