Arrasatekoa kenduta, Gurutzetan Etxeko Ospitalizazioan igaro nuen garaia gogobetegarriena izan zen niretzat. Ezkerraldean eta Meatzaldean sarritan ibili nintzen, Eskumaldean eta Mungialdean dexente gutxiagotan, eta Enkarterrin lan egitea behin eta berriz tokatu zitzaidan, eta oso oroitzapen ona gordetzen dut.
Oroimen ona lekuez eta pertsonez. Euskal Herriko “Far West”-a da, baserri eta mendi inguru erdalduna, Burgos eta Kantabriako mugetan. Karrantzaraino joatea egokitu zitzaigun behin baino gehiagotan, edo Turtziozeraino, batzuetan elurrarekin. Eta paziente gogoangarriak, tarteka.
Amaia izan da, guztien artean, bihotzean gelditu zaidana hor barruan. Lankidea zen, gaztea, begirada gardena zuena, eta malkoekin ez ezik begi horiekin beste hainbat gauza transmititzen ziguna, baita bakea ere. Duintasuna definitzea kontu nekeza izanda, neska honek bizitzaren amaieran erakutsi zuena dela esango nuke.
Zallan ostiralean MHHH proiektatu dugu, hangoa zen Amaia, eta bertan izan dut haren gurasoekin berriro topatzeko zortea. Nolako egurra, halako ezpala. Kasu honetan ere bete-betean aplikatu daiteke. Jende maitagarria, bizitzak beste aukera hau eman digu ordukoaz gogoratzeko, eta oraingoaz eguneratzeko.
Zaila zen, baina espero baino jende gehiago hurbildu zen emanaldira. Eta solasaldi sakona izan genuen herriko zinema areto moderno eta dotorean. Istripuak gertatzen direnean, hitz egin genuen gorpua topatzearen garrantziaz. Herrian badakite zein inportantea den, hangoa baitzen Zaldibarko zabortegian desagertutako langilea, Joaquín Beltrán. Latza.
Lore bat oparitu zidan, bestela, etorritako ikus-entzule batek, hitz bat dokumentala definitzeko: “Reconfortante”. Lagungarria, lasaigarria, kontsolagarria, indargarria, suspergarria, bizigarria, bihotz-altxagarria baldin bada norbaitentzat, lan ona egin dugu.
(Asteartean, otsailaren 1ean, 7 urte bete dira ama hil zenetik. 2015 hartan ere zendu zen Amaia).