Hiru

Balentin Deunaren bezpera (mila esker Arantza Zufiriari loreengatik!), ostirala eta 13, euria lagun. Baskonian gutxi gelditzen diren liburudenda-aterpetxe horietako batean. Trinitate kalean. Geure amaren izena daraman Zarauzko txoko horretan, atzo bereziki faltan bota nuen ama, Trini, Irune.

Flor Illarramendi ez nuen ezagutu baina, haren bizitzaren azken txanpan zegoelarik, hiru gizon agirretarrekin bildu nintzen lur azpian, Garoaren barrunbeetan, nola lagundu asmatu nahian. Barrunbe haietan bildu ginen hainbat lagun atzo (milesker Jaione, Izaro, Julia, Miren, Lourdes, Juantxo, Ibiltarixa…), dokumental trilogia baten inguruan idatzita dagoen liburu atipiko baten aurkezpen atipiko batean (mila esker baliabide teknikoak erraztu zizkidan aingeruari!). Idazlea izan nahi nuen, Medikuntza ikasi baina Zientziek eta Letrek bat egiten duten gunea azkenean topatu ahal izan nuen.

Medikuntza narratiboaren ariketa bat da, azken finean, “Heriotzak eta doluak”. Hiru ataletan bananduta dagoena: heriotza, bera baino lehen eta ostean. Hiru hizkuntzatan idatzitakoa (eu, ca, es). Hiru probintzietan (Nafarroa, Gipuzkoa eta Bizkaia) errodatutako hiru pelikuletan oinarrituta. Bigarrenean, SB-n, narratzaile moduan parte hartu zuten Imanol Epelde eta Ana Galarraga zarauztarrek. Hirugarrenean, MHHH-en, Susanna Llavina eta Felix Zubiak. Ana atzo egon zen aurkezpenean, hain zuzen berari esker Booktegiren arrastoa hartu eta liburua argitaratu genuen iazko otsailean, orain urtebete (thank you pilo bat, Aritz Branton!).

Etxean nengoen beraz atzo (mila esker Imanol, Ibai eta Olatz hirukoteari!), Zarauztik ihes egiteko asmorik ez daukadanez. Zarautz Herri Zaintzailearen beste hiru kideak ere han egon ziren, Aizpea Manterola eta Miriam Mendoza, eta Anjel Irastorzaren proiektorea eta arima. Bidaia errukitsu ederra egiten gabiltza 2018tik.

Amaitzeko, aipatu nahi dut liburu honen ibilbidearen hasiera etxean ere izan zela, Bilbon. Orduan, Zazpi Kaleetako adinekoen elkarteak antolatu zuen. Ostegunean, Donostiako Easo politeknikoan egon naiz, 16-20 urteko ikasleekin. Bi muturretan dauden adin tarteko publikoak izan ditu liburuak, zaharrak eta gazteak, eta tartean gu atzo, hirugarren multzokook, adin ertainekook.

PD.- Jada ez dauden pertsona aunitz egon ziren presente atzo Garoan. Aunitz. Besteak beste, Gaizka Agiriano arrasatearra, paziente izan nuena. Haren proiektorea azkenean ez nuen erabili, baina haren alabak utzi zidan badaezpada ere, ganbararen batetik erreskatatuta. Naiara Agiriano, orain dela urtebetetik, nirekin batera Zainketa Aringarrietako Debagoieneko ospitaleko ekipoan dago lanean, erizain.

PD’.- Zainketa Aringarrietako Masterra egiten ari nintzela, Vic-en (Osona), Amaierako Lanaren aurre-aurkezpen moduko bat egin nuen 2024an, ikaskide eta irakasleen aurrean. Kataluniaraino joan ziren ikus-entzutera Maider eta Itziar Zarauztik, 550-570 km. Atzo ere hor egon ziren, Maider diapositibak pasatzen laguntzen. Ez San Valentín ez esnerik, ez esan.

Iñaki Peña

1971ko udagoienean jaio nintzen. Urtaroz urtaro eta mendiz mendi nabil orduz geroztik.

Iñaki Peña

1971ko udagoienean jaio nintzen. Urtaroz urtaro eta mendiz mendi nabil orduz geroztik.
Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude