Ez da erraza gure lana batzuetan. Izan lankideen arteko elkarbizitzagatik, izan zuzendaritzatik datozen aginduengatik, izan lanagatik beragatik.
“Zertan egiten duzu lan?” – “Zainketa aringarrietan” – “Uff, ze gogorra!”. Horrela dator sekuentzia. Eta jarraipena sarritan, nire aldetik, esker oneko lana dela, edo norberarentzat oso betegarria den arloa dela, sakon-sakona, bizitza eta heriotzaren arteko muga misteriotsu haietan.
Baina egia da tarteka ez dela xamurra. Lehenengo aldiz eutanasia bat aplikatzea, adibidez. Ez da erraza izan behar senideentzat, lehenik eta behin, ezta guretzat ere. M-k erakutsitako adorea, hala ere, erraztu zuen bidea, zidan, niri behintzat. Egia da ospitale txiki eta handien arteko bizikidetzan askotan tirabirak daudela (ospitale txikia eta osasun zentroen artean, osasun zentro eta zahar egoitzen artean…). Baina oraingo honetan zoragarria izan da Txagorritxu eta Arrasateren arteko harremana, hango koordinatzailearekin eta erizainekin. Eta horrek izugarri ondo urratu du bidea.
Bestela, orain dela urte mordoa ezagututako paziente bati agur esan behar izatea ez da xamurra. I.-ri, zehazki. Jakinda zelan zegoen, zein mehatxu zeukan gainean, zein gaixotasun daukan. Baina zaila da pertsona batzuei agur esatea.
Halaber, zure adinkidea den aspaldiko lagun baten heriotza barneratzea ere ez da aise lortzen. Z. hil izana niretzat kolpea izan da. Geu denon zaurgarritasuna eta hauskortasuna muturren aurrean ipintzen dizkigu. Eta beldurgarria da hori.
Bizitza bera tarteka xamurra da, eta, tarteka, latza.
“Geu denon zaurgarritasuna eta hauskortasuna muturren aurrean ipintzen dizkigu”, diozu. Eta bai! Hori da bigarren bueltan hasten garena pentsatzen.
Lehenengo kolpean fokoa zure lagun, ezagun, lankide, edo familiakoengan dago, beraien bizitzetan eta heriotzean; eta fokoaren norabideak norbera seinalatzen du ondokoen heriotzak pausatu ahala, gure bizitza zaugarrietan leku bat egin ahala.