Mendeetan medikuak, sendagileak, osagileak izan dira gizarteko norbait errespetagarri horiek. Apaizak, abadeak, erretoreak bezala. Alkateak, auzapezak, merak bezala. On Miguel, On Jesús, On Bernardo. Denak gizonak, onak edo txarrak izan. Berorika trataera eurekin erabiltzekoak.
Uste dut inoiz komentatu dudala, barkatu errepikatzen banaiz (horren sentsazioa gero eta handiagoa daukat): Arrasateko ospitalera iritsi berria, 30 urte inguru neukala, Uribarriko (Oñati) adineko emakume bat zuzendu zen niregana berorika erabiltzen. Bilbotik etorrita, lehenengo aldiz entzun nuen bizitza errealean errespetuzko molde hori, harrituta. Atzeraka begiratu nuen, ea norekin hizketan ari zen jakiteko.
Galtzen ari da ohitura hori, ziur aski zorionez. Zoritxarrez, aldiz, pasatu gara sasijainkoak izatetik oso gutxi errespetatuak ez izatera. Kontu hauek hiriburuetan gehiagotan gertatuko dira, ziur aski. Nik behinik behin apenas ezagutu dut Debagoienean.
Baina beti ez dudanez asmatzen, komunikazioa beti ez da nahi nukeen moduan. Nigatik, aurrean dudanagatik, edo biongatik. Zainketa aringarrietan dauden paziente edo senideak antsietate handiko uneak pasatzen ari dira, eta batzuetan zipriztintzen dituzte elkarrizketak. Eta tentsioa sortu daiteke, bideratzen zaila dena.
Gorka Urbizuk “Janela bat” abestian kantatzen duen bezala, aurrean dugunaren mina arindu nahi dugu, baina beti ez ditugu gauzak ondo bideratzen. Berri txarrak ematea da gure eginbehar garrantzitsu horietako bat, kontu handiz egin behar dena. Eta beti ez da erraza “heriotza” bezalako tabu hitzak transmititzea. Tabuei bizkarra emanda bizi baldin bagara, gor, itsu eta mutu, amaiera iristear dagoenean bonba bat bezala jausi daiteke pertsonaren gainean. Eta mezulariaren kontra egitea irtenbide posibleetako bat da.
Esan bezala, zorionez, azken 13 urteotan Debagoienean paziente larrien minak arintzen modu espezifikoan saiatzen ari naizenetik, oso bizipen txar gutxi izan dut, zentzu honetan. Baina komunikazioa ez da beti erraza, eta beti asmatzea ezinezkoa da.
Egin dezakegun hoberena da konturatzea, onartzea eta barkamena eskatzea, modu batean edo bestean. Hurrengoan asmatuko dugulakoan.