Gure biografia guztiek soinu-banda propioa daukate. Musikak ez ezik soinu paisaiek ere lagundu gaituzte jaio ginenetik. Baita lehenagotik ere, umetoki barneko bizitzatik bertatik. Inguruko jendearen ahotsak, doinuak, hizkuntzak, hori guztia joan da osatzen memoria bat. Alzheimerrak berak ere batzuetan ezin duena guztiz suntsitu.
Garai bakoitzean abesti mota desberdinak gustuko izaten ditugu, atzean uzten ditugunak eta urteekin lurperatuta gelditzen direnak hor burmuinean nonbait. Ez dakigu nola, baina gogoratzeko gai gara berriro entzutean, 20, 30 edo 40 urte geroago. Doinua, eta hitz batzuk ere. Garunaren misterioak.
Atzo musika bidaia egin genuen Gaiarre Antzokian. Txangoaren antolatzaileak aholkatzen zigun nostalgian bertan goxo ez gelditzeko, behin eta berriz atzera denboran egiten genuen, baina aitzinera begiratzeko. Etorkizunerantz. Zalantzarik gabe, orainaldia bizitzeko kontzientzia izanez gero, atzokoa gozamen hutseko momentutzar horietakoa izan zen. Kantuen moldaketak musikalki bikainak ziren. Eta abeslariaren gidaritza, irudimena eta umorea ere paregabeak. Zein emankorra izan den bere ekoizpena hamarkada honetan, ikaragarria da, zenbat kantaren hitzak idatzi dituen pentsatzeak bakarrik bertigoa eragiten du.
Maiaren jarraitzailea naiz aspalditik, “Riomundo” iruditzen zait euskal literaturaren mugarri horietako bat. “Miñan” ere izan den moduan, atzo kontzertuan presentea egon zena (bi liburuen artean 10 urteko tarte zehatza dago, kuriositatez). Bizitzaren atzaparkadak ere islatzen dituzte biek ala biek, testuinguru desberdinetan. Biak ala biak migrazio istorioak dira, behin baino gehiagotan landatu-erauzi-landatutako zuhaitzok sustraiak non ditugu? Gora eta behera goaz. Atzo Iruñean beste Jon bat falta izan zen, bizitzaren gora-behera gazi-gozoek eraginda. Musikak goza ditzala bera eta etxekoak ere.
Azken buruan, puzzle bat gara, hainbat bizipenek osatutako bizitza bat. Hamaika kantuk osatutako kanta bat. Musikek elikatutako arima bat. Izan ere, atzoko moduko txuteak maiztasunez hartu beharko genituen. Osasunaren alde.