1988ko Aste Santuan egon nintzen lehenengo aldiz Otsagabian. Gurasoekin, anaia eta arrebarekin eta beste familia batekin izan zen. Ondo gogoratzen naiz urteaz, Errealak egun haietan jokatu (galdu) zuelako Errege Kopako finala Barçaren aurka. Udaberria zen, baina dena elurtuta zegoen. Orreaga ere bisitatu genuen. Hain izan zen zoragarria, non hurrengo Aste Santuan lekua errepikatzeko eskatu baigenien gurasoei, aho batez bi familietan.
Ez ziguten kasurik egin, eta hurrengo urtean León-go probintziara joan ginen. Pasatu ziren urteak, ia 10 urte, eta lagunekin itzuli behar izan nintzen Otsagabiara. Gogoratzen naiz Tafallan Nafarroa Oinez izan zelako, 1997ko urrian, eta asteburu hartan ere Iratiko oihanean ibili eta Orhi mendira igo nintzen lehendabiziko aldiz.
Apur bat geroago Maider izeneko neska bat ezagutu nuen Arrasaten, ospitalean lankideak ginen, elkarrekin ibiltzen hasi ginen eta asteburu batzuk pasatu genituen Otsagabian. Abodiko bazterrak, Muskildako baseliza… Esan zidan ez zela oso ezkontzeko zalea, baina inoiz egitekotan, Muskilda moduko leku batean izan beharko zela.
Esan eta izan (edo ia-ia). Maider izeneko neska eta biok ezkondu ginen Otsagin 2005eko apirilean. Elurrak bazter guztiak estali zituen, baita Muskildarako bidea ere, beraz herrian bertan ospatu genuen dena. Badago dorre itxurako eraikina Urrutia auzoan, horma bat pilotaleku moduan erabili izan zena beste garai batzuetan, eskola izandako beste eraikin haren aurrean, plazaren bestaldean. Ba hortxe.
Urtero itzultzen gara orduz geroztik, eta ezteiaren 10. urteurrenean ere han izan ginen. Eta orduan bai, igo ginen ermitara. Arantzatxoa kendu, eta asteburua aprobetxatu genuen “Aulki Hutsak” herrian aurkezteko. Beste zentzu bat hartu zuen dokumentalak niretzat, 10 urte geroago ama eta aita falta zirelako. Aldi berean, denbora tarte horretan Pello eta Aioraren aulki beteak gehitu ahal izan ditugu, eta beste batzuk ere joan dira iristen geure mahaira. Batzuk xoan, bertze batzuk xin.
Aurreko asteburuan “Mendian hil. Hirian hil”, trilogiako azkena, ekarri genuen Zaraitzura. Elurra zapaldu genuen goizean Orbaizeta aldean Mikel eta biok, Nafarroa Beherea eta Garaia arteko mugetan egindako itzuli ederrean. Eta arratsaldean elurra baino arazo tekniko batzuk inprobisaziora eraman gintuzten, ezkontzako egunean bezala. Han zeuden Mari Carmen, Laura, Ana, Marux, Txepi, Mari Jose eta 34 urte hauetan guztietan modu batean edo bestean ezagututako otsagabiarrak.
Bitxia da, baina egun hartan bertan, Pontevedrako probintzian, 850 kilometrotara, beste pertsona batzuk ari ziren MHHH ere ikus-entzuten Caroi herrian. (Bigarrenez gertatu da horrelakorik trilogia honekin, nik dakidala, aldi berean Euskal Herrian eta hemendik kanpo proiekzio bana). Terra de Montes deitzen da herri hura dagoen eskualdea. Mendietako Lurraldea, Aezkoa eta Zaraitzu bezala.
PD.- “Heriotza eta bizitzaren arteko hari finean bidea egiten” (Irati Irratia).