Zeure bizitzaren musika

Abesti bat entzun eta denboran bidaiatxo bat egin. Zerbait pizten dizu barruan, norekin zeunden, non, noiz. Doinu batzuk entzutea nahikoa izaten da. Hauxe gertatzen zaio are gaixorik dagoenari ere, burmuina lainotuta eta matxuratuta duenari. Dementziadun gaixoekin hainbatetan antzematen da.

Aitari ere gertatu zitzaion, minbizia buruan zeukan, oso galduta geneukan ordurako. Norbaiti bururatu zitzaion bere oso gustuko disko bat jartzea, “Los chicos del coro” pelikularen soinu-banda. Eta orduan bai, erreakzio bat izan zuen, erantzuna malkoak izan ziren. Momentutzar horietakoa izan zen, zirraragarria.

Beste une ahaztezin bat bizi nuen Amaia Apaolaza, musikarekin oso lotuta, musika ekoizle batekin izan behar zen moduan. Haren bizitzaren amaieran ezagutu nuen Amaia, eta txunditu ninduten bere bakeak eta duintasunak. Haren etxean sartzea zen tenplu batean sartzea, musikak betetzen zuena, hor zegoen arima bat hain momentu sakratuetan. Zirraragarria.

Eta zeuk, zein musika aukeratuko zenuke zeure bizitzaren amaierarako? Akaso ez diozu inoiz planteatu zure buruari. Extremadura aldean, Badajozen, Death Café batean galdera horixe bota zuten, bai eta dokumental batean jaso ere. Beste hainbat osagai ere baditu dokumental labur honek: Lehenik eta behin bi emakumeen istorioa, euren bizitzetan minbizia agertu zelarik, horrek ekartzen duen guztiarekin. Bi ibilbide desberdinekin, Laura Martín eta Raquel Godoy. Zainketa aringarriak zer diren azaltzen dute, komunitate errukitsuak zer diren, Rafa Motaren hitzetan. Minbiziaren Aurkako Elkarteak zein lan egiten duen. Musikak zer eragin positibo izan dezakeen gaixo onkologikoengan.

Aste honetan dokumentala Getxon ikus-entzun ahal izan dugu, Orio eta Zarauztik joan ginen Amaia Gozategi, Miriam Mendoza eta hirurok. Rafa bera egon zen solasaldian, “Badajoz Contigo” komunitate gupidatsuaren sustatzailea bera eta SECPAL-eko presidentea izandakoa, besteak beste. Gizon ona zinez, ezagutzeko zortea baldin baduzu.

Naomi Hasson izan zen antolatzailea (“Getxo Zurekin”), eta berarekin batera Maider Grajales eta Alberto Meléndez (“Babespean”). Gainera, Albertok parte hartu zuen bere taldearekin batera (“Enclave”, Nafarroatik hurbildutakoak) sarrera eta agur musikalean. Zoragarria izan zen. Aretoan, Julio Gómez (“Santurtzi ciudad cuidadora”) eta Daniela Garavelli ere (“Sopela zurekin”) egon ziren. Hor batu ginen Euskadiko Komunitate Errukitsuen Sarearen ordezkaritza txiki bat, edo ez hain txikia.

Datorren urtean dokumentala Zarautzera ekartzea espero dugu.

Iñaki Peña

1971ko udagoienean jaio nintzen. Urtaroz urtaro eta mendiz mendi nabil orduz geroztik.

Iñaki Peña

1971ko udagoienean jaio nintzen. Urtaroz urtaro eta mendiz mendi nabil orduz geroztik.
2 comments
  1. […] lehengo egunean ikus-entzun genuen ”Death Café: La música de tu vida” (link: Zeure bizitzaren musika – Osatzetik arintzera (goiena.eus))  izenburuko dokumentala. Zure bizitzaren musika, gutariko bakoitzaren musikak, […]

  2. […] lehengo egunean ikus-entzun genuen ”Death Café: La música de tu vida”   izenburuko dokumentala. Zure bizitzaren musika, gutariko bakoitzaren musikak, pluralean. Hain […]

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude