Apirilak ongi etorria egin digu elurte dotore batekin, Pagoeta ere zurituta agertu zaigu gaur, aurreko egunetan bestelako giroa zegoen arren. Bai, klimarekin “gauzak” gertatzen ari dira aspaldi honetan.
Aste honetan bertan ekin diot heriotza ona edo duinari buruzko solasaldi sortari, “Bihotzetik” ekimenak antolatua. Izan ere, Javi Aramendia koordinatzen ari da martxotik ekaina arte 40tik gora hitzaldiren egitarau zabal bat, Gipuzkoan zehar, sei komunitate errukitsuak elkarren artean sarea eginda: Tolosa (Bihotzetik bera), Irun-Hondarribia (Bidasoa Zurekin), Elgoibar (Almaur), Donostia (Bidegin), Orio (Zain Bizi) eta gu geu Zarautzen (Zarautz Herri Zaintzailea).
Orion eman nuen lehendabizikoa astelehenean, beteta zegoen Arraunetxe eraikin ederrean. Amaia Gozategi bidelagunak anfitrioi lanak egin zituen, eta luze eta gustura aritu nintzen solasean bertaratutakoekin (batzuk ondoko galaxiatik, Bizkaia maitetik).
Garai hauetan automatikoa da hainbatentzat heriotza duina eutanasiarekin lotzea. Eta horixe da, zorionez, duela 9 hilabetetik zabaldu den beste bide bat heriotza ona lortu ahal izateko. Baina ez bakarra, eta gainera ibilbide luzeagoa duten herrialdeetan ikusten dugunez (Belgika, Herbehereak…), ez kasu gehien biltzen dituena.
Zainketa aringarriak oraindik espezialitate medikoa ez den arlo nahikoa gaztea da, beste esparru batzuekin historikoki konparatuta. Gurean bizpairu hamarkada baino ez dira martxan daudelarik, eta helburu nagusietakoa horixe dugu: heriotza ona, edo duina. Beraz ez da oso bidezkoa eutanasiarekin baino ez lotzea, eta horrela Orion korronte biei buruz egin genuen berba. Zabalago nik gehien ezagutzen dudanari buruz, baina baita bide berriari buruz ere. Kontuan hartuta eutanasian hainbat paliatibista gabiltzala.
Bibliografian, Jacinto Batiz mediku paliatibista bizkaitar ezagunak idatzitako liburua aipatu nuen, eutanasiarekin kritiko agertzen dena, argudio hauek ere irakurtzea interesgarria izan daitekeelakoan. Eta horrekin batera, hurrengo hitzaldietan beste liburu bat aipatuko dut, Cristina Llagostera psikologo katalanak aste honetan ere Gasteizen aurkeztutakoa, aitzindaria den komunitate errukitsuan: “Morir con amor”. Izenburua iradokitzailea irudituz gero, hemen duzue aurkezpena ikus-entzuteko aukera.
Amaitzeko, heriotza duinari buruzko hurrengo solasaldietan parte hartu nahi baduzue, hemen egitaraua eta izena emateko bidea (eta info guztia):
- Elgoibarren apirilaren 7an.
- Donostian apirilaren 19an.
- Zarautzen apirilaren 29an.
- Tolosan ekainaren 3an.
- Irunen ekainaren 15ean.