British Medical Journal aldizkari ezagunak hilabete honetan oso artikulu interesgarria argitaratu du: “Turn towards the hand in the fire: to care is to witness and condemn atrocities everywhere” (“Burdina goria eskuetan hartzea: Arduratzea toki guztietan izugarrikerien lekukoa izatea eta haiek gaitzestea da”).
Victor Montori eta Fares Alahdab medikuek sinatzen dute artikulua eta, hasierako paragrafoan, deskribatzen dute zein izan beharko zen sendagile batek egin beharreko lana gaixoekin, kalitatez, humanitatez eta, aldi berean, zientzia aurrerakuntzetaz baliatuz. Lehen Munduan egin dezakeguna.
Bigarren paragrafoan, oso bestelako eszenatokian sartzen dira, “iluna, latza eta ankerra” den lekuan. Non teknologia erabiltzen den bizitzak suntsitzeko, sendatzeko edo salbatzeko baino. Horietako asko umeak, “children of the Levant”. Ekialdeko umeak. Errugabeak.
Bitartean, hemen, gure burbuilan, zerbait paradoxikoa gertatzen zaigu: Gure burua jotzen dugu zaintzaile unibertsal moduan (“universal care givers”), baina beste aldetik, gure bizitzetan jarraitu ahal izateko, ez gara arduratu behar munduko beste leku hartan gertatzen ari denarekin.
Baina, arduratzen bagara, konturatuko gara zein desberdintasun erraldoia dagoen “gure bizitzaren eta haien heriotzaren artean”. Eta horrek zalantzatan jarri dezake gure eguneroko lanaren zentzua, zehaztasun guztiekin eta milimetrikoki egiten duguna, pertsona bakar batekin egiten ditugun ahalegin guztiak, jende multzo handi hark pairamen gupidagabeak jasaten dituen bitartean.
Palestinan gaixoak eta osasungileak pairatzen ari diren basakeriak interpelatu behar gaituelako. Zenbakiak izugarriak dira, zenbat ospitale hondatu dituzten hilabete hauetan guztietan, zenbat paziente erail dituzten, zenbat osasungile akabatu eta zauritu dituzten. Eta, zenbakien atzean, izen-abizenak. Errukiagatik. Duintasunagatik. Gutxieneko humanitateagatik. Hangoak ere, nolabait, gure pazienteak direlako.
“Aski da” esateko aspaldian sentitu nuen nik behintzat barneko bulkada. Jendea antolatu da Osakidetzan eta Osasunbidean, “Sanitarioak Palestinarekin”, Nafarroako osasungileak. Ez dakit medikuak ote garen aktiboenak mugimendu hauetan, ezetz esango nuke. Etiketen beldur, erosotasunetik ateratzeko inolako interesik gabe, beste leku batera begiratzeko rictus horrekin. Indiferentzia horrek, kasu askotan, ez du esan nahi izango benetan ez dugula ezer sentitzen. Baina gizarteko sektore guztietan, herrialde guztietan eta historia guztian zehar errepikatzen den axolagabekeria mingarria da. “Nola izan zineten gai ezer ez egiteko?”, galdetuko digute gure bilobek. Jakin barik gauza bera pentsatu genuela geuk, beste parametro batzuekin, akaso geure gurasoetaz, geure aitona-amonetaz. Denok geure lotsak.
Konpromisoa hartzeko, beharbada, itxaron behar izan dugu goiko argazkia ikusi arte. Hossam Abu Safiyaren istorioa jakin arte, edo Khaled Nabhanena (“soul of my soul”). Edo agian hurrengo urtean esnatzeko momentua iritsiko al da? 2025ean izango al da?
Inshallah! אינשאללה / لو شاء الله
PD.- Mila esker Alberto Meléndez lankideari, artikuluaren berri emateagatik.