Lehoitegia

“Barrio” (1998) zerrenda horretan sartuta dago, azken 30 urteotan ikus-entzundako pelikula gustukoen nire zerrendan, hein handi batean soinu-bandari esker. Orduan ezagutu nuen Fernando León de Aranoa izeneko zinema-zuzendaria, urte gutxi geroago “Los lunes al sol” (2002) egin zuena.

Lehengo egunean, bilatu gabe, liburu hau (ikus argazkia) topatu nuen Zarauzko liburutegian, berriki argitaratua. Oso gustura leitzen den liburua da, atal laburrek edo oso laburrek osatzen dute, bikaina Zarautz-Arrasate tartea busez egitean irakurtzeko. Pasarte batzuk hautatu eta itzuliko ditut:

50 urterekin hasten gara kontzientzia hartzen geure hilkortasunaz (…), geure inguruan igartzen dugulako. Gure burua ispiluetan bilatzen dugulako baina bertan gure gurasoak topatzen ditugulako. Gure keinuetan antzematen ditugulako (…) Denbora karikaturagile ankerra da, geure hazpegiak esajeratzen dituena (…) Adinekoen egoitza baten korridoreetan ibiltzeak gure etorkizunarekin aurrez aurre jartzen gaitu (…) Zahartzea bereizmena galtzea ere bada (…) Gure ideiek bereizmena galtzen dute, gure konbikzioak ez dira hain sendoak.

(Nire aitak) ekin zion, urte batzuk lehenagotik ere, eranzte prozesu bati, agian abiatzekoa (…) “Lasta botatzen ari naiz”, esaten zuen (…) ‘Azken bidaiaren eguna iritsiko denean, itsasontzian aurkituko nauzue, ekipaje arinarekin’.

Jendea hiltzen da samurtasunik gabe, adeitasunik gabe eta aurretik abisatu barik. Egun batetik bestera hiltzen da, zubi baten hasieran edo udako oporren erdi-erdian. Jendea hiltzen da lagunengan pentsatu gabe, seme-alabengan, atzean gelditzen direnengan.

Bizitzak egiten du lagunekin mareak egiten duena urperatutako itsasontzien hondakinekin: urrundu eta hurbiltzen ditu kai-muturretik. Gogorarazten digu behinola izan zirela guretzat kaia, babesa, helmuga.

Hiri euritsu baten kanpoaldean, iparraldean, hiru eraikin jasotzen dira bata bestearen ondoan: ospitale onkologikoa, hileta zerbitzuen negozioa eta ‘striptease’ lokala. Bizitza, beti heriotzaren ondoan.

Badaude agurrak ate-kolpeak bezalakoak, agurrak hitzaldiak bezalakoak; badaude agur isilak, dena eskuekin adierazten denean (…) Aireportuak, nasak eta ospitaleak gure agurren ohiko lekuak dira, baina baita gure berriz elkartzekoak ere.

Iñaki Peña

1971ko udagoienean jaio nintzen. Urtaroz urtaro eta mendiz mendi nabil orduz geroztik.

Iñaki Peña

1971ko udagoienean jaio nintzen. Urtaroz urtaro eta mendiz mendi nabil orduz geroztik.
Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude