Bi mundu

Mendian edo hirian hil. Hirian edo herrian hil. 200.000 biztanle inguruko hiri batean edo 200 bat pertsona bizi den haran batean. Zehazki Iruñean, eta zehazki Arabako ekialdean dagoen Haranan. Nafarroako mendebaldean dauden Ameskoekin muga egiten duen Harana. Aurreko asteburuan Ekhifest izeneko lurrikara emozional bat antolatu zuten Ekhi Arroyoren omenez, eta bertan egoteko ohorea izan dut.

Ekhi ez nuen ezagutu, orain ezagutzen ari naiz pixka bat bere ingurukoen bitartez. Radio Vitoriako saio batean lehenengo topaketa (birtuala, telefonoaren bidez), izan nuen Ekhiren aitarekin eta oso gertuko lagun batekin. Ondoren, Lakuntzara etorri ziren MHHH ikus-entzutera Antonio Arroyo aita, Raquel Fdez de Lezeta ama, Aitor Arza eta Izaskun Fdez de la Peña lagunak eta Ekhiren bikotekidea, Itziar Martinez. Emanaldi oso berezia izan zen niretzat, haiek bertan egonda, istripua izan eta gutxira. Ziordia inguruko haitz batzuetan hil zen Ekhi 2024ko urrian, Lakuntzatik 20 bat kilometrotara. Haientzat ere zerbait izan zen dokumentala, zeozer piztu zien, besteak beste urteurrenean zer egin pentsatzen hastea. Bizitzaren gauzak, Lakuntzako emanaldian Castillo Suarez idazlea egon zen, “Alaska” liburuaren egilea. Mota askotako doluak modu poetikoan jorratzen ditu liburuan, eta poema horietako bat konpartitu genuen Ekhifest-eko lehenengo egunean, pasa den asteburuan, MHHH eman genuenean.

Dena lotuta dagoela ematen du sarritan, Sakanan ere izan genuen azken emanaldia, Haranan baino lehen, Olaztin. Aurten Ameskoetan eta Maeztun egon ginen pelikularekin ere. Bertatik bertara. Bestela, Izaskun Andonegi eta Andoni Ormazabal ere egon dira Uribarri Haranan aurreko ostiralean, leporaino beteta zegoen aretoan. Hunkigarritik gora izan zen. Umeak, gazteak, adin handikoak eta ertainekoak bildu ginen, herri txikietan gertatzen den bezala. Zoragarria zinez, bihotz asko batera piztu zirela sentitu nuen, gure bihotzetatik hasita. Izaskun eta Andonirekin solasaldian egon ahal izatea ederra izan zen niretzat, baina Itziarrentzat ez dakit benetan norainoko babesa eta laztana izango zen.

Ostirala eta gero, larunbatean izan zen festa nagusia Haranan. Apur bat Aretxabaletako ‘Bizir Eguna’-ren eta Urretxuko ‘Mendi Festa’-ren izpirituarekin. Ez dakit zenbat jende ibili zen antolakuntza lanetan, txingurrien moduan. Bazkaltzeko 300 pertsonatik gora egin ginen, goizean mendi buelta egin ostean eta Ekhiren haitza bisita eginda. Arratsaldean eta gauean ez nintzen gelditu, baina horrek ematen zuen Araba Euskaraz edo horrelako ekitaldi bat. Eta horrela izango da hurrengo urteetan ere, heriotzak bizitza, oroimena eta elkartasuna piztu dituenez. Ekhiren betirako argipean.

Astelehenean, bertzela, Pamplona bisitatu nuen. Iruñean egon nintzen pelikularekin Golemetan Mendi Tourrarekin, eta Izarra tanatorioarekin, Mikel Idoate pilotari ohiaren eskutik, Txantrean proiektatu zuten. Baina Pamplona bertze mundu bat da. Gasteiz eta Vitoria bezala, bi mundu. Palian Nafarroako Zainketa Aringarrietako elkartea da, eta eurek antolatu dituzte aste honetan Zine-Foruma (zorabiagarria izan da kartela konpartitzea Enric Benitorekin) eta jardunaldi zientifikoa. CiviCan areto dotorean, elkarteko Isabel Erquiaga eta Miren Martínez zeuden, baita Elena Aznal, Carlos Centeno eta Vilma Tripodoro. Izen handiak. Aurkezte lanetan, Javier Rocafort izan nuen. Pelikula ikusita zeukan, eta gustatu ez ezik jardunaldi hauetarako proposatu zuen. Ohore itzela.

