Obedientziaren idiologoak

Behobia aldean autopista laga eta N-121-A hartzea da azken urte luzeotan, Zarautzen bizi garenetik, maiz egiten dudan ibilbidea. Bera, Lesaka, Etxalar, Igantzi, Arantza, Sunbilla, Narbarte, Doneztebe, Amaiur eta Elizondo dira behin eta berriz bisitatzen ditudan herriak, bertako mendietan gora eta behera ibiltzeko.

Txikitan, Euskal Herritik kanpo bizi ginenean, Lesakarako bidea hartzen genuen urtean behin edo, N-121 zaharretik, aitaren familia bisitatzeko. Orain aita, ama, amatxi eta abuelo Lesakako kanposantuan bisitatzen ditut, baina garai urrun haietan, jakinmin handia zeukan mutiko baten begiekin begiratzen nuen paisaia kotxetik. Bereziki Bidasoako tarte hori, bertzaldean Biriatu eta inguruneak ikusten direna. “Frantzia” alegia. Jakinmin handiko neure begiek ikusten zutena zen gure aldean ikusten ziren oso antzeko ingurune berdeak, oso antzeko etxeekin eta ardiekin. Euskal (Eskual) Herriko armarriak ikusten nituen Lesakako senideen etxeetan, aitaren giltzatakoan eta gure etxean bertan. Kontzeptua fite harrapatu nuen.

Bidasoan gora egindako txango hauetan guzietan, bitxia bada ere, nehoiz ez naiz iritsi Xorroxinerat, iturbururat. “Bidasoan gora” liburuan, Eneko Aizpuruarena, azken atala da “Xorroxin” izenekoa. Liburuaren erdialdean, bitartean, “Endarlatsako tunelean” atala irakurri dut. Mikel Zabalza da lehendabiziko protagonista, 1985ean Guardia Zibilak atxilotutako, torturatutako eta eraildako orbaizetarra. “Non dago Mikel?” dokumentalean ederki dago jasota nola izan zen atal ilun eta aitortu gabeko hura. Eta “Intxaurrondo. Intxaurraren hostopeko itzala” liburuan irakurri dezakezue nolakoak ziren aitortu gabeko torturak komisaldegi ilun hartan, Ion Arretxeren testigantzatik. Ionek eta Mikelek bat egin zuten 1985eko egun haietan kaserna hartan. Bata bizirik ateri zen, bertzea ez.

Bigarren protagonista Eduardo López da, 10 urte geroago ETAk eraildako kordobarra, 1995ean. Endarlatsako ingurune haietan, Mikelen gorpua topatu zuten berdinetan. Eduardo polizia nazionala zen, eta Beran bizi zen. Gertaera honen berri ez neukan, zuetariko anitzek bezala, edo gogoan behintzat ez nuen. Oroimena arras selektiboa da, isiltasuna jazoera batzuetan hedatzen da eta ez bertzeetan, non zauden arabera. Eneko Aizpurua oso modu zuzenean mintzatzen da “gehiengo isil” horiei buruz, “pazifista beligerante” eta herri-salbatzaileei buruz: “Gure artean badira aberriaren izenean torturatu eta erail zutenak, torturak eta erailketak txalotu edo haien aurrean isilik egon zirenak, bai eta iragan beltza ahantzi eta kontakizunaren bidez zuritu nahi dutenak ere. Baina hemen askatasunari hilotz usaina dario. Askatasunaren izenean eraildakoen zauri itxigabeek odolusten gaituzte”. Bat nator Enekorekin: “Kontzientzia lasai dutenek urduri jartzen naute”. “Obedientziaren idiologo”-ez ari da, “dena herriaren alde, baina herririk gabe” egin nahi zuten (duten) uztarripeko idi otzanez.

1995 hura ere, bertzeak bertze, Jose Maria Aldaiaren bahiketaren urtea izan zen. Lazo urdinen urtea, azkena EHtik at igaro nuena. 1996tik hemen nago, gorputz eta arima, aurreko urteetan arima baino ez neukan hemen, gorputza Diaspora hartan zegoenez. 1996tik, eta oraindik ez naiz Xorroxingo ur-jauzian egon.

PD.- Honen guztiaren haritik, “S(u/a)minetik bakera” obra eszenikoa berriro itzuliko da eszenatokietara. Igorreko zineman aurkeztuko dugu datorren otsailaren 27an. Gonbidatuta zaude Arratiara etortzera. Edo, nahi duzunean, etxean lasai ikus-entzun dezakezu obra osoa hementxe goian dagoen linkean klikaturik (56 minutu).

Iñaki Peña

1971ko udagoienean jaio nintzen. Urtaroz urtaro eta mendiz mendi nabil orduz geroztik.

Iñaki Peña

1971ko udagoienean jaio nintzen. Urtaroz urtaro eta mendiz mendi nabil orduz geroztik.
Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude