Julianne Moore aktoresa 2014an “Still Alice” pelikularen protagonista izan zen. Alzheimerrari buruzko filma zen, adin ertaineko emakume batek pairatutako prozesua deskribatzen zuena. 10 urte geroago, Pedro Almodóvar-ren “La habitación de al lado” filmean parte hartu du Tilda Swinton eta John Turturro-rekin batera, besteak beste.
Zahartzaroa iritsi baino lehen izandako zaurgarritasuna eta bizitza eta heriotzaren arteko eremua amankomuneko gaiak dira aipatutako bi pelikula horien artean. Bigarrenean, adiskidetasuna ardatz nagusietakoa da, Ingrid (Moore) eta Martharen (Swinton) artekoa. Oso lan sendoa da, zalantzarik gabe, estetikoki ez ezik etikoki ere. Bereziki gustatu zitzaidan gerretan eta ospitaleetan gertatzen denaren arteko konparaketa. Hainbeste gustatu ez zitzaidana izan zen hainbat pertsonak behin eta berriz plazaratzen duten ideia, Almodovarrek ere egiten duena, soilik eutanasiaren bidez heriotza duina lortu daitekeela esaten duena. Ez da bidezkoa zainketa aringarrien bidez hainbat hamarkadatan lortu dena alboratzea. Duintasuna bide bakar batetik errespetatu ahal izango balitz bezala. Bandera hori astintzea oso bitxia egiten zait, eremu honetan lekua denok izango ez bagenu bezala. Eutanasiarena, ibilbide luzeena duten herrialdeetan ere, Belgikan eta Herbehereetan ere, gutxiengo batek aukeratzen duen bidea izango ez balitz bezala. Eskubide guztiak dituen gutxiengo bat, jakina, ongi etorria den estatu mailako lege bati esker. Noski.
Estetikoki, Pedro Almodovarren pelikulak hobetzen ditu “Les invasions barbares” (2003) eta “Stille hjerte” (2014) gogoangarriak, nire ustez. Meritu handia dauka alde horretatik. Amankomuneko muinoa izanda hirurek ere: Aldameneko logelan norbait izatearen garrantzia. Edo ez izatea.
Egun hauetan, “Dando vida a la muerte” jaialdiaren bosgarren edizioa ospatzen ari da estatu mailan. Ekimenen artean, “The last ecstatic days” (2024) dokumentalaren proiekzioa eta solasaldia izan dugu. Ethan Sisser izeneko adin ertaineko gizona da protagonista, besteak beste yoga irakaslea izandakoa, burmuineko minbizia duena. Haren bizitzaren amaieraren lekukoak izateko gonbidapena da lan hau. Heriotzari aurre egiteko modu desberdina aukeratu duen pertsona da Ethan, bi asteko baraualdiaren ostean etorriko den heriotza. Farmakoei uko eginez, neurri handi batean. Modu konszientea eta burujabea aukeratuta. Bide hau izan, eutanasia izan, zainketa aringarriak izan ala dena delakoa, eremu honetan jende guztiak dauka lekua. Aldameneko logelan zu zaintzeko prest dagoen jendea. Adiskidetasunez. Maitasunez. Errukiaz.
Azkenik, aipatutako jaialdiaren barruan, “En tránsito: perdonen las molestias” izenburuko antzezlana ikus-entzungai izateko zortea eduki dugu Zarautzen aste honetan. Zarautz Herri Zaintzaileak antolatutako lehendabiziko antzerki saioa izan da, eta poz-pozik gelditu gara emaitzarekin. Uhartean konpainiak egindako proposamena da, Ramon Albistur-rek zuzenduta eta Esther Carrizo-k eta Araitz Bizkai-k antzeztuta. Espiritualtasun handiko lana da, musikak arima ematen diona. Hiltzear dagoen emakume baten eta haren kontzientziaren arteko elkarrizketa poetikoa da. Xumea bezain sakona. Zinez gomendagarria, egun hauetan Gernikan eta Zarautzen taularatutakoa.
Zorionez, ez dira proposamen artistikoak falta. Osasuna!