Coldplay taldearen arrakastak, asteburu honetan Bartzelonan, geure proiekziora publiko gehiago etortzeko aukerak murriztu zizkigun. Ez dut beste azalpenik topatzen, hori izan beharko da. Barkatuko diegu, baina trukean, euren himnoa baliatuko dugu post honen izenbururako.
Gora bizitza. Horixe da “Mendian hil. Hirian hil”-en mezua, Mònica Algueró antolatzaileak solasaldiaren hasiera-hasieratik adierazi zuen moduan. Mahai-inguru moduan prestatu zuten, Annalaura Cardella eta Marta Argilés psikologoekin batera. Oso gutxitan egon naiz horrelako formatu batekin bi urte eta erdiko ibilbide honetan, eta atsegina izan da. Arreta banatu zen lau pertsonen artean eta honek kolore gehiago eman zuen. Hizkuntzei dagokienez ere anitza izan zen, erronka nuen katalanarekin eta emaitza nahikoa duina izan zela uste dut.
Emanaldia formatu hibridoan izan zen, on-line jende gehiago zegoen bertan baino. Baina beti dago jendea aurrez aurreko berotasun hori ematen duena, kasu honetan Jordi Martínez, Fred Perers eta Pilar Vidal. Fred aspaldiko laguna da, “Llengües Vives” argitalpenaren arduraduna izandakoa eta katalan irakaslea niretzat. Jordi orain dela denbora gutxiagotik ezagutzen dut, eta oso lotura ederra izan zuen Jexux Zufiriarekin, dokumentala dedikatu nion pertsona maitagarri harekin (egun batean kontatuko dizuet istorio luze osoa). Fred eta Jordi egon dira trilogiako hiru lanen aurkezpen bartzelonarretan, hiruretan presentzia eskergarri horrekin. Pilar lehenengo dokumentalarekin ezagutu nuen, Palau Macaya dotorean egin genuen pasean, eta ordutik ez diogu elkarri pistarik galdu. Duela zehazki 9 urte izan zen, kasualitate bitxi horiek beti lanean. Bigarren dokumentalaren emanaldia, Calàbria 66 gune horretan, Robert Manrique handiari esker izan zen. Robert ezin izan zen etorri, baina presente egon zen. Lehenik eta behin, oraingo emanaldia bere gestioei esker sortu zen (moltes gràcies, COPC, per la vostra hospitalitat i generositat).
Beste bi pertsona ere etortzeko ziren, baina azkenean ez zen posiblea izan: Izaskun Andonegi, dokumentalaren protagonista eta aspaldiko bidelaguna, eta Cristina Llagostera, ezagutu baino lehen jada hor dagoena. Biak ala biak presente egon dira asteburu honetan.
Hirian bizi, herrian bizi. Honi buruz hitz egin genuen bereziki ostiraleko solasaldian, Marta, Annalaura eta hirurok. Bartzelonan bizi ala Sort inguruan, Pirinioetan. Italiako herri batean bizi, ala hiri handian. Egun hauetan Docs dokumentalen jaialdia izan da Kataluniako hiriburuan. Eta nik zinema ikusteko aprobetxatu dut eguraldi beroa. Dokumentalen ordez, fikziozko pelikulak. Eta lehenengoa “Le otto montagne” izan zen (Felix Van Groeningen). Torinon bizi ala Aostako ibarraren herri txiki batean, Alpeetan. Bi gizonen arteko adiskidetasunaren istorio ederra, baita ez dagoen aita baten eta semearen arteko harremanari buruzkoa ere, hil ondoren oso presente bilakatzen den aita. Pietrok eta Brunok ekiten diote hondatutako borda bat zutik ipintzeari, mendi aldean (txabolen asuntoa behin eta berriz agertzen ari da nire bizitzan). Hizkuntza festa hemen ere, italiera eta piemontera. Mendian hiltzea duintasunez? Pelikula honetan ere planteatzen dute. Zeure ametsei jarraitzea eta betetzen zaituenari uko ez egitea ere aldarrikatzen dute, nolabait. “The Fabelmans” (Steven Spielberg) pelikularen mezu nagusia ere badena, bestela, ikus-entzundako bigarrena egun hauetan. Hirugarrena, “Triangle of Sadness”, aparteko bide astintzaile batetik doa, punk xamarra, tarteka hard-core. Oso egokia hauteskunde egun baten bezperan.
Asteburua, hala ere, Zarautzen bertan hasi zen niretzat, etxean. Mendi Tourrak herrian laga zigun harribitxi bat, “Everest Sea to Summit”. Abenturazale australiar baten erresilientzia astonagarria. Indiako kostaldetik oinez Nepalgo eta munduko punturik altueneraino. Azken film honetatik, esaldi borobil batekin geldituko naiz: “Menditarrek munduko arraza bakar bat osatzen dute mundu osoan”.
Arraza menditar horretakoa zen, besteak beste, Xabi Ormazabal, ostiral honetan Urretxun gogoratu dutena. Bizi dira!