Zoriona, edo antzeko zerbait

On Lake Atter (Gustav Klimt)

Goiko izenburua du Karmele Mitxelenak idatzitako liburuak, oraintxe disfrutatu eta amaitu dudana. Udarako irakurketa bikaina, goitik-behera gomendagarria. 60 urte inguruko emakume baten barne-bidaia, Empordà-ko kostaldera egindako kanpo-bidaia ere badena.

Abiapuntua bel-beltza da, ezin beltzagoa: emakume protagonistaren senarrak itsasoan egindako suizidioa. Eta horrek eragindako doluaren deskribapena, zehaztasunez eta edertasunez idatzitakoa. Egia esan, aspaldian ez nuen hain desberdin idatzitako zerbait irakurtzen.

Minaren deskribapena, saminarena, modu honetan egiten du:

“Inoiz ez dut jakin nola den zehazki. Ez dakit ekaitzaren ondoren datorren barealdia edo barealdiaren ondoren ekaitza. Gaur bareago dago dena, ni batez ere.

Zakarrontzian ez dira aterki apurtu gehiago kabitzen. Hondartza makilaz, adarrez, eta algaz beteta dago, eta itsasoa zikin, ohi duen gardentasunik gabe. Tabernetako itzalkinak lurretik altxatu ezinda daude, eta edozein bazterretan plastikozko aulki herrenak abandonatuta.

Antzera irudikatzen dut neure barrua, atzoko indarrarekin txikituta. Bihotz eta birika zatiak erraietan, ixten ez diren zauri zaharrak odoletan, zauri berriak gorri”.

Funtsean, liburua zorionaren aldeko aldarrikapena da, zauritutako zorionarena beti ere. Doluan dauden pertsonek berriz zoriontsuak izateko duten eskubideaz datza liburuak, edo horrela interpretatu dut behintzat: “Batzuetan hondamendia behar da berriz hasteko, zati guztiak bildu eta haiekin zerbait eraikitzeko”.

Aita erailda, ama minbiziak hilda, ahizpak bere buruaz beste eginda, anaia mendi istripu batean hilda, semetxoa edo alabatxoa jaiotzean zenduta… galdu eta gero zoriontsua izateko eskubidea.

(Eskerrik asko, Aizpea, liburua gomendatzeagatik).

Sutan

Mangum Fire. Arizona (AEB), 2020. Wikipedia.

Aurtengo udari sutan ekin diogu, eta hainbat bizilagun klimaren larritasunaz hamaikagarren aldiz konturatu dira. Urtez urte gertatzen den zeozer da, datorren urtean ere berriro gertatuko da, eta hainbat herrikide larrituko dira, atzera ere ahazteko aurreko urtean eta aurrekoan eta aurrekoan (…) jazotakoaz. Zorionez, su-etenean gaude momentu hauetan.

Sutan ekin zioten urteari 2022an Ukraina aldean, Errusiaren aurkako gerrarekin, gaur arte luzatzen ari dena, Eta sutan amaitu zuten 2023. urtea Palestinan, Hamasek piztutako suari gaur arte Israelek etengabean botatako erregaiarekin, eskala handiko atentatu latzari neurririk gabeko genozidio batekin erantzunda. Zoritxarrez, su-etenik ez daude, ez batean ezta bertzean ere.

Azken asteotan pare bat komiki irakurri ditut (milesker Maddi!) indarkeriari buruzkoak. Jérémie Dres komikigile frantziarraren “Le jour où j’ai rencontré Ben Laden” 2 liburuen gaztelerazko itzulpenak izan dira (“El día que conocí a Bin Laden“). Bertan, Mourad Benchellali eta Nizar Sassi arabiar frantziarren istorioak kontatzen ditu marrazkigileak, erradikaltasun islamista ulertzeko saiakeran.

Anna Teixidor kataluniarra antzeko zerbait saiatu zen egiten “Sense por de morir. Els silencis del 17-A”, Ripolleko arabiar katalan haien bilakaera biolentoak ulertu nahian. Nola pizten da sua gazte batzuengan izugarrikeriak egiteko iritsi ahal izateko? Zeintzuk dira faktoreak?

