Hil nahi

“Solitude”. Frederick Leighton.

“Bizitzari eusten ari da, makal-makal egon arren.

Tira, inork ez du hil nahi”.

Altuera hauetan “inor ez” eta guztiok” hauek “inoiz ez” eta “beti” horiek bezain muturrekoak eta guztiz errealak ez direla jakin dezakegu. Bai, badago jende kopuru bat hil nahi duena. Zati txikia izan daiteke, hil nahi dutela esaten dutenen 1/7 bat, antza denez.

Gainontzeko 6/7 horiekin lan egin beharko dugu, depresio zantzuak baldin badaude, tratatzen saiatu, farmakoekin eta bestelakoekin. Bakardadea baldin bada arazoa, hori konpontzen saiatu, gizarte langile eta ahal diren eragile guztiekin batera: Senideak, bizilagunak, boluntarioak… Izan ere, bakardadea mina, nekea eta depresioarekin lotuta dago.

Hil nahi izatea oso erlazionatuta dago mina edukitzeko beldurrarekin eta zama bat izatearen pertzepzioarekin. Nor bere buruaren jabea izanez gero, funtzionaltasuna galtzeak eta menpekoa izateak bizitzari kentzen dizkio zentzua, esangura eta duintasuna, neurri desberdinetan norberaren arabera. Izan ere, bizitzaren esanahia oso kontu subjektiboa eta zabala da.

Hil nahia, modu jarraian, agertu daiteke gaixotasun larririk ez duen adineko jendearen artean %1 batean. Zati txikia, baina existitzen dena. Etengabean adierazten baldin badu pertsona batek, hilabetez hilabete, depresioa baldin ez badago, ezta bakardadea ere. Are gehiago, zainketak ezin hobeak baldin badira, beste leku batera begiratu behar dugu? Bizitza erabateko balioa al da kasu guztietan?

Beheko infografia post honetan erabili dut, datu oso argigarriak ematen dituelako. Hala ere, bizitzeko gogoa ezin dela inposatu sinisten dut. “Keep Assisted Dying Out of Healthcare” esan nahi du ingelesez KADOH horrek, infografia argitaratu duen webgunea. “Osasungintzatik kanpo utzi lagundutako heriotza”, alegia. Gertuko lankide bat norbaitek hil nahi baldin badu trenbidea hortxe dagoela esatera iritsi da, edo burkoak hor daudela. Hor daude pentsamolde eta lobby horiek, bai.

Oso gutxitan tokatu zait azken 12 urte hauetan 1/7 edo %1 hori, estatistikoki beste lankide guztiei bezala, jakina. Baina adi entzun behar da, egoera ondo aztertu, eta ekin. Oso gogoan dut pertsona horietako bakoitza.

Oso gutxitan, sufrimenduarekin amaitzeko lagundutako heriotza da gelditzen den irtenbidea. Errukiagatik, erantzukizunagatik eta, halaber, eskubide bat delako.

http://www.kadoh.uk

Iñaki Peña

1971ko udagoienean jaio nintzen. Urtaroz urtaro eta mendiz mendi nabil orduz geroztik.

Iñaki Peña

1971ko udagoienean jaio nintzen. Urtaroz urtaro eta mendiz mendi nabil orduz geroztik.
Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude