Suminetik Arpeara

Arpea leizea, Aezkoa eta Garazi aldeko mugetan.

Batzuetan momentu onek itxaronarazten gaituzte. Batzuetan zain egon behar gara urte batzuk, birus hark dena eten zuen tarte iluna barne. Baina azkenik, batzuetan, une gogoangarriak iristen dira.

Akaso ez gara joan sasoirik hoberenean, Aezkoako ibarrean berriz ere sumina piztu duten egun hauetan. Bistan da zauriak behin eta berriz zabaltzen duen jolas makabroa dela hau Zabalzatarrentzat. Behin betiko ixtea behar dutenean, familia honek eta beste hainbestek. Bakerik ez eurentzat, sumina, samina eta beste hainbat gorabehera emozional baizik. Eurentzat, ibarrarentzat, komunitatearentzat.

Aste honetan bertan, jardunaldi erabat interesgarria antolatu zuten Donostian, Mikel Zabalza bizi zen hirian. “Osasun mentala eta motibazio politikoko indarkeriaren biktimak” zuen izenburua saioak, eta bertan Carlos Martin Beristain, Pili Zabala, Sara Buesa eta Alberto Muñagorri egon ziren, besteak beste. «Biktimek identitate positibo bat berreskuratzea da ardatzetako bat». Beste ardatz bat elkarrizketa (orduak eta orduak eta orduak…), hitz egiten eta entzuten. Ematen eta jasotzen. Enpatia da beste gako bat, ezinbestekoa. Eta urrats bat haratago, errukia gehituko nuke, aldarrikatu behar den kontzeptu handia. «Denborak ez baitu dena sendatzen», baizik eta denborarekin egiten duguna.

Asteburuan, Ariben, “Suminetik eta saminetik bakera” aurkeztu dugu. Urte batzuk emanaldiarena planteatu ostean, azkenik iritsi da. Aribetik gertu, Orbaizetako Olan dago Zabalzatarren etxea eta Orbaizetako hilerrian bakean atseden hartu zuen Mikelek. Bakean? Zer da bakea?

Jakinda gizartean orokorrean hausnarketa hauek urrun daudela mainstream guztietatik, eta kontuan hartuta norabide guztietan piztu daitekeela sumina, egun hauetan ere ikusi dugunez, argi izan behar dugu norantz joan nahi dugun. Irribarrea nola edo hala ezin dugula galdu. Beti egongo dela norbait, Ariben konprobatu genuen bezala, gai dena ideologiatik haratago beste pertsona batzuen sufrimenduarekin konektatzeko gai dena. Enpatia deitzen duguna, hain zuzen ere.

Eta bakea, agian, babesa ematen digun leku hori izan daitekeela. Paraje berde ikusgarri haietan dagoen leize hura bezala. Edo mendiko harrizko borda abegikor hura.

Esker mila, Aitziber Olabarrieta.

Ura falta zaigu

Euria iragarri dute arratsalderako – Araba – Alea.eus

Abuelo Salva Peña Burgosko ur biltegiaren arduraduna zen, eta hiriko goialdean bizi ziren, gazteluaren hondakinen inguruetan. Amatxi Pilar Iturriak abizenean zeraman, baita aitak ere, baita nik ere. Ama Mediterraneoaren ertzean jaio zen, Serraten abestian bezala. Bere kasuan, Marokoko iparraldeko hiri batean. Haren ama Ebro ibaiaren ertzetan jaio zen, Zaragozan, eta aita, Gállego eta Aragoi ibaien artean.

Ur jendea, itur jendea, itsas jendea, ibai jendea. Zerrenda osatzeko Arlanzón, Nerbioi-Ibaizabal eta Onin erreka (Bidasoaren adarra) eta Lekeitio eta Zarauzko itsasertzak apuntatu behar ditut. Bai, hidrofiloak izan gara gure familian, eta ni behintzat erabat zalea naiz, edozein ur putzutan sartzekoa, hotza izan ala beroa. Mundua sailkatu daiteke modu honetan ere, eta gaur egun hidrofoboak dabiltza goleatzen nagusitasun osoz. Euriarekiko fobiari dagokionez, behintzat, aldarri ozena da. Oso gutxi gara hidrofiloak, eta geure artean ahapeka egiten dugu berba, klandestinoki.

Eta hau guztia dator “Jende likidoa” liburua irakurri dudalako (Nerea Arrien, 2021). Txunditu nau bere idazteko moduak, haize freskoa izan da. Poesia liburua iruditu zait, prosan idatzia. Istorio solteak ematen dutenak lotuta daude, gainera. Ibai guztiak itsaso berean amaitzen dira. Lekeitiorekin konektatu nau ostera ere, halaber.

Liburuaren mamia eta post honek daukana nahiko desberdinak dira, baina Katixa Agirreren “Sua falta zaigu” gogora etorri zait, eta aldaketatxo bat egin dut, garai idor hauetara egokituta.

Aldarri xuxurlatua izan da hauxe, gogorarazi nahi duena zuhaitzek, loreek eta landareek, argiaz gain, ura behar dutela bizitzeko. Guk jendeak bezala, baina ez esan inori.

Zahartzearen pozak

“Herri txiki, infernu handi” saioko argazkia (ETB1).

Igandeak oso egun aproposak dira egunkaria lasai irakurtzera esertzeko, bizitzaren plazer txiki horietako bat praktikatzeko. Plazer ‘zaharruno’ horietakoa, alegia, are gehiago gaur bezalako domeka euritsu batean. ‘Bizitzaren igandean’ ez nago oraindik, baina gustatuko litzaidake iristea, nola ez. ‘Ostegunean’ egongo naiz, honezkero, eta gustura irakurtzen ditut igandean daudenek idazten dituztenak.

Gaurko egunkarian, Andu Lertxundi herrikideak “Zahartzaroak badu idazten dionik” artikulua argitaratu du, harribitxiz betea: “Egunero ikusten nuen zahar jendea murrizten ari da, batek etxetik irteteari utzi behar izan ziolako; halakok munduari agur esan diolako”. Bizitzaren azaroan edo abenduan egongo da Andu, talaia horretatik mundura begiratzen du: “Iritsia naiz zahartzarora, eta Mari Luz Estebanen hitzekin esateko, «ez diot uko egiten zaharra naizela aitortzeari. Za-ha-rra»”. Neu abuztuaren amaieran edo irailean nago, baina bat egiten dut berarekin hurrengo pasarte honekin: “Pentsatzen hasia nago honezkero ez ote dudan hildako jende gehiago ezagutzen bizirik dagoena baino”. Ez dakit zuek, baina neu puntu horretantxe nago, lanbideagatik izango da seguru, baina horixe bera sentitzen dut.

Aurrera jarraituz, zahartzaroa da “bizitzak emandako azken aukera, beraz. Bizitzaren misterioa ulertu nahian segitzeko pagotxa“. Zortea ez, askoz gehiago, pagotxa. Zoria eta zahartzaroa uztartuta, ongi. Espiritualtasunean bete-betean sartzen, bikain. Eta beste kontzeptu desiragarri bat zahardadearekin lotutakoa, askatasuna. Hau, berriro, Mari Luz Estebanen hitzetan: “Zenbat eta zaharrago libreago. Libreago nahi dudana esateko, libreago nahi dudana egiteko“.

Amaitzeko, pozari buruz idatzi du kazeta berean Onintza Enbeita handiak: “Ez genioke geure buruari ezer bizitzerik ukatu behar: doluan dolu egiten jakin behar da, eta parrandan parranda, eta pozean barre, eta tristuran egon, eta zoriona eskuekin uki dezakegunean heldu. Joango da etorri den moduan; beraz, ez bainarik jarri. Ez gaitu beste munduan inork zigortuko zoriontsuegiak izan garelako“. Andurengana itzulita: “Atxakiak ez dira aitzakia“.

PD.- Adina eta bizipoza.

Behin behintzat

Bizitzan behin musulmanak Mekara edo kristauak Santiagora joateko dauden aginduak bezala, badaude Asturiasen pare bat leku bisitatzeko derrigorrezkoak,  Iberiar penintsulako iparraldean bizi garenontzat behintzat ezinbestekoak.

Lehendabizikoa, Covadonga eta inguruak dira. Nonbaiteko erdigunean egoteko sentsazioa hartzen duzun toki berezi-berezia da, Arantzazuren oso antzekoa. Bigarrena Sella ibaia da, eta zehazki bertan piraguetan egindako jaitsiera, “hil baino lehen nahi dut…” zerrendan apuntatu beharrekoa. Kantauri itsasoko ertzean bizi baldin bazara eta erdi sasoian baldin bazaude, behinik behin.

Duela urte mordo bat zerrendatik kendu nuen kanoen plana, ilea neukanean. Eta pasa den asteburuan bigarren aldiz igo nintzen Cuadongako santutegira eta aintziretara, aurrenekoa txikitan izan zelarik. Zorte handia izan nuen eguraldiarekin eta, euria lagun, ganorazko bisita suertatu zen. Bezperako sargoriaz libratu eta freskura itzuli zen paradisu hartara larunbatean, orbayu azpian ia-ia Vega de Arioko aterpetxeraino iritsi nintzen Ercina lakutik abiatuta, 5 orduko ibilbidean.

Peña Santa mendi-taldeak antolatuta, “Mendian hil. Hirian hil” proiektatu behar genuen Cangues d’Onís-en ostiralean, eta hara abiatu nintzen autokarabanaz. Asturiasen lehenengo aldia zen trilogiako dokumental bat aurkeztu ahal izaten genuela, horren aldetik beraz oso pozgarria. Goiko paragrafoan kontatutakoa ere gertatu zen, bigarren poza. Eta hirugarrena, domekan egindako mendi buelta dotorea, Pongako natura parkean, Peña Santakoek lagunduta eta Picu’l zorru gailurreraino igota. Azeririk ez, baina oreinak, sarrioak eta igaraba moduko bat topatu genituen.

Paradisuarena ez da amu turistiko soila, behin eta berriz familiarekin itzuli naizen lurraldea da hau, eta hiru Galeusca ere antolatu ditugu bertan (Horcaos Roxos, Picu Tesoreru, Peña Ubiña, Fontanes, Picu’l Vientu eta Cantu’l Osu). Hitzez hitzekoa da kontua.

Bestela, bizitzan behin eta berriz bidegurutzeetara iristen gara, eta bide bat edo bestea aukeratu behar dugu. Aurreko asteburuan benetan konplikatua zen hautua, Bilbon lagunekin sekulako musika plantzarra neukalako. Osasunaren alde egin nuen, itxura guztien arabera.

 

PD.- Santiago de Compostela edo Covadonga euririk gabe bisitatu baduzu, hobe duzu bueltatzea zorte klimatiko handiagoa izango duzunean. Eta, jakina, gauza bera aplikatu dakioke Bilbori. Gero eta zailagoa da kontua, baina ez ezinezkoa.

Gu sortu ginen enbor beretik…

…sortuko dira bertzeak.

Gaurko egunez, abuela ekarri gura dut gogora, bizitza erraza ez zuena eduki. Batetik bestera bizitokia aldatzen joan zena. Garai hartan senarrarengandik (abuelorengandik) banatu egin zena, geure ama aurrera atera zuena.

Gaurko egunez, amaz gogoratzen naiz. Gai izan zena gidatzeko baimena ateratzeko, zer eta hiri erraldoi hura gurutzatzeko eta geu txikitan eskolara kotxez eraman ahal izateko, Madrilen.

Gaurko egunez, arrebaz oroitzen naiz. Gai izan zena Albaitaritza ikasketak odolez, izerdiz eta malkoez aurrera ateratzeko. Gaur egun ez dakit albaitari hobeagorik topatu ahal izango duzuen Bizkaia aldean.

Gaurko egunez, amatxi oroimenera erakarri nahi dut, oroimena galdu zuena. Baina hitzak guztiz ahaztu baino lehen, hizkuntza berarengandik niregana iritsi zitzaidan. Opari erraldoi hau egin zidan.

