Hauxe da irakurri dudan Edurne Portela-ren hirugarren liburua. “El eco de los disparos” interes handiz hartu nuen, baina “Mejor la ausencia”-k liluratu ninduen. Liluragarria iruditu zitzaidan idazteko modua, nola deskribatzen dituen 1970eko hamarkadako kontu haiek guztiak (“Iparralde”-ko giroa, Ezkerraldekoa, ETA, heroina, bizardunak…).
Beste eleberri honekin gauza bera gertatu zait, hasi eta buka egun gutxitan egin dudala, irakurketak erabat harrapatu nauela. Testuinguru historikoa desberdina da, Munduko Bigarren Gerra, Frantziako inbasio nazia, Erresistentzia, mugalarien sareak… Kokapen geografikoari dagokionez, Lapurdiko mugako zonaldea da aukeratua. Zehazki Sara herria, eta zehazkiago Larun-go mendi-oinak, San Inazio mendatea edo tren ttipiaren abiapuntua. Liburuak bi zati oso desberdinak ditu, bake garaikoa eta gerrakoa. Lehendabizikoan, arazo arruntak (edo ez hain arruntak) bizi dituzte pertsonaiek, bizitza arruntean gertatzen diren kontu horiek guztiak, galdu arte apreziatzen ez ditugun horiexek. Galdu arte apreziatzen ez dugun errutina.
Gerratearekin infernua hasten da, modu erdi zibilizatuan hasieran eta erabat basatian amaieran. Gordina da liburuaren bigarren zatia, gerrek dauzkaten gordinkeria, krudelkeria eta basakeria guztiekin. Idazleak, tarteka, lore modukoak erakusten ditu suntsipen horren guztiaren erdian. Erruki printzak, haize apur bat ekartzen dutenak, baita etsai nazien bandoan ere. Gupida da, egia esan, mundu bizigarriago egiten duen balio nagusietakoa. Maitasunarekin lotuta, ezin bestela.
Beste aldean, mundua mugiarazten duten beste elementu haiek, gorrotoarekin uztartutako mendekua, edo plazer hutsez egindako indarkeria. Liburuak jasotzen duen 1940ko hamarkadaren lehenengo erdialde hartan, mugako alde bietan panorama nahikoa iluna zen. Gerraostea eta frankismoaren hasiera batean, eta Frantziaren okupazio nazia bestean. Ama eta aita orduan jaio ziren, mugimendu klandestinoak etengabeak zirenean Lesaka eta Bera, alde batetik, eta bestetik Sara, Ainhoa eta abarren artean. Leku idilikoak infernu bihurtuta.
Badago puntu gako bat, zehatz-mehatz, idazleak azpimarratzen duena: Txibatoena. Ezkutuko pertsona horiei esker (edo euren erruz) erortzen dira mugalarien sareak liburuan. Pertsonak atxilotzen, torturatzen, bahitzen eta erailtzen dituzte txibatoen erruz. Eta, hori gertatu bitartean, garrantzitsua da zerbait egin dezaketen gehienak beste leku batera begiratzen egotea. Inportantea da gehien horiek ezer ez egitea. Koldarkeria orokortu horrengatik nabarmentzen dira bestela Maddi guziak, Schindler guziak, infernurik okerrenetan ere argia ematen duten heroi txiki edo handi horiek guziak. Samaritar on guziak.
Geurean ere ez da desberdina izan azken hamarkadetan, tamalez. Beldurrak agintzen duenean isiltasun latz horrek hitz egiten du, ozenki. Pasiboki edo aktiboki. Denok egin beharko genukeen ariketa da, besteei kontuak eskatzea baino geure barrura begiratzea. Non nengoen ni hori eta beste hura gertatu zirenean? Zer egin nuen? Zer ez? Pasatutakoa pasatutakoa dago, baina beti gaude garaiz oker egindakoekin gauza iraultzaileak egiteko: Kritika, damua, barkamena eskatzea. Edo barkatzea, bigarren aukera bat ematea. Inoiz ez da berandu.
Azkenik, badago liburuan pasarte oso esanguratsu bat, errukiaren nekearen inguruan, kontuan hartzeko beste puntu bat: “Un grito. Un lamento. Alguien llora. Nadie la consuela. Estamos cansadas de consolarnos. Cuando consuelas das parte de ti. Consolar desgasta“. Hau ere gertatzen da.
***************************************************************************************************************
(PS.- 1943ko abenduaren 26an hegazkin alemaniar bat atera zen Mont-de-Marsan-etik hegoalderantz, Ipar Euskal Herritik oso gertu. Zergatiak ez dakigula, istripu bat izan zuen Arantza aldean (Saratik 25 km-tara), Nafarroa Garaian, Izu mendiaren tontorretik hurbil. Barruan zihoazen hamar gizonak hil ziren, denak soldadu naziak, denak 21-34 urtekoak.
Mendi buelta batean topatu nuen, ustekabean, plaka bat istripu haren berri ematen, gertatu zen lekuan, Izuko tontorraren azpian. Jakinminez, Interneten sartu nintzen eta aipamena topatu nuen zehaztapen askorekin. Eman zidan zer pentsatu Arantzako herriari esker ona ematen zutela, lagundu nahian herritar batzuk istripuaren lekura hurbildu zirelako. Behintzat gorpuak jaisten elkarlanean ibili zirelako. Bazekiten herritar haiek hildakoak alemaniarrak (naziak) zirela? Jakin izango bazuten gauza bera egingo zuten? Jakingo bazuten Maddi eta bestelako mugalariak atxilotu, torturatu eta erail zituztenak horiek bezalako naziak zirela, zer egingo zuten?).