Une hauetan amaitzen ari naiz “Putain de guerre!” komikiaren gaztelaniazko itzulpena (“¡Puta guerra!”), Jacques Tardi eta Jean-Pierre Verney frantziarrek egindakoa, Lehen Mundu Gerraren izugarrikeriak gordinki plazaratzen dituztenak.

Sute guztien artean, gure Troubles propioak (izan) ditugu, klima aldaketa (larrialdia) bezala ahaztu nahi ditugunak. Atzo, baina, ekimen zoragarria burutu zuen Ibai Uribe gazte euskaldunak: 25 aldiz igo zuen Mandubiko mendatea bizikletaz, haren aitaren omenez. Haren aita, Mikel Uribe, ETAk erail zuen duela 24 urte, eta ahanzturan ez gelditzeko balentria ikaragarria aurrera eraman zuen atzo. “Minak ez du ideologiez ulertzen”, haren hitzetan.

Amen.

Ez dago berbarik

Hona hemen beste liburu bat zerrendan zain neukana, eta aste hauetan irakurri dudana (gaztelerazko itzulpena). Francesc Torralba filosofo eta teologoari buruz entzunda neukan, batez ere nola duela gutxi Oriol semea hil zela istripu batez, berarekin batera txango bat mendian egiten ari zenean, Picos de Europa aldean.

Liburuaren hasieran, kontatzen du nolakoa izan zen Marian izeneko emakume ezezagunaren erantzun errukitsua, semea hilda topatu zutela jakin zuenean: “Entzun genuen, berriz ere, helikopteroaren zarata, eta ziztu bizian atera nintzen aterpetxetik. Marianek ez ninduen bakarrik laga ezta une batean ere. Mahaian platera utzi eta nirekin irten ze. Nire alboan egoteko ardura sentitzen zuen, eta kontsolatzekoa”.

Dimentsio erraldoia duen gertakaria izan zen Oriolen heriotza Francesc, emazte eta familiarentzat, zalantzarik gabe. Norberaren biografia markatzen duten gertaera nagusi horiek dira gertakariak, gutxi horietakoak. Hemen ekintzen eta gertakarien arteko desberdintasunak: “Gosaltzea edo txangoa egitea ekintzak dira, baina pertsona batekin azken aldiz egiten duzunean, gertakari bihurtzen dira. Modu berean, seme gaztea lurperatzea gurasoentzat gertakari (tragiko) bat da, baina ekintza soila izan daiteke lurperatzailearentzat”.

Besarkada baten definizioa: “Itxuraz keinu sinplea da, bi gorputz elkarri estutzea. Baina, izatez, hurkoarekin hurbiltasun emozionala adierazteko modurik enfatikoena da”.

Espiritualtasuna presente dago lan guztian, ezin zen bestela izan idazlea zein den kontuan hartuta: “Sinestunek aurre egin behar die galdera handiei, baina baita ateoek ere. Krisialdi espiritual handiak eragin ditzake muturreko egoera batek, norabide batean edo bestean: pertsona batzuk federantz biratzen dira, haurtzaroan abandonatutako otoitzak berreskuratzen dituzte, Jaungoikoaren babesaren bila”.

Ez daudenak gogoratu, ohoratu eta gurekin beti eramaten ditugu, baina bizi behar gara egon badaudenekin, merezi duten lekua ematen haiei ere: “Gure inguruan guretzat pertsona esanguratsuak daude, alde batetik, eta bestetik pertsona ezezagunak, gure albotik pasatzen direnak, euren amets eta planekin, baina anonimoak direnak guretzat. Dolua bizitzen dugu pertsona garrantzitsu horietako baten hutsunea sentitzen dugunean. Baina ez dugu laga behar ez daudenek daudenak itzaltzea, hemen eta orain badaudenak”. Halaber: “Gauzak elkarri esan beharko genizkioke heriotza baino lehen, ez itxarotea haren ostean esateko (esker ona, maitasuna…)”.

Zer da ahula izatea eta zer ausarta: “Esanguratsua da gizonen ausentzia dolu taldeetan, indarra erakutsi behar dugulako. Baina ausardia handia behar da gure ahulezia eta barne-barneko sentimenduak adierazteko, lotsak gainetik kentzeko”.

Hau txikitatik ikasi genuen, oinarrizkoa da, baina ondo dator behin eta berriz gogoratzea: “Bakarrik gelditzen da gugandik ematen duguna, bakarrik gara ematen. Bakarrik gure burua husten hazi gaitezke, eta besteak haztea”.

Umorea bizitza hau edertzen eta erlaxatzen duen indar horietakoa da. Baina zer da seriotasuna? “Seriotasunaren muina da gure burua hilda ikustea, irudikatzea. Bizitza ez dela (soilik) jolas edo komedia bat konturatzea da seriotasuna”. Halaber: Heldutasuna dator zoritxarrei aurre egiten ikasten dugunean, gaitasun batzuk hartzen ditugunean”.

Mugiarazten gaituzten emozioak daude, bai eta geldiarazten gaituztenak ere: Tristezia puntu estatikoa da doluan, emozioak eteten dira, geldirik geratzen gara”.

Gaur egungo egoera globala: “Zoriontsuak izan gaitezke mota guztietako indarkeriak inguruan ditugunean, kolapso ekologikoa gero eta gertuago dagoenean?”.

Medikuntzaren historia amaiezina: “Medikuntzaren aurrerakuntzak hor daude, gaur egun ez gara hiltzen gure arbasoak hiltzen ziren zergatiengatik. Gaixotasun batzuk menperatu ditugu, baina beste batzuk agertu dira. Sisiforen mitoa bezalakoa da”.

Zerrendan dauden zeregin garrantzitsuak: “Zer egin nahi dut gelditzen zaidan bizitzarekin? Zer da lantzeko daukadan gauzarik baliotsuena? Aurrean daukadan bidaiaren tartea norekin ibili behar dut? Zein leku bisitatu behar dut? Zein pertsona agurtu? Zein maisu-maistrari eskertu behar diot ikasitakoa? Zeini barkamena eskatu? Zer irakurri behar dut? Zein artelani so egin?”.

Eta amaitzeko, hiru bertute nagusiak: “Maite dugun norbaiten hilobiaren aurrean, gizakion hiru bertute handiak ikasten ditugu: umiltasuna, errukia eta arima-handitasuna*”.

*Azken hau “magnanimidad” moduan itzuli behar dugu.

Agian bizitzea hau da

Bide batetik baino gehiagotik iritsi zitzaidan liburu honen berria, eta azkenean liburutegian eskatu eta nonbaitetik ekarri zidaten. Medikua eta alpinista da idazlea, Jorge Egocheaga, zortzimilako guztiak igo dituen lehen asturiarra.

Bilatutako bakardadearen adibide ona da Jorge, jendetzak saihestu eta aszetismoa eta umiltasuna lantzen dituena. Eredu ona, hasteko. Isiltasunaren apologia topatu dezakegu pasarte honetan: “Hiru urte bete arte ez dugu ikasten hizketan, baino askoz ere gehiago isiltzen ikasteko. Batzuk sekula lortzen ez duten arren“.

Eskaladaren apologia ere, noski, sorkuntzarekin ondo lotuta: “Eskalatzea, krokis zehatzik gabe, sorkuntza ekimen bihurtzen da, literatura, margolaritza, musika edo zinema bezalako arte adierazpenen antzekoa. Sorkuntza motibazio giza iturririk handientzat jotzen dut“.

Bizi-bizirik sentiarazten gaituzten pasioen bila aritu: “Zerk bultzatzen nau itzultzera? Zergatik nago berriro hemen? Zure pasioei ihes egitea absurdoa da. Zer zentzua izango zuen bizitzak haiek gabe? Nahiz eta aitortzen dudan bizitza lau bat askoz ere errazagoa dela… eta aspergarria“.

Nahiz eta, batzuetan, pasio horiek arriskutsuak izan: “Zure ametsak bete ahal izateko zein da ordaindu behar duzun prezioa? Edozeinek balio du, altuena den bizitzak berak barne? Istant batek balio al du bizitza ibilbide oso bat? Men egin behar dugu bizi garen gizarteak inposatutakoari?“.

