Etika izan da pasa diren egunetako SECPALeko jardunaldien ardatza. Filosofiarekin hain lotutako arloa, Unamunori hain lotutako hirian. Geure amari hainbeste gustatzen zitzaion hirian. Udazkenaz eta ganoraz jaso ninduena, fresko, euritsu eta eder.
Aurretiazko borondateak eta partekatutako plangintza izan zen jorratutako gai nagusietako bat. Iñaki Saralegui eta Tayra Velasco izan ziren hizlari mahai-inguru bikain batean. Kalean bizi testamentua deitzen dena, normalean, formatu standard batean dator, aukera handiago edo txikiagoarekin dokumentua sinatzen duenak gauzak gehitzeko. Osakidetzan erabiltzen dena, horren aldetik, nahiko zurruna da. Zarautzen ekainetik gabiltza dokumentuak egiten eta horretan konturatu gara. Eta horren aurrean, eredu narratiboa deiturikoa idealena izango litzateke, testu libre irekiarekin. Hau da, dokumentuaren egileak hasi eta buka idatziko duena, aurrez diseinatutako inolako formaturik gabe.
Etikari buruzko jardunaldi batean, honetan maisua den Diego Gracia handiak ezin zuen falta. Mallorcan ere egon zen iaz, eta orduan bezala aurten ere nola zahartzen ari den nabarmena da. Nik betiko gordeko dudan irudia beste bat da, nire unibertsitate ikasle garaikoa, bera izan bainuen irakasle Madrilen. Orduan izango zuen Gracia jaunak nik orain dudan adina, gutxi gora-behera. Denok goaz zahartzen, hala da. Lehengo eguneko hitzalditik, esaldi batekin ere geldituko naiz: “Ondo egindako lana gelditzen da, beste guztia igari eta desagertzen da”.
Bestela, mahai-inguru zinez interesgarri batean murgildu nintzen lehengo egunean, zainketa aringarri goiztiarrei buruzkoa. Borja Mugica psikoanalistak oso kontu oinarrizko bat ukitu zuen: Subjektiboa dena ezin dugula objektibatu, sufrimendua edo heriotza ezin ditugula sistematizatu edo kuantifikatu. María González medikuak gure espezialitateak daukan estigma gogorarazi zigun, kaputxa beltza eta segarekin lotzen gaituena. Sedazioak ipintzeaz gain hainbat lan egiten ditugun arren, are gehiago paziente eta familiekin azken hilabetean baino askoz lehenago hasten baldin bagara.
Esker onarena izan zen beste puntu gako bat mahai-inguru horretan, Daniel Fernández-ek osatu zuena. Gune terapeutikoak sortzen ditugulako gizartean aipatu ezin denaz hitz egin ahal izateko, senitartekoak ere kontuan hartzen ditugulako, denbora eskaintzen diegulako, entzuten ditugulako. Amaitzeko, komunikazioa indartzeko garrantzia jorratu zuten, talde-lana sendotzeko, burn-out gutxitzeko. Bikaintasunaren bila aritu behar garela esaten du Etikak, eta profesional bikainak izaten saiatu behar gara, baina agian nahiko edo oso onak izatea ere bikaina da. Perfektutasunean nik behintzat ez dut sinesten.
Beste mahai-inguru batean, egoera zailei buruz jardun zuten hiru esparrutatik. Neurologiatik, gaixotasun neuroendekatzaileak izan ziren aipatutakoak (Dolores Calabria): Alzheimer, ELA, Parkinson eta Creutzfeld-Jakoben gaixotasuna (azken honen gaixorik ez dut ikusi nik orain arte, “behi eroen” gaixotasuna da). Esaldi batekin gelditzen naiz. “Baliotsua dena ez da produktiboa”, zainketen balioa aipatzean.
Ana Ayesta-k, Kardiologiatik, askotan ikusten duguna ekarri zuen: Errazagoa da gauzak egotea ez egitea baino. Adibidez, errazagoa da bihotz kateterismo bat egitea ez egitea baino. Komunikazioa lantzea zaila delako, proba bat zergatik ez den egin behar ondo azaltzeko denbora hartu eta eseri behar garelako eta ondo ahalegindu ulertarazteko. Zerbait egitea alferrikakoa baldin bada, egokia ez bada, ahalegin terapeutikoa mugatu behar dugu. Depreskripzioarekin egiten dugun moduan, edo odol-transfusioekin.
Azkenik, Miguel Angel Cuervo (hizlari eta gizon aparta) Neumologiatik aritu zen, nire arlo kuttunetik. BGBK-ko gaixoei buruz, zehazki. Arnasestuaz gain, ez dugula ahantzi behar sintoma psikiatrikoak, hain ohikoak dituztenak, antsietatea eta depresioa bikotea, alegia. Arnasestua bera tratatzeko, kortikoideak, nebulizazioak eta morfinaz gain, farmakologikoa ez den tratamendua azpimarratu zuen, nik behintzat erabiltzen ez ditudan teknikak.
Aurten ere posterra eraman dut, “Consulta de Cuidados Paliativos en un hospital comarcal. Evaluación de una trayectoria de 7 años”. Ez dakit 200era iritsiko ziren aurkeztutako posterrak, baina 150etik gora zeudela ziur nago. Horietako asko mamitsu eta interesgarriak, hainbat jenderen hilabeteetako lanaren ondorioa direnak. Ederra izan zen amaiera Mónica Lalanda-rekin eta komikiekin. Ederra da mugimendu hau guztia ikustea, 500 pertsonatik gora jardunaldi hauetan izena emanda. Hain bakarrik eta hain martziano ez sentitzeko balio dute foro hauek, zalantza barik. Eta gure bizitzetatik igaro diren pertsona ederrak gogoratzeko eta omentzeko, Juan Pablo Leiva bezala, SECPAL-eko presidentea izandakoa eta orain dela gutxi batzuk bat-batean hil zena. Gugan bego.
Hurrengo postean kontatuko dizuet Salamancatik nentorrenean, Valladoliden gelditu nintzenean, gertatutakoa. Bizitzak tarteka ekartzen dizkiguten gauza handi horietakoa izan dela esan dezaket.
Bonus track: Txikitxuterik – YouTube (Iker Goenaga /Maurizia)