Igandeak oso egun aproposak dira egunkaria lasai irakurtzera esertzeko, bizitzaren plazer txiki horietako bat praktikatzeko. Plazer ‘zaharruno’ horietakoa, alegia, are gehiago gaur bezalako domeka euritsu batean. ‘Bizitzaren igandean’ ez nago oraindik, baina gustatuko litzaidake iristea, nola ez. ‘Ostegunean’ egongo naiz, honezkero, eta gustura irakurtzen ditut igandean daudenek idazten dituztenak.
Gaurko egunkarian, Andu Lertxundi herrikideak “Zahartzaroak badu idazten dionik” artikulua argitaratu du, harribitxiz betea: “Egunero ikusten nuen zahar jendea murrizten ari da, batek etxetik irteteari utzi behar izan ziolako; halakok munduari agur esan diolako”. Bizitzaren azaroan edo abenduan egongo da Andu, talaia horretatik mundura begiratzen du: “Iritsia naiz zahartzarora, eta Mari Luz Estebanen hitzekin esateko, «ez diot uko egiten zaharra naizela aitortzeari. Za-ha-rra»”. Neu abuztuaren amaieran edo irailean nago, baina bat egiten dut berarekin hurrengo pasarte honekin: “Pentsatzen hasia nago honezkero ez ote dudan hildako jende gehiago ezagutzen bizirik dagoena baino”. Ez dakit zuek, baina neu puntu horretantxe nago, lanbideagatik izango da seguru, baina horixe bera sentitzen dut.
Aurrera jarraituz, zahartzaroa da “bizitzak emandako azken aukera, beraz. Bizitzaren misterioa ulertu nahian segitzeko pagotxa“. Zortea ez, askoz gehiago, pagotxa. Zoria eta zahartzaroa uztartuta, ongi. Espiritualtasunean bete-betean sartzen, bikain. Eta beste kontzeptu desiragarri bat zahardadearekin lotutakoa, askatasuna. Hau, berriro, Mari Luz Estebanen hitzetan: “Zenbat eta zaharrago libreago. Libreago nahi dudana esateko, libreago nahi dudana egiteko“.
Amaitzeko, pozari buruz idatzi du kazeta berean Onintza Enbeita handiak: “Ez genioke geure buruari ezer bizitzerik ukatu behar: doluan dolu egiten jakin behar da, eta parrandan parranda, eta pozean barre, eta tristuran egon, eta zoriona eskuekin uki dezakegunean heldu. Joango da etorri den moduan; beraz, ez bainarik jarri. Ez gaitu beste munduan inork zigortuko zoriontsuegiak izan garelako“. Andurengana itzulita: “Atxakiak ez dira aitzakia“.
PD.- Adina eta bizipoza.