Gaurko egunez, izebaz gogoratu nahi dut. Erizaina izanda, gure etxeko medikua izan zena. Berak hartutako lekukoa orain nik eramaten dut. Oroimena galdu baino lehen, berriro gogorarazi nahi diot.

Gaurko egunez, lehengusina gogoan dut. Bera ere bizilekua aldatzen joan da. Berak ere ikasketak odolez, izerdiz eta malkoez aurrera atera ditu. Zenbat pozten naizen berriro bat egin dugulako.

Eta gaurko egunez, azkenik, alabaz oroitu nahi dut. Enbor haietatik eta Errenteriakoetatik etorritakoa. Geu egongo ez garenean, espero dut mundua oraindik leku bizigarria izatea. Eta berak nahi duena izan ahal izatea.

Sorionegu

Iaz gehien aipatutako hitzen artean egon zen Arangurenen aurkitutako berba fosil zoragarria. Aurtengo negu harrigarri honek ekarritako elurragatik bizitako zorionarekin nahastuta, testu honen izenburua dator. Ekaitz Zilarmendiri irakurri niona, bertzalde. 

Negua, hotza eta euria, hala ere, postmodernitateak saihestu nahi dituen eleak dira. Heriotza eta zahardadea bezala. Ezkutatu beharrekoak, ahoskatuz gero erakarriko bagenituzkeen bezala. Pack berean ikusten ditut aspalditik, bizitzaren kontu itsusien artean sailkatutakoak. 

Jendartearen gehiengoak alde itsusia besterik ez die ikusten kontzeptu hauei. Batzuk, bitartean, beste aldea ere erakusten bagabiltza. Atzo, adibidez, MHHH dokumentala aurkeztu genuen Elizondon. Doluei buruzko trilogia honen dokumental batekin, lehendabiziko aldia izan da Baztanen egon naizela. Dolores Redondo bezala, trilogia eta guzi! 

Mikel Idoate eta Izarra tanatorioarekin batera egindako lehenengo kolaborazioa izan da, eta zorionez azkena ez da izanen. Ba atzo Mikelek, emanaldiaren promoa egitean Xorroxin irratian, “arratsalde polita” pasatzea espero zuela erran zuen. Eta hala izan zen, heriotza eta doluari buruz mintzatzen arrasti hotz-hotz polita igaro genuen. 

Beroa pertsonek ipintzen dugu, geure presentzia eta bihotzarekin. Milesker Mikel, Amaia eta Aizpeari, bakoitzari berea, badakizue zergatik. 

Sorionegu! 

Soinu paisaiak

Argazkia: Jana Winderen.

Aurreko astean Irratiaren Mundu Eguna ospatu genuen. Gizakiek inoiz egindako asmakizun handienetarikoa. Ezinbesteko bidelagun hura hainbat etxetan eta kotxetan. Gure etxean bai behintzat, gurasoenean eta oraingoan.

Azken hamarkada parean, kontu batengatik edo bestearengatik, deskubritzen ari naiz irratia gertuagotik, mikrofonoaren aurrean. Tarte ederrak pasatu ditut, egia esan, kate potoloagoetan (Euskadi Irratia bezala), edo txikiagoetan (Bilbo Hiria Irratia, Segura Irratia edo duela gutxi ezagututako harribitxia, Burgosko iparraldean, Radio Valdivielso).

Gazteleraz askoz saio gutxiago egin ditut, baina aurreko astean grabatu nuen Patxi del Campo lagunarekin “Distrito Euskadi” irratsaiorako Radio Euskadi): “Nosotros en cuidados paliativos vamos en segunda y, muchas veces, en primera”. (eitb.eus)

Programa horretan, duela urtebetetik gora, Patxi ari da osatzen soinu paisaien inguruko puzzle handi bat, bereziki isiltasunaren inguruan, entzute aktiboaren garrantzia nabarmentzen. Horri buruz egin genuen berba, hain zuzen ere, lehengo egunean, goian dagoen linkaren bidez entzun dezakezuen moduan.