Baina ilusio berezia egin zidana izan zen Camino Imizcoz izeba etorri izana, azkenean! Pandemia garaian ezin izan zuen etorri proiekzioetara, eta pasa den astelehenean pelikula ikusi ahal izan zuen azkenik, Alvaro de la Torre senarra eta Ana de la Torre koinatarekin batera.

Camino pertsona aparta da, ez daude hainbeste planeta honetan, eta bera da horietako bat. Zintzoa zentzu guztietan. Izeba deitzen dut, baina berez nire aitaren lehengusina zen. Azken urte hauetan asko sendotu dugu gure harremana, eta egia esan ederra da hortxe gertu izatea. Lesakan dauzkagu sustrai amankomunak, eta Tía Conchita Zubigaray gure arteko lotura nagusia izan zen, Bolivian hamarkadak eman zituena. Gustatuko litzaidake jakitea, bizirik egongo balitz, zer pentsatuko zuen Tía Conchitak Ekialde Hurbileko egoeraz. Palestinako bandera gutxi ikusten dira Pamplonan, baina Iruñean berriz anitz dira. Baita Arabako Mendialdean ere. (Ikurriñarekin, bidenabar, gauza ber-bera gertatzen da).

Herria. Hiria. Juanjo San Sebastianek esaten duen moduan, niri ere gustatzen zait batzuetan basatia eta beste batzuetan hiritarra sentitzea. Basoan murgildu, edozein garaitan eta edozein errekatan bainu bat hartu eta, etxean bueltan, itsasoan sartu. Mendian egon eta gero, arratsaldean zinemara joan. Durangaldeko Axtxikiko tontorrean, vivac eginda, gaua pasatu ondoren, Bilboko Plaza Barriko Victor Montes jatetxe dotorean Maiderren urtebetetzea ospatu.

Bizi gara!

Agian bizitzea hau da

Bide batetik baino gehiagotik iritsi zitzaidan liburu honen berria, eta azkenean liburutegian eskatu eta nonbaitetik ekarri zidaten. Medikua eta alpinista da idazlea, Jorge Egocheaga, zortzimilako guztiak igo dituen lehen asturiarra.

Bilatutako bakardadearen adibide ona da Jorge, jendetzak saihestu eta aszetismoa eta umiltasuna lantzen dituena. Eredu ona, hasteko. Isiltasunaren apologia topatu dezakegu pasarte honetan: “Hiru urte bete arte ez dugu ikasten hizketan, baino askoz ere gehiago isiltzen ikasteko. Batzuk sekula lortzen ez duten arren“.

Eskaladaren apologia ere, noski, sorkuntzarekin ondo lotuta: “Eskalatzea, krokis zehatzik gabe, sorkuntza ekimen bihurtzen da, literatura, margolaritza, musika edo zinema bezalako arte adierazpenen antzekoa. Sorkuntza motibazio giza iturririk handientzat jotzen dut“.

Bizi-bizirik sentiarazten gaituzten pasioen bila aritu: “Zerk bultzatzen nau itzultzera? Zergatik nago berriro hemen? Zure pasioei ihes egitea absurdoa da. Zer zentzua izango zuen bizitzak haiek gabe? Nahiz eta aitortzen dudan bizitza lau bat askoz ere errazagoa dela… eta aspergarria“.

Nahiz eta, batzuetan, pasio horiek arriskutsuak izan: “Zure ametsak bete ahal izateko zein da ordaindu behar duzun prezioa? Edozeinek balio du, altuena den bizitzak berak barne? Istant batek balio al du bizitza ibilbide oso bat? Men egin behar dugu bizi garen gizarteak inposatutakoari?“.

Izan ere, Jorgek oso gertuko pertsonen heriotzak bizi izan ditu (bikotekidearena eta lagunena), mendian gertatutakoak. Eta horrela definitzen du dolua: “Tortura fisikoak jasan ditut, min biziak, istripuak, baina ez dago antzeko ezer asko maite duzun izaki baten galerak eragiten duen sufrimenduarekin konparaturik“.

