Bizitzan behin musulmanak Mekara edo kristauak Santiagora joateko dauden aginduak bezala, badaude Asturiasen pare bat leku bisitatzeko derrigorrezkoak, Iberiar penintsulako iparraldean bizi garenontzat behintzat ezinbestekoak.
Lehendabizikoa, Covadonga eta inguruak dira. Nonbaiteko erdigunean egoteko sentsazioa hartzen duzun toki berezi-berezia da, Arantzazuren oso antzekoa. Bigarrena Sella ibaia da, eta zehazki bertan piraguetan egindako jaitsiera, “hil baino lehen nahi dut…” zerrendan apuntatu beharrekoa. Kantauri itsasoko ertzean bizi baldin bazara eta erdi sasoian baldin bazaude, behinik behin.
Duela urte mordo bat zerrendatik kendu nuen kanoen plana, ilea neukanean. Eta pasa den asteburuan bigarren aldiz igo nintzen Cuadongako santutegira eta aintziretara, aurrenekoa txikitan izan zelarik. Zorte handia izan nuen eguraldiarekin eta, euria lagun, ganorazko bisita suertatu zen. Bezperako sargoriaz libratu eta freskura itzuli zen paradisu hartara larunbatean, orbayu azpian ia-ia Vega de Arioko aterpetxeraino iritsi nintzen Ercina lakutik abiatuta, 5 orduko ibilbidean.
Peña Santa mendi-taldeak antolatuta, “Mendian hil. Hirian hil” proiektatu behar genuen Cangues d’Onís-en ostiralean, eta hara abiatu nintzen autokarabanaz. Asturiasen lehenengo aldia zen trilogiako dokumental bat aurkeztu ahal izaten genuela, horren aldetik beraz oso pozgarria. Goiko paragrafoan kontatutakoa ere gertatu zen, bigarren poza. Eta hirugarrena, domekan egindako mendi buelta dotorea, Pongako natura parkean, Peña Santakoek lagunduta eta Picu’l zorru gailurreraino igota. Azeririk ez, baina oreinak, sarrioak eta igaraba moduko bat topatu genituen.
Paradisuarena ez da amu turistiko soila, behin eta berriz familiarekin itzuli naizen lurraldea da hau, eta hiru Galeusca ere antolatu ditugu bertan (Horcaos Roxos, Picu Tesoreru, Peña Ubiña, Fontanes, Picu’l Vientu eta Cantu’l Osu). Hitzez hitzekoa da kontua.
Bestela, bizitzan behin eta berriz bidegurutzeetara iristen gara, eta bide bat edo bestea aukeratu behar dugu. Aurreko asteburuan benetan konplikatua zen hautua, Bilbon lagunekin sekulako musika plantzarra neukalako. Osasunaren alde egin nuen, itxura guztien arabera.
PD.- Santiago de Compostela edo Covadonga euririk gabe bisitatu baduzu, hobe duzu bueltatzea zorte klimatiko handiagoa izango duzunean. Eta, jakina, gauza bera aplikatu dakioke Bilbori. Gero eta zailagoa da kontua, baina ez ezinezkoa.