Atipikoa

Liburuak Literaturarekin (maiuskulaz) lotzen ditugu. Eleberriekin, ipuinekin, olerkiekin. Saiakera genero atipikoagoa da. Eta formatu elektronikoarekin ez gara guztiz ondo moldatzen, nik behintzat gehien-gehien-gehiena paperean irakurtzen dut oraindik. Baita egunkaria ere.

Beraz, lehengo egunean Arrasaten Arrasaten egin genuen liburu aurkezpena oso atipikoa izan zen. Aurretik Bilbon eta Oñatin izan zen bezala. Idazlea ez den mediku batek idatzitako saiakera bat, liburu elektronikoaren formatuan. Dokumentalgilea ez den mediku horrek egindako hiru dokumentalen inguruan egindako lana da, gainera. Atera kontuak.

“Heriotzak eta doluak. Trilogia dokumental bat” izenburua dauka liburuak, eta linkean sakatuta deskargatu eta lasai irakurri dezakezue, zinez mamitsua da. Ea zer iruditzen zaizuen. Trilogia honetan parte hartu duten 32 pertsonetatik 3 egon ziren Mondragoeko aurkezpenean: Eider Otxoa eta Iker Barandiaran (AH) eta Olatz Etxabe (SB). Eiderrek gogoratu zuen nola batu ginen lehengo egunean berriz ere, 14 urte eta gero ere espazioak eta uneak konpartitzen jarraitzen dugula Iker, Eider eta hirurok. Bejondeigula. Itzela da bidean ezagutu ditudan pertsona hauek guztiak, baita Kulturaten zeuden asko ere, pazienteen alargunak edo alabak, lankideak… Ederra benetan bidea eta ikasitakoa.

Arrasatetik Oñatira, aurreko astegoienean elkarrekin egon ginen Zarautz Herri Zaintzailearen lau kideok Arantzazun, Goiko Bentan. Etxe hartan, bazter batean baino gehiagotan igartzen da artista atipiko handi baten aztarna, Jorge Oteiza-rena. Orion jaiotako zarauztarra. Miriam Mendoza bezala, gure taldekidea. Zarauztarrak Arantzazun: Aizpea Manterola, Anjel Irastorza, Miriam eta laurok, zarauztar tipikoak edo atipikoak, bertan jaioak ala ez. Hainbeste ez du axola.

Axola duena da konpartitzen duguna, urtean zehar egiten dugun lana, aurreko asteburuan egindako autozainketa ederra: Qigong, bihotzeko fonoteka, mendia, gastronomia, ipuin kontaketa, Death Kafea Goiko Bentako ganbara dotorean. Borobila.

Bizi gara!

PD.- Beste liburu atipiko bat, beste mediku atipiko batek idatzitakoa: “0 negatiboa”, Arantzazu Lizartza. Filosofia ikasi nahi zuen sendagilea. Medikuntza narratiboaren aldeko beste apustu bat.

Trilogia dokumental bat: MHHH

Eta 2018. urte iritsi zen. SECPAL zainketa aringarrietako biltzarra izan zen Gasteizen, eta batzorde antolatzailean parte hartu nuen. Osasun profesionalak ez ziren herritarrei begira, hainbat ekitaldi antolatu genuen hirian zehar, kongresua baino lehenagoko asteetan, zinema, antzerkia eta abar. Ofizioz medikua eta afizioz mendizalea naizenez, bururatu zitzaidan Jorge Nagoreri elkarrizketa bat egitea, bizitzaz eta heriotzaz, mendiaz eta hiriaz, Iñaki Ochoa de Olzari buruz eta Jorgeren amari buruz. “Mendian hil. Hirian hil” izena ipini nion ekitaldiari.