Eta horrela gainditutako (edo igarotako) dolua: “Galerengatik tristura horrek hor jarraitzen du, sakona, tematia, maltzurra, baina orain askoz ere bareagoa, min lasai batean bilduta, sosegatua, laguna dagoeneko“.

Espiritualtasuna: “Fededuna izan naiz. Baina horri uko egiteak areagotu du nire esparru espirituala. Panteismo bat posibletzat jotzen dut. Sinesmen honek naturarekin sintonian egonarazten nau“.

Gure Lehen Mundu honetako burbuila: “Ur edangarria zure etxean bertan, etengailua sakatu eta bonbila bat piztea, komunera joan ahal izatea etxetik atera eta hotza pasatu behar izan gabe gure gizarteko eguneroko luxuak dira, baloratzen ez ditugunak“.

Porrota / arrakasta: “Porrota ez da helburua ez lortzea, bideari ekiten ez saiatzea da“.

Zorion distirak: “Irribarre iheskor eta konplize bat, egunsentiko freskura, egun bero batean txokolatezko izozki baten zaporea, txori goiztiar baten kantua, ustekabean harrapatzen zaituen liburu baten irakurketa… Agian bizitzea hauxe da“.

Motzean, oso Maria Coffey eta oso MHHH. Identifikatuta sentitu naiz, 4.000 mila metrotik beherako nire mailan.

Milesker liburua gomendatu didaten horiei!

Barrea eta herioa

Maeztu.

Ez dakit barrearen yoga delakoari buruz entzun duzun inoiz. Nik ez behintzat, aurreko astebukaera arte. Barreari buruzko tertulia batean egon ginen Bittor laguna eta biok Maeztun, ostiralean, giro onean. Hurrengo egunean MHHH proiektatu behar genuen, heriotzari, bizitzari eta komunitate errukitsuei buruz aritu behar ginen, baina bezperan umorea zen gai nagusia.

Zapatuan, egia esan, denetarako denbora izan genuen: goian aipatu ditugunak egiteko, baina baita goizean mendi buelta bat emateko ere, afari eder batekin amaitzeko. Dokumentalaren solasaldian umore (beltza) ere hizpide izan genuen. Egin kontu barrea uztartu daitekeela edozerekin, yogarekin barne (!), baita heriotzarekin berarekin ere. Txanponaren bi aldeak dira tragedia eta komedia, eta momentu egokian lotzea askatzailea eta osasungarria da guztiz.

Interesa zeukaten Arabako Mendialdea hartan, Gasteizen eta Zarautzen bezala, beste hainbat tokitan ere egiten ari garenarekin: Death Cafeak, heriotza hezkuntzan gazteekin jorratzea, Gabonetako saioak, errukiaren kontzeptu garaikidea eta laikoa, Aurretiazko Borondateen Dokumentuak…

Interesa zeukaten Galdakaon ere, aste berean leku bietan antzeko gaiak, kezkak, beldurrak, ilusioak, asmoak eta ametsak partekatu ditugu. Bi komunitate bizi, heriotzaren kontzientziarekin, lehenengo pausua bizitzari zuku gehiago ateratzeko. Umorea sekula galdu barik.

Mila esker harreragatik Leireri eta talde guztiari (Galdakao) eta Amaiari eta talde guztiari (Maeztu).

Bizi gara!

PD.- Domekan, Mikel eta Diego lagunekin batera, Palomares tontorrean amaitu ginen Bittor eta biok. Hobeto ezin.

Dolua eta zoriona

Hadley Hammer.

Hadley Hammer eskiatzaile estatubatuarra da, 38 urtekoa. Bizitza intentsitatez bizi duen horietakoa. Heriotzarekin, bestela, harreman bizia izan du azken urteotan, haren gertuko pertsona garrantzitsuak hil direlako, mendian eta hirian: Elur-jausi banatan David bikotekidea eta Hilaree lagunmina, istripu zerebrobaskular batekin Sam bikotekide ohia eta minbizi batekin aita.

