Gizonezkoak ere

Urtea amaitzen ari zen, orain bezala, 2012ko abenduan piztu zitzaidan lanparatxoa eta besapean proiektu batekin jo nuen Gorka Espiauren atean Bilbon, dokumental bat nola egiten den galdetzeko. Naomi Hasson aspaldiko bidelagunaren bidez iritsi nintzen berarengana. Urte bat geroxeago “Aulki Hutsak” jaio zen eta, protagonisten artean, Iker Barandiaran eta Eider Otxoa izateko zortea izan nuen, Izaskun Andonegirekin batera. Dolu perinatala zer zen ikasi nuen, guretxikixak.org bloga ezagutu eta, koadrila horretan, Kristina Pavo antzuolarra topatu nuen.

Urte batzuk geroxeago, zehazki ez dut gogoratzen zenbat, Bidegin elkarteko ekitaldi batean, Okendo Kultur Etxean, Anakotz Lasarte eta Iratxe Uribelarrea entzun nituen lehenengo aldiz. Bi dolu perinatalen ibilbidea egin behar izan zuten, eta euren testigantza iritsi zitzaidala ondo daukat gogoan. Beste urte batzuk pasatu ziren, eta Anakotzekin lehendabiziko aldiz egon nintzen aurrez aurre. Mallabian antolatu zuten ekitaldi bat, Gabonak eta aulki hutsen inguruan, eta bertan egon nintzen, Anakotz, Iratxe eta Inhar semearekin batera. Azkenik, orain dela pare bat urte, nik Gorkaren atean jo nuen moduan, Anakotzek neurea jo zuen Zarautzen, besapean proiektu batekin, dokumental bihurtzeko asmoarekin.

“Aitatxo” dokumentala munduratu da hilabete honetan, Gasteizen lehenik eta Mallabian bigarrenik (ikus argazkia). Besteak beste, lehen aipatutako Kristina topatu nuen bigarren honetan, baita Aitor Monje laguna eta Karmen Amezua, Izan Iñaki eta Asier Ibaibarriaga bidelagunak ere. Aurkezpen lanak egitea eskatu zidan Anakotzek, eta berarengan antzeman nituen dokumental bat estreinatzean sentitzen diren emozio horiek guztiak. Bertan zeuden Fernando Alonso, Mikel Perez eta Igor Aldazabal, filmeko beste hiru protagonistak. Gizontasunez, barnekoa erakusten, ahuldadea eta indarra, tristezia, poza, bakardadea, elkartasuna, bihozmina, itxaropena. Izan ere, oso gizona izan behar da norbera gogortasunaz gain horiek guztiak adierazteko.

Lehen aipatutako Izanek ondo daki bide latz hauetan ibiltzeaz, gizontasunez. Anakotzek, Fernandok, Mikelek, Igorrek, Aitorrek, Ikerrek, beste hainbatek eta nik neuk legez. Izan ere, gizonezkoak ere esparru honetan egon behar gara, gure bikotekide, seme-alaba eta etxeko besteen alboan. Sendo eta bigun. Eredu. Hortxe. Ihes egin barik. Ondare moduan ez da gutxi hau lagatzen baldin badugu.

Zorionak gizonezkoen isiltasuneko ahotsak entzunarazi dituzuenoi. Bihotzez. Eta Eguberri on.

Iñaki Peña

1971ko udagoienean jaio nintzen. Urtaroz urtaro eta mendiz mendi nabil orduz geroztik.

Iñaki Peña

1971ko udagoienean jaio nintzen. Urtaroz urtaro eta mendiz mendi nabil orduz geroztik.
1 comment
  1. Kaixo lagunok. Heldulekuak, ereduak izateak bizitzan beti laguntzen du eta “Aitatxo” dokumentala da horren adibide. Iñaki Peñak oso ondo dakien moduan, nik duela 8 hilabete galdu nuen aita minbizi baten ondorioz eta “aitak metastasia dauka gibelean eta apenas hilabeteko bizitza izango du” entzun nuenenean, kokatzeko bazen ere, bai nik zein nire ingurukoek heldulekuak behar izan genituen. Eta Iñakik soka bat luzatu zidan. Helduleku bat. Halako egoerak bizi izandakoen aitortza. Milesker benetan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude