Urtebetetzea

Abenduan urte bat bete du “Mendian hil. Hirian hil” dokumentalak. Mendi Film zinemaldian Bilbon aurkeztu genuenetik, 2020ko abenduan, 80 emanalditik gora egin dugu. Debagoienean sortutako pelikula izanik, bertan eskualdean egin genituen lehenengo proiekzioak. Gogoratzen eta omentzen ditugun pertsonen artean Mikel Crespo egoteak zerikusi handia zeukan Arrasaten eta Aretxabaletan jasotako erantzun beroarekin, ez dago zalantzarik horretan. Haren familia aurkezpen batean baino gehiagotan egon izan zen hasiera hartan, eta 2020an ezinezkoa izan bazen ere, 2021eko ekainean “Bizir Eguna” aurrera ateratzea lortu zuten lagunek eta senideek pandemiaren erdian, Kurtzebarri ingurune ederretan.

Orain arte, proiekzio osteko  solasaldietan behin baino gehiagotan atera den puntua oraintxe aipatutakoa da: Aretxabaletan bezala, gai izatea gogoratzeko, omentzeko eta, aldi berean, bizitza ospatzeko. Horixe da pelikula honen mezu nagusietakoa. Gainera, Cresporen koadrillaren kasuan, bereziki pozgarria da 20-25 urteko jendeak heriotzaren aurrean horrela jokatzea. Pozgarria da zinez.

Badakizuenez, Arteman Komunikazioarekin egindako hirugarren lana da hau, doluaren prozesuei buruzkoa. Aurreko bi proiektuetan ere ibilitako Josu Txintxurreta izan dut bidelagun, orain ezagutu dudan Eider Ballinarekin batera. Eurek egin dute pantailan isaltzen den ikus-entzunezko magia. Niretzat, behintzat, oraindik magia baita.

Musikari dagokionez, soinu-bandak aipamen berezia merezi du, Eñaut Zubizarreta prototxelistak propio egindakoa. 2021eko otsailean argitaratu zituen bertan entzuten diren sei abestiak, Gernikako Forbidden Colours diskoetxearekin. Interneten topatuko duzue diskoa.

Ibilbide honetan, Gipuzkoa izan da, alde handiz, gehien bisitatutako lurraldea hamabi hilabete hauetan. Emanaldien erdia bertan egin dugu, egondako udalerri guztien erdia gipuzkoarrak dira. Eskualde guztietan egon gara gainera, dagoeneko. Bizirik dago mendizaletasuna bertan, baita hizkuntza ere. Gogoratzeko moduko solasaldiak izan ditugu, denen artean Ordizikoa azpimarratuko nuke, baita Donostiko hura ere, Principe zinemetan egin genuena. Zarauzkoa oso berezia izan zen, bizi naizen herria izateaz gain, bertakoa zelako dokumentala eskaini diodan pertsona.

Nafarroan, Iruñeaz aparte, Bortzirietan bi herritan egon gara, Lesakan eta Arantzan. Lehendabizikoak, arlo pertsonalean, esanahi handia izan zuen. Izan ere, aita, ama, amatxi eta abueloa bertan lurperatuta ditut. Hiriburuan, bestela, Mendi Tourra guztiz arrakastasuagoa izan zen. Bi saio eskaini genituen arratsalde berean, eta bigarrena bikoitza izan zen, bi aretotan sartu behar izan zenez jendea. Itzela. Borobiltzeko, Izaban udako emanaldi ederra izan genuen, aire librean. Eta bertan errepikatuko dugu abenduan, mendi zinemaldi batean.

Bizkaian, Bilbon estreinatu ostean, Golem zinemetan egon zen kateleran astebetez, Alondegian. Bestela, Durangaldea izan da eskualderik ibiliena, diferentzia handiz. Bertan Zaldibar, Iurreta eta Mallabian egon gara, eta laugarren udalerria Berriz izan da, hilabete honetan.

Araban, Gasteiz eta Aramaioz gain, Aiaraldeko bi udalerri nagusietan egon izan gara, Amurrio eta Laudion. Eiderren herrian arrakasta erabatekoa izan zen, harrera ezin hobea. Gasteizko Mendi Tourra ere jendetsua eta bizipozgarria suertatu zen.

Hain zuzen ere, nabarmentzekoa da Mendi Filma eta gero Aitor Elduaien eta taldeak egiten duten lan fina, Tourrarekin. 10 saiotan egon gara eurekin, eta antolakuntzaren aldetik eta trasmititzen duten guztiarekin benetako plazerra izan da. Oso eskertuta.

Euskal Herritik kanpora ere irten izan gara, lehenengoa apirilean Burgosen. Bigarrena, modu birtualean, Brasilgo Mostra Filmes de Montanha jaialdian izan zen, irailean. Azaroaren hasieran,  on-line izan ginen Mallorcatik antolatzen duten “Dando vida a la muerte” jaialdian, era presentzialean hemen Gipuzkoan egon ginelarik.

Azaroan, azkenik, Katalunian egon ginen Torelló Mountain Film Festival-eko sekzio ofizialean, Estatu mailan mendi zinemaldirik beteranoena dena (aurtengoa 39. Edizioa izan da). Bilbokoarekin batera, festibal nagusietakoa ere bada. Galizian ere, Lugo, Allariz eta Ourensen proiektatu dugu dokumentala asteburu luze batean, eta mendizaletasuna han ere indartsu dagoela ikusi dut.

Debagoienean, bi herri handi gelditzen zaigu bisitatzeko. Abenduan Oñatin egon gara, azkenean, beste plaza eder bat izan da. Eta Bergaran, 2022ko hasieran emango dugu, heriotzaren inguruan prestatzen ari diren jardunaldi interesgarri batzuetan txertaturik. Datorren urtean aurtengo erritmoarekin ez garela ibiliko bistan da, baina orain arte izan ez garen toki batzuetan izatea da erronka. Pandemiak baldintzatu gaitu neurri handi batean aurten, zaila da jakitea zer datorren, baina esperantzara kondenatuak gaude.

Amaitzeko, erantzunik gabeko galdera batekin gero arte esango dizuet. Izan ere, behin baino gehiagotan egin didaten galdera da: “Hurrrengorik?”. Zeozer badago, baina momentuz hortxe lagako dugu.

Eguberri on!

Iñaki Peña

1971ko udagoienean jaio nintzen. Urtaroz urtaro eta mendiz mendi nabil orduz geroztik.

Iñaki Peña

1971ko udagoienean jaio nintzen. Urtaroz urtaro eta mendiz mendi nabil orduz geroztik.
Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude