Argazkian anaiak ematen dugu, eta izan zitekeen, urte bateko diferentzia bageneukan. Bestela, tximak berdinak genituen, bizarra hortxe, bizizaletasuna berdin-berdina. Orain neuk jarraitzen dut aurrera, eta zeu gelditu zara hortxe, 47 urterekin.
Gaurko egunez, txupinazoa bota zuten Iruñean. Urtero moduan, esango duzu, baina egon dira pare bat urte festarik gabe. Zu mundu honetatik joan eta hurrengo bietan ez da jairik egon ez Nafarroan, ez Zuberoan, ezta Trebiñun ere. Inon ere ez. Jai geneukan! Koronabirusarena latza izan zen, izango zenuen zuk ba teoriaren bat honi guztiari buruzkoa…
Gauzak apurka-apurka normaltzen joan dira, baina normaltasuna ere zer den, e? Ba horixe. Zarautzen ere, urtero moduan, hondartza jendez betetzen badabil. Urte arraro haietan hesiak ipini zituzten bertan, bai, bai, hesiak! Hondarretara zenbat jende sartzen zen kontatzeko gaztetxo batzuk ipini zituzten, horretarako sarleku zehatz batzuk jarri, eskailera batzuetatik sartu, besteetatik atera. Toailen arteko distantzia bat gorde behar… Galdu duzuna!
Orain Iñurritza obretan dago, baita herria bera ere. Salberdinen beste auzo bat dago eraikia, berri-berria. Hasi dira ezkiak mozten Nafarroa kalean, ez dakit oso ondo zergatik, baina zati batean itzalik eta babesik gabe gelditu gara. Bestela, Marina Txiki-k hor jarraitzen du, zorionez. Parrandaren bat edo beste egin izan dugu bertan. Mendi batzuk igo ditugu, Txufoekin batera. Familia mundiala duzu, aizu! Eta bai, oraindik ez dut hika egiten ikasi. Bizkaieraz segitzen dut, eta galegoz ere animatzen naiz. Horrelako batean, ea ba…
Bestela, zer esango dizut ba? 6 hilabete izan ziren, baina markatuta laga ninduten. Mundu bat bizi genuen tarte horretan. Ez dakit zenbat bidaia izan ziren, tokitik mugitu barik. Zuretzat (hiretzat), erraza zen (zuan?) gainera. Arranoa hintzen, hegan egiteko gaitasun horrekin eta horrela. Beautiful bald eagle.
Igandean goazak Pagoetara, bazter eder horretara. Begizak, hasi nauk hika, trakets baina tira. Goizean goiko argazkia bidali zidak hire arrebak. Bazegok akats bat, hala ere, nabarmena gainera. Txapelduna hi haiz, Jexux. Beti izango haiz. Hire 47 urte haiekin. Maite haut.