Soinu paisaiak… Izenburu horrexekin idatzi zuen Samara Veltek artikulu ederra “Berrian”. Amaieran, honela idazten du: “Oxala guk ere datu basetxo intimoa sortu bagenezake, denborarekin bizitzatik galdu ditugun ahots-doinuak, desagertutako lagun bakoitzaren adierazpen bereziak eta hitz egiteko moduak noiznahi erreproduzitu ahal izateko“.

Horixe bera proposatzen du Jorge Nagorek, “Mendian hil…”-en pasarte hori gogoratzen baduzue (gaztelaniaz jaorrizkoan): “Gauza bakar bat: Grabatu ezazue, baldin ez badaukazue, zeuen amen, aiten, seme-alaben, bikotekideen eta abarren ahotsa. Grabatu itzazue. Haiek jakinda edo jakin gabe ere. Hori gutxienekoa da“.

Bakardadea

“New York movie” (Edward Hopper).

Kai txakurtxoarekin mendira joaten hasi nintzenetik, jada ez naiz bakarrik sentitzen bakarrik joaten naizenean, beste gizaki batekin joan barik alegia. Estigma soziala dauka bakardadeak, ukitu negatiboa.

Aste honetan bakarrik joan nintzen bakardadeari buruzko hitzaldi bat entzutera, Azpeitiara. Ainhoa Becerrak Foru Aldundiako “Hariak” estrategia azaldu zigun, Adinberri programaren barruan, besteak beste Zarautzek eta Azpeitiak bat egin duten egitasmoa. Norbanako moduan, gainera, atxikimendua adierazi daiteke on-line. “Hariak kantuz” programa izugarri ederra iruditu zitzaidan. Baita Legazpin egindako belaunaldien arteko ekimena ere.

Bakardadea dator komunitatearen parte sentitzen ez garenean. Maitatuak sentitzen ez garenean. Javi Yanguasek azpimarratu zigun bakardadea ez dela gaixotasun bat, egoera bat baizik. Azpian doluak eta hutsuneak egoten dira gehienetan, guztietan ez esatearren.

Ezberdindu zigun zer den bakardade soziala eta existentziala, eta bigarren honetan sakondu zuen: Krisialdiekin lotuta dago. Isolamendua, alienazioa eta hutsune existentzialarekin lotuta dago. Bizitzaren amaierarekin uztartuta dugu, halaber. Eta nabarmendu zuen bizitzaren zentzua topatzearen garrantzia, horretan hausnartzera gonbidatuz, ariketa fisikoa egiteaz eta bizitza jarduerekin okupatuta izateaz gain. Izandako bizitzarekin gogobetetasuna sentitzea.

Eta begirada eudaimonikoa. Plazer mota biak lantzeko beharra: Hedonikoa (guk geuk gozatzeko) eta eudaimonikoa, besteei laguntzen diegunean sentitzen dugun zoriona.

Soledad ez da bakarrik bizi. Eta ez dakit bakarrik sentituko den, espero dut ezetz. Hego Euskal Herrira etorri zen Hego Amerikatik duela oso gutxi, eta minbizia oso zabalduta dauka. Egingo dugu ahal duguna, eta plazer mota hori (izen arraroduna) berriro sentituko dugu. Astero bezala.

Gariz eta goroldioz

Anariren lehenengo liburua gozamena da, bere kaosean. Azala ikusita dagoeneko susmatu dezakegu zer etorri daitekeen: Tren edo metroaren nasa batean txakur bat agertzen da zutik, hanka luze batzuen gainean. Txakurra, edo otsoa? (ikusi argazkia). Bidaia modukoa da, eta baliabide poetikoez eta hausnarketa filosofiko eta existentzialez kargatuta dator. Punk abestiak bezalakoak dira atalak, laburrak, zuzenak, harira.

Liburuaren erdialdera, izenburuarekin bat egiten hasten gara, mamian sartzen: “Amak eman zidan bizitza, eta hizkuntza bat, nire ama hizkuntza ez dena. Eta paisaia bat. Garizko paisaia bat. Paisaia hartara nindoan egun eta ordu hartan. Berdetik larura“.