“The Guardian” egunkari ingeles batek hari buruzko artikulua argitaratu du hilabete honetan, “Grief doesn’t bend” izenburukoa (“Doluak ez du makurtzen”). Ugariak dira bertan topatutako harribitxiak, jarraian irakurriko dituzunak:

“Bizitzaren zati handi bat lana eta zergak dira, beraz garrantzitsua da jolasteko (gozatzeko) uneak topatzea”.

“Mendi batera igotzen ari zarenean, zuhaitz bat ezin duzu mugitu edo haitz bat zeharkatu. Oztopoekin moldatu behar zara”. Doluarekin bezala.

“Doluak egiten du beherak askoz beheragoak, eta gorak askoz goragoak”.

“Zauriak ez dira inoiz aldentzen, baina dolua egin dezakezu eta oraindik zoriontsua izan”.

Zoriona da mendietan Hadleyk topatzen duena, Davidek eta Hilareek aurkitzen zutena. Gutariko batzuk ere kausitzen duguna. Aurreko asteburuan, adibidez. Urbasa-Entzia aldean esate baterako. Ameskoetako zonalde hartan MHHH aurkeztu genuen asteburuan. Eider Ballinak harremanetan ipini ninduen Idoia Asurmendiren izeba batekin, Ana Zuazolarekin. Kultura eta gastronomiaren egitarau baten barruan egon zen proiekzioa. Hotza kanpoan, beroa ludotekaren barnean, jendea etortzen animatu zen. Eta bizia izan zen solasaldia, oso parte hartzailea. Emakume batek esan zidan bezala, “oso sakona”. Bakedano herrian, bitartean, pintxo dastaketa zegoen. Eta bat egin genuen egitarauaren beste ekimen horrekin, noski.

Lan egiteaz eta zergak ordaintzeaz gain, bizitza gozatzeko dagoelako.

PD.- Mila esker Nere, komentatutako artikulua helarazteagatik.

Udagoiena

Udazkenean jaioa eta udazken zalea naiz. Klima aldatzen hasi denetik, hala ere, oso tarteka gozatu ahal izaten dugu urtaro honetaz, haize hegoa gainetik ezin astindu. Hondamendiak ez aipatzeagatik.

Nafarroa Beherean, lehengo egunean, mendi txango bat egin nuen Zarauzko lagun batekin. Egun epelegia larrazkena izateko. Baigorri eta Bidarrai artean, bide bat igotzen da oso distantzia laburrean eta desnibel handian Iparlako tontorreraino. Beherako bidean, haritz baten gerizpean jezarri ginen zeozer bazkaltzeko. Animikoki ez zegoen ongi laguna, lankide bati minbizi bat diagnostikatu diotenez. Guri medikuoi ere okerrena egokitzen zaigu lantzean behin. Eta Juanjo San Sebastianen hitzak gogoratu nituen, 1994an, K2 mendian bere sokakide eta laguna galdu baino lehen, pentsatu zuenean okerrena egokitu ahal ziela bere espeziokideren bati, edo hari berari. Bihozkadak dira, edo besterik gabe iristen da momentu bat zure zaurgarritasunaz jabetzen zarenean. “Mendian hil. Hirian hil” proiektatu genuen egun horretan Gernikan, goizean Bidarrai aldean ibili eta gero, eta solasaldira hausnarketa hau ekarri nuen.

Bi egun geroago, Lakuntzan dokumentalaren beste pase bat izan genuen, Sakana aldean. Emanaldi arrunt berezia izan zen. Izan ere, aste batzuk lehenago, hortik oso gertu, Ziordiako mendialdeko horma batetik Ekhi Arroyo gasteiztarra hil zen. Radio Vitoriaren elkarrizketa baten bitartez ezagutu nuen gertatutakoa, bertan gure dokumentala aipatu zuten eta hurrengo emanaldia non izango zen. Hara etorri ziren Ekhiren senideak, sekulako indarra erakusten, hain kolpe gogorra jaso berriak. Euren erresilientziaren gako nagusietakoa aste hauetan jasotako sostengua izan da. Ekhi oso pertsona sozialki aktiboa zen, eta komunitatearen zati handi baten dolu kolektiboa laguntzen ari da familiaren dolua arintzen. Horren lekukoa izan ginen udagoieneko lehengo egunean.

