
Aurtengo udari sutan ekin diogu, eta hainbat bizilagun klimaren larritasunaz hamaikagarren aldiz konturatu dira. Urtez urte gertatzen den zeozer da, datorren urtean ere berriro gertatuko da, eta hainbat herrikide larrituko dira, atzera ere ahazteko aurreko urtean eta aurrekoan eta aurrekoan (…) jazotakoaz. Zorionez, su-etenean gaude momentu hauetan.
Sutan ekin zioten urteari 2022an Ukraina aldean, Errusiaren aurkako gerrarekin, gaur arte luzatzen ari dena, Eta sutan amaitu zuten 2023. urtea Palestinan, Hamasek piztutako suari gaur arte Israelek etengabean botatako erregaiarekin, eskala handiko atentatu latzari neurririk gabeko genozidio batekin erantzunda. Zoritxarrez, su-etenik ez daude, ez batean ezta bertzean ere.
Azken asteotan pare bat komiki irakurri ditut (milesker Maddi!) indarkeriari buruzkoak. Jérémie Dres komikigile frantziarraren “Le jour où j’ai rencontré Ben Laden” 2 liburuen gaztelerazko itzulpenak izan dira (“El día que conocí a Bin Laden“). Bertan, Mourad Benchellali eta Nizar Sassi arabiar frantziarren istorioak kontatzen ditu marrazkigileak, erradikaltasun islamista ulertzeko saiakeran.
Anna Teixidor kataluniarra antzeko zerbait saiatu zen egiten “Sense por de morir. Els silencis del 17-A”, Ripolleko arabiar katalan haien bilakaera biolentoak ulertu nahian. Nola pizten da sua gazte batzuengan izugarrikeriak egiteko iritsi ahal izateko? Zeintzuk dira faktoreak?
Une hauetan amaitzen ari naiz “Putain de guerre!” komikiaren gaztelaniazko itzulpena (“¡Puta guerra!”), Jacques Tardi eta Jean-Pierre Verney frantziarrek egindakoa, Lehen Mundu Gerraren izugarrikeriak gordinki plazaratzen dituztenak.
Sute guztien artean, gure Troubles propioak (izan) ditugu, klima aldaketa (larrialdia) bezala ahaztu nahi ditugunak. Atzo, baina, ekimen zoragarria burutu zuen Ibai Uribe gazte euskaldunak: 25 aldiz igo zuen Mandubiko mendatea bizikletaz, haren aitaren omenez. Haren aita, Mikel Uribe, ETAk erail zuen duela 24 urte, eta ahanzturan ez gelditzeko balentria ikaragarria aurrera eraman zuen atzo. “Minak ez du ideologiez ulertzen”, haren hitzetan.
Amen.