Izan ere, Jorgek oso gertuko pertsonen heriotzak bizi izan ditu (bikotekidearena eta lagunena), mendian gertatutakoak. Eta horrela definitzen du dolua: “Tortura fisikoak jasan ditut, min biziak, istripuak, baina ez dago antzeko ezer asko maite duzun izaki baten galerak eragiten duen sufrimenduarekin konparaturik“.

Eta horrela gainditutako (edo igarotako) dolua: “Galerengatik tristura horrek hor jarraitzen du, sakona, tematia, maltzurra, baina orain askoz ere bareagoa, min lasai batean bilduta, sosegatua, laguna dagoeneko“.

Espiritualtasuna: “Fededuna izan naiz. Baina horri uko egiteak areagotu du nire esparru espirituala. Panteismo bat posibletzat jotzen dut. Sinesmen honek naturarekin sintonian egonarazten nau“.

Gure Lehen Mundu honetako burbuila: “Ur edangarria zure etxean bertan, etengailua sakatu eta bonbila bat piztea, komunera joan ahal izatea etxetik atera eta hotza pasatu behar izan gabe gure gizarteko eguneroko luxuak dira, baloratzen ez ditugunak“.

Porrota / arrakasta: “Porrota ez da helburua ez lortzea, bideari ekiten ez saiatzea da“.

Zorion distirak: “Irribarre iheskor eta konplize bat, egunsentiko freskura, egun bero batean txokolatezko izozki baten zaporea, txori goiztiar baten kantua, ustekabean harrapatzen zaituen liburu baten irakurketa… Agian bizitzea hauxe da“.

Motzean, oso Maria Coffey eta oso MHHH. Identifikatuta sentitu naiz, 4.000 mila metrotik beherako nire mailan.

Milesker liburua gomendatu didaten horiei!

Bakarka

Torreoia (Zarautz)

Bakarrik ibiltzea gustuko dut. Betidanik gozatu dudan gauza bat da. Zinemara, mendira, museo batera joatea bakarrik, mundutik isolatu eta mindfulness ariketak egitea, arreta osoaren kontu hura zer arraio zen ez nekienean ere.

Betidanik egon da hor familia gertua, gurasoak, anaia-arrebak, izeba, amona… Baina, egia esan, independentzia izan da baloratu eta praktikatu dugun jarrera bat gure familian. Baita arlo pertsonalean ere.

Gero etorri zen Maider,  eta geroago Pello eta Aiora. Hasieran bikoteka (garai ederrak), geroago taldeka (orain faltan botazen ari naiz), eta oraindik tarteka bakarka. Lagunduta zenbat disfrutatzen dudan, baina baita nire kabuz ere. ”El buey solo bien se lame”, entzun nuen gaztetan. “Bakarrik azkarrago joango zara, taldean urrunago”, orain dela gutxiago.

Kontu bat da bilatutako eta gozatutako bakardadea, bestela, eta guztiz  kontu desberdina nahi gabekoa, behartutako isolamendua. Lehengo egunean hasitako haritik tiraka, komiki bat irakurri dut (mila esker, Ana): Seek you (“Sobre la soledad”, gazteleraz), Kristen Radtke idazle eta marrazkilari estatubatuarrarena.

Ez dugu gogoratu nahi, baina pandemiarena izan zen eskala erraldoian bakardadearekin izan genuen bizipen kolektibo traumatikoa, eta komikian jasota dago, beste puntu batzuen artean. Bistan da depresioarekin bakardadeak izan dezakeen lotura, baita beste gaixotasun batzuekin ere, minbizia barne.

UCLA Loneliness Scale ez nuen ezagutzen, baina ariketa ona da nork bere burua kokatzeko. Aipatzen da liburuan, baita beste puntu potente bat ere: muturreko bakardadea eta indarkeriarekin arteko lotura potentziala. AEBetan ezaguna da armekin duten arazo potoloa, eta “otso bakartia” kontzeptua sarritan honekin lotuta dago, tiroketekin, atentatuekin eta abar.

Halaber, hiri handi batean bizitzea ala herri batean zein desberdina den arlo honetan ere, adibidez NYC ala Wisconsingo herri batean, Kristen Radtkeren kasuan bezala, komikian agertzen den bezala.