Pasa den asteburuan, azkenik, Bizkaira itzuli nintzen. Arratia aldean antolatu zuten, bigarren urtez jarraian, Denboraren igarotzea nabarmena da, orain dela 11 urte estreinatu genuen dokumentala berriro ikus-entzutean. Nola joan garen zahartzen partaideok, zenbat gauza gertatu zaizkigun 11 urte hauetan. Horietako batzuk gogoratu nituen solasaldian, Igorreko kultura etxean. Izan ere, ariketa ona da lantzean behin horrelako errepasoak egitea gure bizitzei. Zertan hobetu garen eta zertan ez dugun asmatu. Zer daukagun egiteke, kontu garrantzitsuen artean. Zeren zain gauden.

Udazkeneko egun hauetan menditerapian ibili naiz Pagoetan, Iparlan, Altzanian, Gorbeian eta Ireberren, konpainia onean. Zazpietatik bost probintzietan. Bizi garen seinale. Hurrengo udagoienean SB-ren emanaldi bat egiteko gelditu gara Igorreko antolatzaileekin. Kateak ez du eten.

Zain dezagun mendia

Ez dago ohitura handirik itzulpenak irakurtzeko gure Herrian. Gure liburutegietan beste hizkuntza batzuetatik ekarritakoak ezinbestekoak diren arren. Ez da ohikoa liburuak irakurtzen autobusean edo metroan jendea ikustea, orokorrean. Usadio zaharren artean sailkatu beharko genuke beraz paperezkoak leitzearena, funtsean alpinismoaren mito honen proposamena bera bezala: Mendian ibiltzeko era zahar eta onak.

Hitzaurrea Juanjo San Sebastián-ek idatzi du liburu honetarako, beste mito batek, horrela deitzeak barrea piztuko dion arren. “Urrunago, motelago, isilago, basatiago”. Juanjoren lau berba hauetan aurreratu daiteke Reinhold Messner-ek esan nahi diguna.

Juanjo Garbizu-ren “Monterapia” haren bidearekin bat egiten du erraldoi italiar alemandunak ere. “Slow mountain”, mendi lasterketen boladatik at. Motel eta isilik, modurik hoberena inguratzen gaituzten baina normalean ikusten ez ditugun animaliak topatu ahal izateko. Eurek gu ikusi eta usaintzen gaituzten arren.

Messner-ek “Hegoaldeko tiroldar, europarra eta munduko hiritarra” erabiltzen du bere burua definitzeko, gustatu zait, ‘hemen eta munduan’ filosofiarekin. Garrantzitsua da munduan zintzo kokatzea, eta hainbat pertsonaren “sasi-munduko hiritartasunak” alboratzea, sinesgarriak ez direnak.

Orientatzeko modu zaharrak ere aldarrikatzen ditu Reinholdek, teknologiatik apur bat askatzea. Egia esan, aholku honi aspaldian jarraitzen diot, tarteka gorriak ikustea ekarri badit ere. Ez gehienetan, zorionez. Ariketa bikaina da burmuina lantzea mendian ibiltzean.

Zaborrik ez laga, ezta laranjaren azalak ere, biodegradagarriak direnak gehituko nuke. Egia da animalien bazka izan daitezkeela, baina gure aztarna uztea ez da benetan beharrezkoa. Haren dekalogoan, Messner-ek beste era batean esaten du inguruneak ez hondatzearena. Maila handian, klima aldaketarena beste kontu askoz potologoa da, urtez urte nola areagotzen ari den hondamendia begi bistakoa da. Urtero harrituko garen arren “ezohiko tenperaturekin”, aurreko urtekoak eta hurrengokoak bezalakoak, ohikoak alegia.

Mamitsua bezain mehea da argitalpena, eta amaierako zatia, elkarrizketa formatuan egindakoa, asko disfrutatu dut. Gako ugari uzten digu, baita bizitzeaz, zahartzeaz, zauritzeaz, egokitzeaz eta hiltzearen beldurraz ere. Bai, totema ere gizakia da.

Liburuaren bukaerarako, hitzatzea Ramon Olasagasti-k egin du, harritu nauen tonu gordinean egin ere: “Ur-negar bat”. Beharrezkoa, jendarte moduan daramagun bidea ikusita. Zaindu maite dugun hori.