Denok daukagu gure bazter kuttuna. Hondartza, baso, herri edo mendi hura. Neurea Anboto da, eta duela 25 urte lehenengo aldiz igo nuen. Denik eta igoerarik ederrena eginez, gainera, Axpe aldetik Larranora iritsita, eta hortik gandor guztia zeharkatuz tontorreraino. Ordutik, beste abiapuntu batzuetatik hasita, beste bide batzuetan zehar eta beste mendilagun batzuekin leku berean amaitu naiz. Bazter kuttunean.
Aurreko barikuan, 25 urte geroago, gandorreko bidea egin dut berriro, kasu honetan Atxartetik Larranora iritsita. Alpino Tabira-ko Humberto Amantegik lagunduta (anfitrioi mundiala!), ibilaldi atsegin eta dotorea egin genuen. Bezperan, haren mendi taldeak antolatuta, MHHH aurkeztu genuen Durangon. Erdi ahaztuta neukan zer zen sentsazio hori, aretoa beteta topatzearena, giza berotasun hura jasotzearena. Bereziki Debagoienean jaso izan ditudan sentipen atsegin horiek. Ba aurkezpenen amaiera honetan ostera ere gertatu da, hasiera hartan bezala. Aurpegi ezagunak eta ezezagunak egon ziren Zugaza zineman pasa den eguenean, astebukaerari ekiteko modurik ezin hobean.
Izan ere, Galeusca-ren XXIV. edizioa zain geneukan. Oraingo honetan, Erronkaribarreko iparraldean, Zuberoako eta Huescako mugetan. Badaude mendi kuttunak, gustukoak, harrigarriak, malkartsuak, leunak, gorriak, zuriak, nabarmenak eta ezkutatuak. Azken kategoria honetan nuen Kartxela pasa den asteburua arte. Orain dela 20 urte saiatu ginen Maider eta biok igotzen Uztarrozetik, baina elurrak, izotzak eta behe-lainoak atzeraka eginarazi gintuzten. Hortik gutxira, Miguel eta Iratxerekin batera itzuli ginen Mintxateko ibar eder hartara, baina behin Kartxelako zirkuan sartuta, beste gailur batera igo ginen. Asteburu honetan, 20 urte geroago, Luis, Franxo eta hirurok lortu dugu ezkutatutako tontor horretara ailegatzea, Mintxateko pista hartatik bertatik. Bide neketsua benetan, baina hura bizipoza!
Badaude bestela mendi madarikatuak. Balaitus izan daiteke, Annapurna, K2, Cho Oyu edo Gasherbrum II. Ez dakit mendi hiltzailetzat har ditzakegun, baina bizitza eta heriotzaren arteko muga hortxe dago, jakin barik askotan. Bizipoza eman ahal digute, baita bizitza bera kendu ere. Zapatuan, Belagoa aldean genbiltzan bitartean, Aretxabaletan “Bizir Eguna” ospatu zuten beste urte batez. Mikel Crespo gogoan izan zuten Kurtzebarri aldean, baita guk ere handik 200 kilometrotara.
Bizitza ospatu eta ez daudenak gogoratu, erabat lotuta dago bata bestearekin. Tristura alaitasunarekin. Eta gustuko lekuan, badakizue…