Amaitzeko, Harry Harlow zientzialariak 1950eko hamarkadan isolamenduari buruz argitaratutako ikerketak deskribatzen ditu Radtkek, tximinoekin egindako esperimentu beldurgarriekin. Bibliografia interesgarria ere eskaintzen du bestela.

Horra hor gomendioa (berriz ere, esker mila Ana).

Fede berriak

Jaungoikoa hil eta gero, mundu berri batean sartu gara. Denbora gutxian, 30-40 urtetan. Historiako fase garrantzitsua eta interesgarria bizitzen ari garela esan dezakegu. Gure Herri txiki honetan bereziki kontraesankorra da egoera.

Asteroko ariketa gomendagarria da Jose Maria Pastor irakurtzea. Gaurkoan: “Garapen bitxia izan dugu gurean. Elizak gurtzetik elizak erretzera pasatu gara —zentzu metaforikoan ari naiz—. Mutur batetik bestera bi belaunalditan. Horretan ere ez gara normalak. Euskaldun fededun leloa gogorarazi digu Pruden Gartziak bere liburuan. Halaxe da: euskaldun dogmadun, alde batetik edo bestetik. Jon Sarasuak gizartean eta bertsolaritzan izan den bilakaerari buruz hitz egin du. Ba al da bertsolari fededunik? Seguru. Izango ez da, ba!“. Euskaldun dogmadunak, orain dogma berriekin: Kirola, osasuna, hizkuntza bera (gutxitua edo besteak), ideologia, postmodernotasuna bera…

“Arantzazu. 36 zm, 5 mende, herri 1” dokumental bikainean ederto jasotzen dute Kristautasunaren gainbehera, Arantzazuko santutegiaren kasuarekin. Eta, aldi berean, Espiritualtasunaren garrantzia. Hil dugun Jaingoikoak utzitako hutsunearen aurrean egarri eta behar espirituala, gero eta nabarmenagoa dena. Ekialdeko erlijioen elementuak harrera ona daukate, heldulekuen bila gabiltza, fede berrien bila.

Pruden Gartziaren liburuan ere (argazkian) pasarte batzuk irakurri ditzakegu gai honi buruz, ikuspuntu nagusia historiko eta politikoa den arren.

Zerua eta lurraren arteko eremu honetan jarraituko dugu, bitartean. Lurrean etzanda, zerutik urrun, Ruper Ordorikak kantatzen duen moduan. Edo zer dakit nik nola.

Oreka

Abestiak dioen moduan, “orekak ez du balio lurrean zaudenean”. Arrastaka zaudenean, alegia. Beste muturrean.

Gustu handiz leitu dut Jasone Osororen liburua (ikus azala argazkian), oso gustura. Gorka Urbizu, Joxemari Agirretxe “Porrotx”, Eneko Atxa, Izaro Andres, Harkaitz Cano, Eva Domingo, Maider Egues, Jon Garaño, Aizpea Goenaga, Markel Irizar eta Itziar Ituño elkarrizketatu zituen, eta atalka aztertu ditu erantzunak, gaika, bere bizipenekin osatuta (Jasonerenak) eta beste pertsona batzuek esandakoekin. Liburutegian eskatu, ez baduzu irakurri, edo liburudendan erosi. Zalantzarik ez izan.

Arrakasta. Ondo kudeatu beharrekoa, porrota bezala. Euskeraz, lekuz bi letra aldatzea besterik ez da behar batetik bestera pasatzeko. Arrakasta, arrastaka. Eta bizitzan horrela da, une batean goian zaude, eta bestean behean. Gurutzetako ospitalean izan nuen lankide batek sekula ahaztuko ez dudan gauza bat esan zidan: “Sarritan, domina ipini dizun pertsona berak, aurrerago, kenduko dizu”. Horrela da.

