
Erraza da goiko marrazkian bezalako paralelismoak egitea data hauetan. Txikitan Bibliatik ezagutu genituen izen horiek guztiek (Judea, Galilea, Samaria, Nazaret, Betleem…) konektatzen gaituzte gaur egungo lurralde berdinekin, beste izen batzuk dituztelarik. Orduko ihesaldia Egiptora eta gaur egungo ihesaldiak, garai hartako enperadoreak eta gaurkoak, errugabeko umeak erailda Herodesek eta Netanyahuk aginduta.
Mikel Ayestaranen “Gazako istorioak” irakurri beharreko liburu horietakoa da. Besteak beste, Gazako suntsipena ez dela XXI. mendeko kontu esklusiboa jakiteko. Israeldar sionistak baino mende askoz ere lehenago, asiriarrak, babiloniarrak, greziarrak, erromatarrak, kristauak, mongoliarrak edo otomandarrak bazter hauen konkistan aritu ziren.
Atal batean, informatzaileei buruz idazten du Ayestaranek. Hau da, traidoreak, txibatoak. Diruagatik, behar gorriagatik, mendekuagatik edo dena delakoagatik mugitzen diren pertsona horiek, sarritan oso gaizki amaitzen direnak, batzuk eta besteek mespretxatuta. Herrialde eta gatazka guztietan dauden elementu horiek.
Beste pasarte bat bereziki gustatu zaidana da nola deskribatzen duen zer den aita eta mota honetako kazetaria izatea aldi berean. Ez da pasarte zehatz bat liburuan, baizik eta behin eta berriz agertzen den hausnarketa. Zer den Jerusalemen edo Istanbulen seme-alabak haztea, Ekialde Hurbileko intentsitate handiko indarkeria horretatik hain hurbil egotea kazetari moduan. Kontraesanak, etxean egon nahi, baina betetzen zaituen horretara behin eta berriz itzuli behar eta nahi izatea.
Urteko azken testua Gazako genozidioari buruzkoa izan behar zen ezinbestean. Are gehiago Gabonetan. Aste hauetan, Euskal Herrian behintzat, hainbat saio egin dituzte (ditugu) Gabonak eta aulki hutsak direla eta. Ariketa latza da imajinatzen saiatzea zer izango litzatekeen zeure inguruan aulki hutsak baino ez ikustea. Hilabete honetan MSF erakundeak txosten bat argitaratu du genozidioaren ondorio psikologikoei buruz, Zisjordanian egindakoa: “Beldurra leku guztietan dago (…) Palestinarrak ez daude soilik kezkatuta: haien burua prestatzen ari dira galerarako”. Gordina da erabat: “Haien seme-alaben etorkizuna planeatzen egon ordez, asko ari dira kontzentratzen hiltzeko modurik hoberena (edo ez okerrena) imajinatu nahian“.
Merezi dugu oporrak hartzea, bidaiatu edo etxean gelditu, mendira igo, itsasoa harroturik ikusi, sua piztu, kandela bat piztu eta beste bat itzali, ez daudenak gogoratu eta ohoratu, daudenekin bizitza partekatu, Gabonetako film erromantiko txotxolo bat ikusi, mahai inguruan gozatu, barre egin gogoz, kontzertu bat ikusi, saskibaloi partida bat ikusi, liburu on bat irakurri, elurra zapaldu, euri azpian ibili aterki batekin. Eta aldi berean kontzientzia mantendu.
Entzuteko: “Jerusalem (Hubert Parry)” (03’43”).
