Gasteiz ekimen askoren epizentroa da. Neure biografian behintzat, ez da bakarrik hiru probintzietako hiriburu politikoa. Adibidez, Zarautzen Death Kafeak (DC) antolatzeari ekin genion hiri horretan zabaldutako bidetik. Hor ere aitzindariak izan ziren. Amaia Arce eta biok bat egin genuen Vivir con Voz Propia (VVP) elkarteak antolatutako jardunaldi batzuetan, hospice modernoei buruzkoa. Hortik gutxira hasi ginen geu ere anfitrioi lanetan DCekin. Hortik gutxira Zarautz Herri Zaintzailea ekimena apur bat geroago abiatu genuen, 2018ko maiatzean. Orduan ere izan zen SECPAL 2018 Zainketa Aringarrietako nazioarteko biltzarra, Bitorixan halaber.
Ba Patxi del Campo eta VVPko taldekideek berriro egin dute, uhin handia alegia. Pandemia betean, Errukiaren lehenengo Nazioarteko Foroaren anfitrioiak izan ziren, eta bertan batu ginen orduan martxan geunden euskal komunitate errukitsu guztiak, 2020ko abenduan.
Egun hauetan hirugarren edizioan parte hartu dugu, eta oraingo honetan ikuspuntu oso interesgarria gehitu dute: Errukia politikan. Zaila da bien arteko loturak topatzen, baina hau ere posiblea da. Jennifer Nadel etorri zitzaigun Ingalaterratik, murgilduta dagoen egitasmoa partekatuz, “Compassion in Politics” delakoa. Ahal da bestelako jarrera erakustea oihan horretan ere, eta ideia beraren inguruan jardun zuten Nerea Gálvez politikariak, Alberto Lardíes kazetariak eta Anabela Runa enpresariak. Bitxia bezain beharrezkoa eta erakargarria egiten da esparru hauetan errukiari buruz entzutea. Eguna borobiltzen hasteko, Juan José Tamayo teologo ‘gorria’ (gorri-gorria) entzun ahal izan genuen, “el bien común” kontzeptuari eta baita kontrakoari buruz ere, “el mal común” (neoliberalismoa, klima aldaketa eta abar guztia).
Eta osteguna goranzko norabidean amaitzeko, “Suminetik (eta saminetik) bakera” obra eszenikoa bigarrenez aurkeztu genuen Gasteizen (aurrekoa Oihaneder Euskararen Etxe ederrean izan zen). Koldo, Naia, Aitor eta laurok Sara Buesa gurekin solasaldian izateko plazera izan genuen, tartea dotorea bezain laburra izan zen. Oihan ederra. Hain zuzen ere, Koldok azpimarratu zuen obraren ibilbide honetan zein jende interesgarria ezagutzen ari garen, zentzu garaikidean errukia ardatz. Eta Sararekin lotuta, gogoratu nintzen Pello semearekin Gasteizera saskibaloira etortzen hasi ginenean, Buesa Arenara. Nola galdetu zidan zein zen Buesa, eta xalotasun horrekin, ea saskibaloi zalea zelako izena ipini zioten pabilioiari. Galdera horiek ahalbidetu zuten gaiari buruz egin ahal izatea, ETA eta gatazkari buruz. Gaua amaitu genuen Pellok eta biok Baskonia ikusten, hain zuzen ere. Adrenalina jaistea kostatu zitzaidan.
Biharamunean, Julian Abel (“The Compassion Project: A case for hope & humankindness“) on-line entzun genuen Ingalaterratik, eta herrialde beretik Foroan presentzialki izan genuen Rosamund Oliver, “deep listening” edo entzute sakon eta aktiboa nola demontre egiten den zirriborratu zigun (larunbat eta igandean zehar luze garatu behar zuen, baina Zarautzera itzuli naiz). Hemen ere, isiltasuna da gakoa. Zarata guztietatik aldentzea.
Javi Aramendia izan zen atzo egunari ginga ipini ziona (zein hobea gozogile bat baino?). Errepasatu zuen Gipuzkoan aurtengo lehenengo erdialdean egindako aktibitate erraldoi bezain sinestezina, Irunen, Elgoibarren, Tolosan, Donostian, Orion eta Zarautzen. Sinestezina bezain erreala.
Eskerrik asko Javi. Eskerrik asko Patxi. Eskerrik asko Sara. Eta bidelagun guztiei.