
Artikulu honen sarrera buruan izan dut, gezurra badirudi ere, 2004. urtetik. Orduan egin genuen bidaia Argentinara, eta orduan ezagutu genuen Patagoniako iparraldean XIX. mendean gertatu zen istorio harrigarria.
Izan ere, 1865eko udan galestar kolono batzuk iritsi ziren itsasontziz argentinar kostalde hartara. Helburua, lurralde libre bat sortzea ingelesengandik urrun, “Y Wladfa“ deitutakoa, edo “Hegoamerikako Gales Berria”. Haren guztiaren aztarna batzuk topatu genituen orduan, izen galesak dituzten leku batzuk, bai eta honi buruz anitz ikertu duen argentinar bat ezagutu ere.
Dexente irakurri nuen orduan galestarrei buruz, eta herrialdea ezagutzeko gogoa piztuta gelditu zitzaidan. Lehenengo gainbegirada batean, harrigarriak dira antzekotasunak Cymru (Gales) eta Euskal Herriaren artean, datu orokor batzuk kontuan hartuta, bi banderen hiru koloreak berdinak izatetik haratago:
- Cymru: 20.779 km2, 3.130.000 biztanle, 147.5 biz/km2. 750.000 galesdunak, %29a.
- EH: 20.947 km2, 3.190.000 biztanle, 153 biz/km2. 750.000 euskal hiztunak, %28.
Paralelismo handiak gora-behera, Eskoziak eta Irlandak eragindako lilura eta erakarpena ez dizkigu berdin transmititzen Galesek, egia esan, eta ezezagutza handia sumatu dut gurean uda honetako bidaia egin baino lehen. Galeuscan apur bat Galiziak duen papera, Katalunia eta Euskadiren ondoan, konparazioa zilegia balitz. Hirugarrenaren papera.
Desberdintasunei buruz hizketan, futbol eta rugby talde nazional propioak izateaz gainera, Zainketa Aringarrien arloan ere aldeak nabarmenak dira gure lurraldeen artean. Nafarroako Unibertsitateak (Eduardo Garralda eta al.) berriki argitaratutako Europako atlasean, Erresuma Batuaren eta Espainiaren datuak oso bestelakoak dira (zehaztu gabe Katalunia, Eskozia, Gales edo Euskal Herriko datuak). Linkean klikatuta, informazio zehatzagoa irakurriko duzue zainketa aringarrietako baliabideei buruz, unibertsitateetan dagoen presentziaz, opioideen kontsumoaz eta abar. Sekulako lana egin dute, orain dela urte batzuk egindakoa gaurkotzen (hauxe da argitaratu duten bigarren europar atlasa).
Nire kabuz ikertzen, topatu dut Cymrun badutela herrialde osoa barne hartzen duen Compassionate Cymru izeneko erakundea, komunitate errukitsu handi baten moduan. Euren webgunean kuxkuxeatzen, ez dut komunitate gupidatsu lokal konkreturik topatu, guk ditugun moduan: Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan dozena bat komunitate dugu martxan (Gasteiz, Getxo, Santurtzi, Bidasoa, Donostia, Orio, Zarautz…), eta Nafarroan une honetan komunitate aktiborik ez dago. Hiru probintzien taldeak nolabait koordinatzeko elkartea sortu genuen duela urte batzuk, Euskadiko Konumitate Errukitsuen Sarea (EKES), edo gazteleraz Red de Euskadi de Comunidades Compasivas (RECC).
Beste aldetik, 14 hospice aurkitu ditut Interneten herrialde osoan zehar (gurean bat ere ez dagoen bitartean), hegoaldetik iparraldera:
- City Hospice eta Marie Curie (Caerdydd/Cardiff).
- St David’s (Casnewydd/Newport).
- Y Bwthyn Newidd (Abertawe/Swansea).
- Ty Hafan (Bro Morgannwg/Glamorgan, umeentzako hospicea).
- Y Rhoysn (Castell-nedd Port Talbot/Neath Port Talbot).
- Hospice of the Valleys (Blaenau Gwent).
- Ty Bryngwyn (Llanelli).
- Skanda Vale (Sir Gaerfyrddin/Carmarthenshire, erlijio komunitate sinkretiko batekin lotuta ).
- Paul Sartori (Hwlffordd/Havertfordwest).
- St David’s (Llandudno, Ynys Môn eta Bangor).
- Ty Gobaith (Conwy).
- St Kentigern (Sir Ddinbych/Denbighshire).
- Nightinghale (Wrecsam/Wrexham).
Jakina, bat bera ere ez dugu ezagutu oporraldi hauetan, gehiago dedikatu garenez hiriak eta herriak bisitatzen, hizkuntza apur bat ikasten (diolch yn fawr, Begotxu!), hondartzetan bainatzen, mendian ibiltzen, izurdeak eta fokak arratsaldez ikusten (guztiz gomendagarria) eta sekulako eguraldi leuna gozatuz, besteak beste. Eisteddfod famatua zer den ere gainetik ikusi ahal izan genuen, halaber.
Opor dotoreak amaituta, bihar itzuliko naiz Arrasateko ospitalera, alde batetik gogoekin jendea berriro ikusteko eta pittin bat eguneratzeko.