Hurrengo urtean, Santiago de Compostelan izan ziren SECPALeko jardunaldiak, Galizian. Eta hor piztu zitzaidan argitxoa. Proiektu honetan ez zen krisialdirik egon aurretik, beste bide batetik etorri ziren musak. Jorgerekin harremanetan ipini nintzen eta gero Izaskun Andonegirekin. Honek Aretxabaletako familia baten berri eman zidan, Mikel Cresporen gurasoak ziren. Banan-banan beste protagonistak batzen joan ziren, eta collage dotore bat eraiki genuen (AH-ekin egin genuen bezala). Grabaketak egin baino lehenagoko prestaketa hauek asko disfrutatu ditut hiru pelikuletan.

Hirugarren eta azken honetan, bestela, nire onena eman izanaren sentsazioarekin gelditu naiz. Teknikoki hoberena eta mamitsuena da. Borobilena. Lehendabizikoa egin nuenean ez neukan inongo trilogia borobiltzeko asmorik, ezta bigarrena eginda ere. Modu naturalean etorritako kontu bat izan da, pentsatzen dut beste askori gertatutako gauza bera izango dela.

Badakizuenez, handia da euskaldun jendeak mundu osoko mendietan egindako jarduera historian zehar. Istorio ederrak, epikoak eta zirraragarriak kontatu daitezke, eta eurekin batera mendian tarteka gertatzen denarekin: heriotza. Jende gazteak edo oso gazteak pairatutakoa. Tarteka hirian ere gertatzen dena, bestela. Zorigaitzeko istripuak gehien-gehienetan, baina ez guztietan. Ez dugu ukitu, baina suizidioa ere han goian gertatzen da batzuetan.

Hiriari buruz hitz egoten dugunean, Bilbo erakusten dugu. Ez dauka AH-en daukan presentzia, baina ardatz nagusietakoa da. Izan ere, estreinaldia Bilbon egin genuen, Mendi Film Festivalean. “Zortzimilako” batekin hasi ginen, eta handik aurrera aurkezpen pila egin genuen 2021ean zehar, hala Mendi Tour zoragarriaren eskutik, nola gure kabuz. Areto komertzialetan ere ibilalditxoa egin genuen, lau hiriburuetan, Golem, Principe eta Florida zinemetan. Lehen esan bezala, zurrunbilo hau guztia kudeatzen ikasi behar da, izan 8.000 metrotan, 1.500 m-tan, edo hortik behera. Izan ere, “zergatik neurtu mendiak metrotan, eta ez bizitako uneen edertasunean?”. Hain zuzen ere.

Trilogia dokumental bat: SB

Zuhaitz hau Udalatx mendiaren magalean dago, erabat makurtuta haizeengatik, baina zutik. Bi protagonistak irudikatzen ditu, antagonikoak ematen dute, baina zuhaitz bera da errealitatean.

Aurreko dokumentaletik kanpo ez zen gai asko gelditu, baina esparru arantzatsu eta garrantzitsu bat bai, oso lotuta dagoena munduko gure bazter honekin. Beste leku batera begiratu genezakeen azken 4-5 hamarkadotan izandako hainbeste hildako eta zauritu ondoren, baina jatorri politikoko indarkeriek eragindako heriotzei ere heldu nahi nien, eta haiek eragindako doluei. Eta itsaso horretan dzanga egin genuen, edo terrorismoaren putzuan, nahiago baduzu.

Gai delikatu hauei aurre egiteko beldurra gainditzearen ildotik, SB beste urrats sendo bat zen. Bestelako heriotza motei begiratzeko ausardia biltzen baldin badugu, behin baino gehiagotan egiten baldin badugu, enpatia ariketa horiek errepikatzen baldin baditugu doluan daudenekin, emozionalki entrenatuta eta prest egongo gara. Baita biolentziaren ataka latz eta mingotsak pasa dituztenen begietara begiratzeko ere.