Gogora etorri zait dokumental zoragarri bat, pelikula bera eta “makingof”-a dira liluragarriak. Eta ikaragarria zuzendari eta gidoigilearekin gertatu zena: Malik Bendjelloul-ek berreskuratu zuen ahanzturatik Sixto Rodríguez musikariaren istorio harrigarria. Lehenik eta behin musikaria bera topatu AEBetan, hilda ez zegoela jakin ondoren. Topaketa grabatu, berarekin Hegoafrikara bidaiatu, herrialde hartan zein nolako arrakasta izan zuen deskubritzea, kontzertu bat ematea. AEBetan oihartzun txikia izan zuen musikaria bera Hegoafrikan oso mirestua izan zen, Rodriguezek berak jakin barik. Haren herrialdean “loser” bat, Hegoafrikan Jainkoaren pare.

Baina Bendjelloul-en istorioa ere ezagutzeko modukoa da: Suedian jaioa, aita aljeriarrarekin. Ikus-entzunezkoak ikasi eta telebistan hasi zen lanean. “Searching for…” izan zen bere lehenengo pelikula, zuzendari moduan. 2012an estreinatu eta 2013an Oscar Saria irabazi, baita arrakasta ekonomikoa lortu ere. Sputnik-en moduan goi-goian unibertsoan. 2014an, hala ere, bere buruaz beste egin zuen, depresioak jota. 36 urte zituen.

Oso kasu dramatikoa da, musika eta zinemaren munduan askotan errepikatu dena. Hor ditugu 27koen klubarenak.

Orekak salbatzen gaitu azkenean, Gorka Urbizu bat, Itziar Ituño, Izaro, Porrotx… Orekak balio baitu hala lurrean nola zeruan zaudenean.

Zaintzearen artea

“Nurturing and caring”. Leon Zernitsky. Fine Art America.

Pazientzia behar duzu, handia. Errespetatzeko gaitasuna edukitzea, nahiz eta zure printzipioen aurka joan zaintzen ari zarenak eskatzen dizuna, nahiz eta ez ulertu. Prest egon behar zara pertsona hori galtzeko. Argi izan behar duzu zaintzaileak bere burua zaintzearena ez dela esaldi polit bat, besterik gabe. Isiltasuna kudeatzen jakin behar duzu. Umorea baliatzen jakitea ere oso garrantzitsua da, noiz erabili eta noiz ez. Izan ere, umorea da eraikuntza masiboaren arma bikaina. Artea da hau guztia aurrera eramatea.

Maitasuna beharrezkoa da, noski. Eta ontasuna behar duzu, bihotz ona izatea. Bihotz onegia, barne, batzuetan. Esate baterako, zeure bikotekide ohia haren bizitzaren amaieran zaintzeko. Maitasuna agortu zen, noizbait. Are gehiago, gorrotoa piztu zen. Baina errukia dela-eta, itzultzen zara, eta jagole lanetan jarduten duzu. Bihotz handiegia dela-eta.

Behin baino gehiagotan bizitza errealean, kontsultan, ospitalean ezagututako kasuak dira hauek. Beti konbinazio bera: Gizona zaindutakoa eta emakumea zaintzailea. “Bihotz handiegia” liburuan bezala, Eider Rodriguezena. Primeran deskribatuta daude tentsioa, iragana, oraina, onberatasuna, gupida. Aita, ama, alaba, txakurra, amaren bikotekide berria. Literaturaren artea.

Artea da zaintzea. Honi buruz solastatu ginen Arrasaten aurrekoan, Nagusien Kontseiluak antolatutako astean. Zainketen etikaz. Duintasunaz, autonomiaz, justiziaz, ekitateaz. Berba potoloak, definitzen kostatzen zaigula, haietako batzuk behintzat. Abantaila da denok izan dugula inoiz beste pertsona bat zaintzeko bizipenen bat, umea izan ala heldua. Adin batetik aurrera, behintzat, ia seguru. Eta emakumezkoa baldin bazara, are seguruagoa.

Musikaren artearekin amaituko dugu testua, Arrasaten lehengo egunean entzun genuen abestiarekin. Izan ere, hauskortasunaren (zaurgarritasunaren) kontzientziarekin ekin genion hitzaldiari: Zein hauskorra naizen, zein hauskorra zaren, zein hauskorrak garen.

Zerbait ezberdin irakurri nahi?

Hau ere Bizkaitik dator, beste haize ufada fresko bat, beste zerbait desberdin. Nerea Arrienen “Jende likidoa” bezala, azken hilabeteotan irakurritako beste harribitxi bat da.