Erabat identifikatuta sentitu naiz hori eta berdearen arteko paisaia hartan. Txikitan beilegitik orlegira joan eta etorriak egiten nituen familiarekin eta, norabide horretan, basamortutik oasira joatea bezalakoa zen. Diaspora hartatik Agindutako Lurraldera. Orduan hasi nintzen euria maitatzen, eta hizkuntza barneratzen. Nire kasuan, aitak emanda, amak Anariri eman zion moduan (Aita hizkuntza esan ahal da?).

Oraingo euria eta ordukoa, noski, ez dira gauza bera. Goroldioa eta pagoak zimeltzen ari dira hemen. Eta han, izoztutako lurraldeak deskonjelatzen ari dira. Burgos, duela 15 bat urte, azken gotorlekua zen, klima aldaketak harrapatu gabekoa. Hara joan ahal zinen neguaren bila, hemengo hego haizeekin gogaituta. Gaur egun Burgos ere desizozten ari da.

Bestela, Anarik ondo marrazten du kotxe baten leihoetatik ikusten dena, oroitzapen oso antzekoak ditut nik. Adina ere ia-ia berdina daukagu, haren Nafarroa eta neurea desberdinak izan arren (gari eta olibondozkoa berea, goroldio eta pagozkoa neurea). Bestela, asko gustatu zait denboraren igarotzearena zelan deskribatzen duen pasarte batean baino gehiagotan.

Ezinbestean, Jon Maia handiaz gogoratu naiz, gari eta goroldiozko aitzindari erraldoiaz. Gaur egungo gure herrialde txiki honetan, esango nuke jendartearen erdia baino gehiago gari eta goroldiozkoak garela. Zarautzen akaso ez, baina Arrasaten, Gasteizen, Iruñean eta Bilbon bai. Garia Gaztela, Aragoi edo Andaluziakoa izan, ala Pakistan, Kolonbia edo Marokokoa.

Mila esker Aitor, Anakotz eta Karmeni liburuagatik, Olentzero aurreratua izan zarete. Aurrera Berriz!

Lehenengo urtea

Opari zoragarri hau egin dit Ana Etxeandiak. Bertan agertzen dira blog honen etapa berriaren azken 12 hilabeteetan erabilitako argazkiak eta irudi esanguratsuak. Olentzerok ez du itxaron gaua arte.

2022ari buruz zer esan? Urte ona izan dela, eta txarra. 2023a izango den moduan. Aurten jende anitz konturatu dela klima aldaketa etorkizuneko konturik baino oraintxe jada martxan dagoen arazo potoloa dela. Ziur aski potoloena, lotuta dagoena beste hainbat auzirekin.

Txanpon guztiek bi alde daukatenez, gelditu gaitezke daukagunarekin, ez daukagunarekin baino. Baita hego haizeak menperatutako enegarren Eguberri honetan ere. Onartzea da hitz gakoa, batzuetan alferrik da hormaren aurka jotzea.

Onartu behar da horma zeharkaezina dela, eta bertan margo edo argazki polit bat eskegi. Onartu ez daudenak ez daudela, eta kandela bat piztu eurak gogoan. Aulki hutsak ditugula, baina bihotzak bete-beteta. Bizi garela, eta betetzen gaituena egin ahal dugula. Gure esku dagoela hainbat kontu oker zuzentzea. Telefonoa hartzea, bisita hura egitea, mezu hori idaztea, uretara dzanga egitea.

Leku horretara bidaiatu, mendi hartara igo, musika entzun, eta isiltasuna. Elurra ez badator, geu elurretara joan. Ingurukoak zaindu. Hitz berriak ikasi. Liburu zaharrak ostera ere irakurri. Adinekoei arreta handiagoarekin entzun. Dakienaren aurrean adi. Geure buruekin errukia izan. Esker ona adierazi. Asko abestu. Berriro jaio. Eta maitatu. Garaiz gaude.

Eskerrik asko Anari eta Eguberri on guztiei!

Hemen neure oparia zeuei: Christmas In The 1930’s Playlist | Old Time Radio – YouTube