
Gorputza eta fisikoa ez dena, ukitu eta ikusi ezin dena, azaltzen zaila dena. Odol-analisietan eta eskanerretan agertzen ez dena. Ulertzen ez duguna, baina bestelako kontuak bezain erreala dena.
Elurraren desagerpenarekin gertatzen ari den bezala jazotzen ari da arlo zabal honekin. Mendeetan eta mendeetan geure arbasoek izan dituzten heldulekuak galdu ditugu “bat-batean”, denbora laburrean. Noraezean gabiltza nolabait. Eta pertsona askok egarri modukoa igartzen dute. Behin, sedazio batekin zegoen paziente baten ohearen ondoan, bake-bakean, senide batek galdetu zidan (“zuk honetan esperientzia duzula”), ea heriotzaren ondoren zer dagoen.
Erantzun irmorik ez nion eman, noski. Hiltzen ari den jendearekin esperientzia pilatzen ari naiz, hori hala da, baina momentuz ikusten, entzuten eta nabaritzen ditut “gauzak”, hain zientifikoak ez diren haiek guztiak. Begira nago, nik neuk egarri hori sumatzen dut, gero eta gehiago. Lesakan, aitaren aldetik, Iturriatarrek “Errettora” ezizena dute. Nonbaitetik datorkit.
Eta adi egote horrekin, jarrera eta forma definituagoak topatzen ditut tarteka. Egun hauetan hiltzear dagoen emakume argitsua adibidez, K.: “Orain argirantz noa, eta bakean nago”. Ez dago ezer gehiago esateko. Beste lezio bat, ikasi nahi duenarentzat.
Hortxe misterioa. Eta hau guztia interpretatzeko erretore berriak ditugu, emakumeak eta gizonak. Julio Gómez laguna eta lankidea da haietako bat, Bilbokoa, errukiaren bidean maisua. Mikel Lizarralde eta Andoni Salamero, beste bi, bakoitza bere tokian. Urretxu-Zumarragakoak biak ala biak. Andonirengana jo nuen Mondragoeko familia bat esan zidanean hileta zibil bat egin nahi zutela. Eta gogoekin gelditu nintzen ekitaldia presentziatzeko.
Arantzazu da Debagoienean eta Euskal Herri osoan erreferentzia handi horietakoa, blog honetan behin eta berriz agertzen den presentzia hura. Behin eta berriz itzultzen naizen babeslekua. Natura, kultura eta espiritualtasuna. Bidean ezagutu ditut Arantzazurekin oso lotuta dauden Izaskun Andonegi eta Marije Goikoetxea maistrak, erreferentziak. Donostia aldean bata, Bilbo aldean bestea. Ekialdeko tradizioetatik edo kristautasunetik gertuago, errukiaren ildotik, misteriotik. Edo behin eta berriz jotzen dudan beste emakume baten atea, Lori Thompson-ena, laikotasunetik. Zorionez, itsasargiak ez ditugu faltan.
PD.- Argian bego, K.
Milesker Iñaki. Zu ere gure arteko “errettore”, itsasargai askorentzat, dotoreziz blai. Xalo eta apal.
Konbentu berdiñekuak?.. jaajaa
Izaskun
Mugarik gogorrena noizbait hil beharra… Xabier Letek, Jardin bat zuretzat kantuan dioen bezala.