Berriro, SB egiteko argitxoa beste krisialdi pertsonal batek piztu zuen. Amaren heriotzak, 2015eko hasieran, lurrikara emozionala eragin zuen seme-alabon artean, hilabete oso zailak izan ziren ondorengo haiek. Lanean topera nenbilen, hain zuzen ere hainbat pazienteren bizitzaren amaieran, eta euren heriotzek senideei ekarritako seismoekin lagundu nahian. Mugan nengoen, norbaitek putz eginez gero lurrera eroriko nintzateke, eta horixe bera gertatu zen. Orain arteko nire garairik ilunena izan zen, zalantza barik.

Zumarragako ospitalean pairatutako gatazka pertsonal batetik gatazka kolektibo erraldoi horretara egin nuen jauzi. Kontatuko genituen bi istorio zehatzak gertuagotik ezagutu ahal izan nituen. Sandra eta Olatz bi protagonistak ondoan nituen, aspalditik lan egiten dudan udalerrian, hortxe. Euren istorioen berri ere nola edo hala baneukan, baina patuak ekarri zidan Arrasateko bi emakume hauek ezagutzeko abagunea. Eta hortik joan ginen SB eraikitzen.

Lehenik eta behin, Aitor lagun musikariarekin harremanetan ipini nintzen, itxura ematen joan ginen, narratzaileak aukeratu genituen eta, formatu desberdin batean, obra eszeniko bat sortu genuen, izen artistikoekin sinatuta, Mudoh eta Patxi Lurra moduan. Izenburuan, sumina eta samina arteko hitz jolasa egin dugu, gaiari errukiaren kontzeptu garaikidetik begiratuta.

Gogora Institutuak diruz lagundu zigun, eta poliki baina konbentzimenduz ibili gara herriz herri aurkezpenak egiten, Baketik elkartearekin hasieran, Bakeolarekin jarraian edo gure kabuz. Esperimentu zoragarria izan da, gure aportazio xumea dolu kolektibo handi hau gainditzen laguntzeko.

Trilogia dokumental bat: AH.

Argazkiaren eskuinaldean dagoen egurrezko aulkia Otsagabian egindakoa da. Urkuluko urtegiaren inguruan paratu genuen, atzean Orkatzategi eta lerro bereko mendiak ikusten direlarik. Eguzkia da argazkiko truku bakarra.

Lehenengoa beti da lehenengoa. Ikus-entzunezkoen zure burua mundu honetan estreinatzea, kontu berriak ikastea, estutasunak igarotzea eta, aldi berean, prozesuarekin gozatzea.

Dokumentalaren genesian, sorkuntza prozesuekin sarritan gertatzen den bezala, krisialdi bat egon zen: aitaren heriotzatik 5 urtetara, amari ere beste tumore bat diagnostikatu zioten. Hiru urte lehenago Aiora jaio zen, Bilbon, eta 2012ko amaiera hartan berriro hasten ginen bestelako kontuekin, ostera hastera. Eguberri hartan etorri zitzaidan inspirazioa, deitu ustekabea, nahi duzun moduan. Baina hiru pelikulekin antzeko zerbait gertatu zait.

AH, lehenik eta behin, oroimenaren aldeko aldarria da, alzheimer sozialak eta beldurrek bultzatutako ahanzturaren gainetik. Hala minbiziaz nola biziminez egiten dugu berba. Tabuen artean tabuena den suizidioaz eta baita dolu perinatalaz ere. Testigantza pertsonalak adituen hitzekin tartekatuz, tarteka gutako batzuk osatzaile zaurituak garelarik.

Lehendabiziko dokumental honetan, baita hurrengo bietan ere, mezu nagusietako bat da doluan dagoenari denok lagundu diezaiokegula, osasun profesionala izan barik. Alboan eginda, batik bat entzuten. Denok dugun enpatia gaitasuna lantzeko gonbidapena da. Hanka sartzeko beldurra arintzeko sortu genuen.

Beharbada hiruretatik hauxe da akademikoena, baina beharbada arima ere badaukalako, edo momentu egokian sortu genuelako, ibilbide harrigarriki luzea izan du. Euskal Herrian, eta baita hemendik kanpo ere, aurretik bagenekien gauza bat egiaztatu dugulako: hizkuntzak ez direlako oztopoa nahi ez duenarentzat. Dokumentala ulertzeko nahi duten guztiek arazorik ez dutelako edukiko. Erabakia norberarena dela, azpitituluak irakurtzea lana bakarra dela.

Bestela, arrakasta kudeatzea ere irakaspen handia izan da. Real Sociedaden zaleok ez gaude ohituta erramu koroekin, sariak irabazten dituzten pelikulei ematen dizkietenak. Ederra da telebistan, irratian eta egunkarietan agertzea, zinema aretoak beteta ikustea eta txaloak jasotzea, baina hau guztia jakin behar da bideratzen. Lehenik eta behin gogoratzea dokumental bat pertsona askoren ahalegina dela, protagonistena hasteko eta behin. Umiltasuna ez da galdu behar, Erreala garela oroitzea, ez gehiago, baina ezta gutxiago ere. Jose Migel Barandiaran maisuari behin irakurri nion sagar gehien dituen sagarrondoa apalena dela, fruituen pisuagatik makurtuta dagoelako, bera zegoen bezala. Halaber, bidean ezagutzen ari naiz horrelako “zuhaitzak”, eredu onak direnak.

Izan ere, 2014an bereziki, eta 2015ean ere jo eta ke ibili nintzen leku batetik bestera aurkezpenak egiten. 100 proiekzio publikotik gora egin ditugu 10 urtetik gorako ibilbide honetan. Liburu bat egin zitekeen leku haietan guztietan gertatutako pasadizoekin. Gugan gera bedi, eta bejondeigula.

Trilogia dokumental honi buruzko liburua on-line irakurtzeko: “Heriotzak eta doluak”.

Konexioak

Ebro ibaia Tortosatik pasatzen.

Bitxiak dira batzuetan sortzen diren konexioak. Erronkari aldean garai batean erabiltzen zituzten almadiak, ibaien bidez egurra garraiatzeko sistema, Huesca aldeko Pirinioko ibarretan erabiltzen zuten berdina zen (“nabatas”), baita munduko beste hainbat tokitan egon den oso modu antzekoa ere, leku bakoitzean izen bat hartzen zuelarik. Pirinioetatik jaisten ziren Ebro ibaira, eta hortik itsasoruntz, Delta alderantza.

Aurreko asteburuan Tortosan egon naiz, almadiak garai batean iristen ziren zonaldean. Bizitzan konexio bitxi horietako baten bitartez, nabatak gaur egun ere eraiki eta ibaian gidatzen dituen pertsona batekin bidean topatu ahal izan dut, Jose Luis Palomeque, Sobrarbe aldekoa, Marta Sariñena dolu adituaren bitartez ezagutu dudana, Monzónen bizi den zaragozarra. Ekainean Jose Luisekin Monte Perdidora igotzeko asmoa daukat, zerrendan orain arte zain egon den mendi handi horietakoa.

Beste konexio baten bidez, iaz amaitu nuen Masterrean Pau Margalef ezagutu nuen, medikua Tortosa aldean. Urtero jardunaldi medikoak antolatzen dituzte, eta aurten Zainketa Aringarriei buruzkoak* antolatu dituzte. Itxierarako, Master Amaierako Lanaren emaitzak aurkeztu ahal izan ditut aurreko ostiralean, katalanez modu erdi duinean nire burua defendatzeko gai izanik eta dena. Larunbatean, MHHH ikus-entzun genuen.

Konexioekin jarraituz, Eider Rodriguez errenteriarrak idatzitako istorio batean oinarrituta, “Los destellos”** film gomendagarria egin zuen Pilar Palomero zinema zuzendari zaragozarrak. Ba pasa den asteburuan Pauk kontatu zidan zelan Tortosan eta inguruetan filmatu zuten. Errenteria – Zaragoza – Tortosa.

Deltebre aldean orain dela urte asko egon nintzen familiarekin, baina Tortosa hiria ez nuen ezagutzen. Bistan da etxetik ateratzea eta mundua ezagutzea ederra dela, profitatu behar ditugula suertatzen diren aukerak bidaiatzeko. Nire kasuan autokarabanan, almadietan baino.

Bistan da bizitza bakarra dela eta momentua bizi behar dugula, jardunaldiak, zinema emanaldiak, zerrendako mendiak. Aurreko larunbatean, Barcelona eta Osasuna arteko football partida bertan behera gelditu zen, Barçaren talde medikoaren kide bat ustekabean hil zenez.

Bizi eta konektatu.

*http://www.academiaebre.cat/Atenció-Pal·liativa:-Una-necessitat-transversal-en-el-sistema-de-salut/

**https://www.filmaffinity.com/es/film3569

Liburua

Liburuaren azalean, nola ez, mendi bat. Baina ez edozein, baizik eta hiru tontor dituena, argazkian agertzen dena (ezkerretik eskuinera: Hirumugarrieta, Txurrumurru eta Erroilbide). Aitak erreferentziatzat zeukan mendia. Mugalaria, Gipuzkoa eta Nafarroa artean, eta Lapurditik nahiko hurbil.

Hiru tontorrena, izenburuak aipatzen duen trilogiagatik da. Baita liburua hiru hizkuntzetan idatzita dagoelako ere. Hasteko, eta estreinatzeko, euskaraz, noski. Booktegi plataformaren bidez, eta Aritz Brantoni esker. Hementxe duzue irakurgai: “Heriotzak eta doluak. Trilogia dokumental bat“.

Txikitan izan nahi nuena idazlea zen. Eta une hauetan, amaz eta amonaz gogoratzen naiz bereziki, eurek ederto ezagutzen zutenez idazteko neukan grina. Pozik hartuko zuten pasa den ostegunean argitaratu berri dugun liburuaren albistea.

Bestela, abeslaria abesten duena edo idazlea idazten duena dela esatea orokorregia da. Agian “ondo” gehitu beharko genuke (idazlea ondo idazten duena da). Edozein modutan, idaztearena aspalditik praktikatzen dudan zera bat da, eta blogarena entrenamendurik hoberena izan da, astean behin duela… 20 urte! (mila esker, Igor Leturia). Hasi Goienan, Mahatsorriekin jarraitu (ene! haiek garaiak!) eta bueltan Goienan.

“Zinemagilea” hitzarekin ere antzeko zeozer gertatzen zait, are okerragoa da egia esan. Batzuk animatzen dira horrela deitzen, baina urrutiegi gelditzen zait. Suposatzen dut komikiak literaturarako direnak direla dokumentalak zinemarako. Orduan “dokumentalgilea” horrekin bai, ados. Denok pozik.

Teaser moduan, edo amu moduan, hemen lagatzen dizuet beheko sarrera hau. Eta goiko linkean, liburu osoa, soinu-banda eta guzti.

Letren eta zientzien artean aukeratzeko esaten digute gaztetan. Bideak, hala ere, tarteko lurralde bat badagoela erakusten digu, eta batzuk hortik ibiltzen gara gure profesioetan. Liburu honetan, funtsean, medikuntza narratiboa izeneko hibrido baten emaitza da. Zinemaz, literaturaz eta psikologiaz irakurriko duzu, batik bat. Eta atzean, musika.
 
Bideak, halaber, irakasten digu bizitza hainbat emozio eta bizipenen arteko nahasketa dela: pozak eta tristurak, minak eta osaketak, erorketak eta altxatzeak, haserreak, itxaropenak… Zientziak dena ezin duela azaldu eta konpondu gogorarazten digu liburuak ere. Fantasia eta errealitatea ez nahasteko. Barrukoak partekatzen ikasteko. “Beti beste tontor bat badagoela gure zain”.