Oihane Amantegi, ipuin honen egilea, Humbertoren alaba da. Aita udaren hasieran ezagutu nuen, eta berak oparitu zidan liburua, gaia zein den kontuan hartuta, eta egun hauetan irentsi dut. Ezin dut beste modu batean deskribatu, ez denez ‘irakurri’ izan. Ez da ohikoa dolu perinatal batez idaztea. Ez da ohikoa ahizpa baten ahotsetik kontatzea. Ez da ohikoa aukeratutako kokapen geografikoa, AEBetako hegoaldean nonbait. Nonbait hartako ibai baten ertzean.

Ausardia horrek saria du, zalantzarik gabe, lehenik eta behin irakurlearentzat. Liburu bat amaitu ostean sentsazio atsegin horrekin gelditzea ez da beti gertatzen, sentsazio musikal horrekin, are gutxiago. Oihanek gogorarazi dit, gainera, geure aitak zeukan ohitura bat, txikitan zai-zaila iruditzen zitzaidana: Harmonika jotzearena. Beste bitxikeria bat, liburuaren pasarte batean baino gehiagotan ateratzen dena. Nahiko onirikoa da dena, Karonteren aipamena, emakume afroamerikarren agerpena, ibai izoztuena…

Orain piztu dit gogoa hurrengo harribitxia irakurtzeko. Izenburu bitxia dauka horrek ere.

Heriotza sapiens batek neandertal bati azalduta

Aitor lagunak liburua helarazi zidan, izenburua erabat erakargarria duena. Zientzialari eta idazle baten arteko elkarrizketa da, zientzia eta mitoaren artekoa, burua eta bihotza elkarri begira.

Umorez hasten da liburua, hasierako atalaren tonua aparta da. Juan José Millás idazleak apur bat Woody Allen-en rol neurotiko eta dibertigarria hartzen du, Juan Luis Arsuaga antropologoak alde arrazionalari eusten dion bitartean. Gure barnean dauden bi aldeak ondo islatuta gelditzen dira biengan, abstrakzioa eta zehaztasuna, sentitzea eta pentsatzea.

Filosofia irakaslea oso ona izan nuen gaztetan, jesuita gaztea zen, pasioz betetakoa, eta hainbat gauza iltzatuta gelditu zaizkit orduko irakaspenetatik. Besteak beste, mitoa eta zientziaren arteko eboluzioari buruzko grafika. Zelan gizateriaren hastapenetan dena zen mitoa, pentsamendu magikoa, eta nola mendez mende azalpen arrazionala joan den garatzen eta gailentzen. Zelan Jaungoikoa hil dugun beste jaungoiko ugariri bidea zabaltzeko, jainkotasuna atomizatzeko. Oso eztabaida interesgarria da, liburuan ondo jasota dagoena, baina eguneroko bizitzan ere behin eta berriz adierazten dena.

Egunerokotasunetik kanpo, bidaiatzen egon gara hiru astez familian, eta ohiturei salbuespena ezarriz, ‘best-seller’ bat hartu nuen abiatu baino lehen herriko liburutegitik. Liburuaren kokapenengatik hautatu nuen “Origen” (Dan Brown) eleberria, Bilbo, Bartzelona eta Budapest, hain zuzen udako bidaian bisitatu dugun bi hiriburu egon dira hiru haien artean. Liburuaren mamia, bestela, Arsuaga eta Millás-en testuaren hariarekin oso lotuta dago: Erlijioak itzaltzea eta, haien ordez, Zientzia nagusitzea. Horrela, hizki larriz.

Sapiens eta Neandertal-en elkarrizketara itzulita, zahartzea eta heriotzaren aurkako ahalegin zientifikoek argitalpenaren zati handi bat hartzen dute. Gizakia jainko lanetan, alegia. Ahalguztidunak izateko bidean. Misterio handien kontra edo eurak argitzeko (alferrikako) esfortzu erraldoietan murgilduta.

Liburuaren amaierako esaldi hauekin lagako zaituztet, benetan argigarriak nire ustez:

“Zientziaren arazo nagusia kontzientzia da, zu eta ni existitzea. Kontzientzia lankidetzarekin lotuta dagoelako”.