Esker ona

Erabat lotuta daude zainketa aringarriak eta esker ona. Hauxe da arrazoi nagusietakoa, gure burua erre barik, aurrera jarraitzeko. Motibazioa mantentzeko, ilusioa, errukia. Jasotzen eta ematen dituzun eskerrak. Kontu zirkularra delako beti, ez norabide bakarrekoan. Julio Gómez handiak esaten duen moduan, gaixoak direlako gure maisu-maistra nagusiak.

Are gehiago, hartu eta eman horiek guztiak izango ez bagenitu, nekez aurreratuko genuke. Buruarekin hainbat gauza ikas ditzakegu, lan intelektual hori egin dezakegu, gaur egun dena (edo ia dena) on-line dago. Sare sozialak ere lagungarriak dira artikuluak irakurtzeko, webinarrak, bideoak, grabatutako hitzaldiak edo jardunaldiak ikus-entzuteko. Hori guztia egin dezakegu, maila teorikoa ondo finkatuta izan eta oinarri sendoa.

Horretarako, jakinmin handia pizten zidan liburu honek (ikusi goiko azala), eta azkenean egin dut egin nezakeen hoberena, herriko liburu-dendan erosi eta irakurtzeari ekin. Maria Arantzamendi eta Mariano Crespo dira argitalpenaren koordinatzaileak, eta izenburuaren azpian dagoen beste izenburu txikiagoa ezin iradokitzaileagoa da: “Klinikoen eta filosofoen arteko elkarrizketa”. Momentu honetan liburuan murgilduta nabil, pasarteak azpimarratzen, gustura. Lan intelektuala egiten.

Eta, bitartean, eguneroko praktikarekin jarraitzen: kasu konplikatuak, komunikazio erronkak, arazo administratiboak, harreman gatazkatsuak, gaizki ulertuak. Eta ezohiko egoerak, azalpenik gabeko gertaerak (espiritualak deitu), ezuste atseginak, konpondutako arazoak, harreman estuak, maitasuna, komunikazio naturala, bihotz beteak…

Urtez urte, paziente baten alargunak berak egindako erroskilak ekartzen dizkit Gabonen atarian, nire amak egiten zituenak gogorarazten dizkidatelako. Ospitalera etortzen da, tarte bat egoten gara kontu kontari. Bera ere, senarraren moduan, minbizi batekin ibili da gaixorik, baina bere kasuan zorionez gaindituta. Aurten, patxaran botila bat ekarri dit, berak egindakoa (!). Itzela da konfiantza hori, niretzat behintzat gure lanean izan dezakegun seinalerik hoberena da. Eskerrik asko, A!

Eta 2024an zehar ezagututako maisu-maistra guztiei ere eskerrak, hemen fisikoki jada ez daudenei. Hau irakurtzean akaso identifikatuko duzu aita, ama, arreba, ahizpa edo bestelako senideren bat, jakin ezazu maisu-maistrak direla guretzat, niretzat.

Edozein modutan, Eguberri on zuoi guztioi!

Iñaki Peña

1971ko udagoienean jaio nintzen. Urtaroz urtaro eta mendiz mendi nabil orduz geroztik.

Iñaki Peña

1971ko udagoienean jaio nintzen. Urtaroz urtaro eta mendiz mendi nabil orduz geroztik.
Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude