
Aretxabaletan “Heriotzak eta doluak. Trilogia dokumental bat” liburua laugarren aldiz partekatu genuen azaroan, eta orain abenduan Berrizen bosgarren aurkezpena egin dut, Aitor Monje eta Karmen Amezuaren alboan. Otsailean argitaratuta, bidea egin du amaitzear dugun 2025 honetan. Pozik.
Abendua hilabete emankorra izan da niretzat, pertsonalki, azken urte hauetan. Trilogia osatzen duten hiru pelikulak abenduan estreinatu genituen: AH Elgetan 2013an, SB Arrasaten 2017an eta MHHH Bilbon 2020an. 12, 8 eta 5 urte egin dituzte beraz, hurrenez hurren. Adinez zaharrena, gezurra badirudi ere, oraindik eskatzen digute. Lehengo egunean, liburua aurkezteaz gain, “Aulki Hutsak” proiektatu genuen Berrizen. Oso pozik.
Abendua da Mendi Film zinemaldia eta Durangoko Azoka, halaber. Eta aurten ezin izan naiz egon ez batean ez bestean ere. Mikel Lizarraldek berrituko zituen iazko bizipenak, “Zazpi” aurkeztu eta euskarazko pelikularik onenaren saria jaso zuenean, aurtengo edizioan. (Ez baduzue ikus-entzun, linkean klikatuta duzue aukera, “Primeran” plataformaren bidez). Aurten, “Izarren zaunka”-k irabazi du saria. Adi egongo naiz ikus-entzun ahal izateko datorren urtean, Mendi Tourrean.
Eta abendua da Gabonak, noski. Eta etxe guztietan dauden aulki hutsak, gogoratuak eta ohoratuak izan ala ez. Aretxabaletan, aste honetan Eider Otxoaren ondoan egon naiz berak gidatutako saioan, gai hau hartuta. Berrizen datorren astean egingo dute eta gurean ere bai, Zarautzen, aurten Aizpea Manterola taldekidea hizlari izango dugularik (asteartean gazteleraz eta ostegunean euskaraz). Antoniano aretoan izango dira bi saioak, 18:00etan. Asteartean Zarautzen eta ostegunean Mallabian egongo naiz, Anakotz Lasarterekin batera. Eurek ere euren saioa prestatu dute, Euskal Herriko beste hainbat txokotan bezala.
Bizi gara!
