Ruta de l’exili

Ruta de l´exili begiz jota nuen udatik, Las Illaseko (Vallespir Katalunia Iparraldea)  Hostal dels Trabucayresera GR-10ren etapa bat osatuz iritsi ginenetik hain zuzen. Ostatuko atariko ate ondoan irakur daiteke bertan izan zirela 1939ko otsailaren 5ean Jose Antonio Agirre lehendakaria eta Lluis Companys Generalitateko presidenta besteak beste nazioarteko eraso nazi faxistatik ihesik. Espainiako presidentea eta Gorteetakoa ere bertatik pasatuak ziren Prado Museoko hainbat margolan eta beste ondasun batzuk zeramatzatela.

Les Trabucayres ostatuaren izenak ere badu bere historia, muga pasatuta hango mendietan ezkutatu ziren karlista katalandarren  memoria ez oso ona (Ces terribles bandits de grands chemins issus des troupes carlistes (partisans de Carlos V de Bourbon) qui armaient de « trabucs » (tromblons en français) ont semé la terreur des années 1840 à 1846 et dont le procès à Perpignan fut si retentissant.) dakarkie gogora bertako biztanleei. Pentsa zertzuk egingo zituzten trabukoak eskuan  hango basoetan aterpe hartu zuten gerra galtzaileek. Bertako masia batean gogoan zituzten arbasoei entzunda, bahiketak, eta beste gorabehera batzuk.

Kontua da La Garrotxara egun batzuk ematera joanda Ruta de l’exili egiteko aukerari ezin niola uko egin, gutxiago azken hilabetetako gertaeren ondoren, eta La Vajolera abiatu ginen itzulia bere osotasunean egin asmoz. Egia esan ez da oso luzea; 12-13 km.ko ibilbidea da.
La Vajol Kataluniako eta Pirinioetako hego aldean dagoen herri txiki bat da, baina diotenez, egun batzuz edo ordu batzuz bederen Espainiako  hiriburu izan zena. Ez da harritzekoa hainbeste presidente han elkartuta.

Erbestealdiari oroitarri bat ere eraiki zuten bertan. Mariano Gracia eta bere alaba Alicia monzondarrak (Hueska) irudikatzen  ditu, alaba txikia  bonba baten eztandaren ondorioz hanka bat galduta ezkerreko besoa makuluaren gainean, eta eskuin eskua aitarenari emanda ikusi daiteke eta aita oinez manta bat bizkar gainean. A ze sufrimendu! Erbestealdiari oroitarria, Ezintasunari eta sufrimenduari  monumentua.

Emaztea ere galdu zuen Marianok faxistek 1937ko azaroan Monzon bonbardatu zutenean zibilen kontra eginaz, (Euskal herrian bakarrik ez ziren erabili praktika hiltzaile hauek) eta beste seme batek argazkian atzerago doanak oin bat galdu zuen.

Historia latz hau, gerra denborako beste askorena bezala, honako blogean irakur daiteke.

 

 

 

 

 

 

 

Ibilbidera itzuliz, Agirrek eta Companysek egin zuten bidea asfaltatuta dago gaur egun hein haundi batean eta errepidez egiten daiteke Coll de Llirainoko bide erdia. Beste erdia, leporaino daraman zatia, artez eta Artelatzez inguratuta dago. Hauetako  askok azala kenduta dute herrian garai batean kortxoa ekoiztea  jarduera nagusia izan zela frogatu nahiko balute bezala.
Coll de Llin  beste oroitarri bat ikus genezake. Plaka moduan oraingoan.
Hemendik aurrera jeitsiera erripatsu bat gaztainondo artean egindako mantenu-pista zuzen bat baliatuz. Seguru asko ez du ordukoarekin zerikusirik izango. Ezta gaurko eguraldi epelak orduko edurtsu eta hotzarekin.
Les Trabucayres itxita aurkitzen dugu eta plazan eserita mokadu bat egiten dugu. Panelak gogorarazten digu. 700.000 lagun inguru igaro zirela mendi hauetan zehar 1939an. Errepublikaren aurka matxinatuek  beren helburuak lortu zituzten eta oraindik ere garaile jarraitzen dute. Kirio guztiak dantzan jartzen ditu oraindik ere Errepublika hitza aipatze bakarrak, edota futbol selekzioaren kamisetan urdinen bat sartzeak erregimen garaitua gogora ekartzen duelako.
Itzulia Coll de Manrellatik egiten dugu. Gaintxoan Companysi eraikitako oroitarria.

Bigarren zati hau errepidez egin behar izan genuen ia Manrellaraino. beheranzkoan berriz, berriro errepidean, gaintxotik gertu ezker aldetik abiatzen den bidexka bat aurkitu genuen eta asfaltoa utzita berriro arte eta artelatzen artean jaitsi ginen, helburua beteta, La Vajolera, 1939an erbesteratze masibo baten lekuko izan zen herriraino hain zuzen.

La Fageda.

La Fageda d´en Jordá La Garrotxan dagoen pagadi (Faig pagoa da katalanez) berezi bat da, ez dagoen bakarra delako, baizik eta lur bolkanikoan hazi den bakarra delako. La Garrotxan, Olot hiriburu duen eskualdean ez dira zuhaitz ugarienak, gurean ere ez noski, baina baso-dibertsitate handiagoa dute han: artadi, artelatz-basoak, gaztainadi, harizti edo pinudiak aurki daitezke espezie bakoitzak bizitzeko behar dituen baldintzak eskaintzen dituzten esparruetan.

Fageda d’en Jordák bisita asko jasotzen ditu. Eskola-taldeek, naturazaleek, ibiltari, korrikalari edo turista soilek urratzen dituzten hango ibiladi markatuak. Bertan, errepidetik gertu eraiki zuten pagadiari bere poesia bat  eskaini zion Joan Maragall poeta katalanaren omenezko gune edo oroitarri bat.
Pagadiaren barruan, buruko gaixotasunen bat zutenak psikiatrikoetatik atera eta bizimodu normalizatua -ahal zen heinean- eskaintzeko asmoarekin  joan den mendeko larogeigarrengo hamarkadan sortutako La Fageda Fundazioaren instalakuntzak daude. La Fageda masia zahar batean kokatzen den egitasmo sozial eta  integratzailea da. Buruko gaixotasunen bat edo ezgaitasun intelektualen bat dutenekin batera beste hainbat lagun ari dira lanean 300 langileren kopurua osatu arte. Fagedak behitegi bat dauka eta esnekiak, izozkiak eta  marmeladak ekoizten ditu nagusiki, pertsonen, ingurunearen eta animalien errespetuak ardatz hartzen dituen eredu jasangarrian oinarrituta.

Su-mendien ibilbidea egitera bazoaz izan kontuan La Fagedak merezi duela sartu-irten bat. Jogurten bat eta marmelada batzuk erosteko aukera eskaintzen dizu, eta bide batez proiektu integratzaile bati laguntza emateko aukera aurkituko duzu.

Alor fisikora itzuliaz interes geologikoko itzuli bat emateko aukera eskaintzen dizu Olot eta Santa Pau artean dagoen inguru honek.  Olot inguruan ohikoena da sumendiei bisita egitea. Itzuli honetan Croscat eta Santa Margarida sumendietatik itzulia egingo dugu lau ordu baino gehiago erabiliaz  Croscatekora propio joan eta Santa Margaridakora jaitsi nahi bada.
La Fageda eta Joan Maragallen monumentua ikusi nahi izanez gero ibilbideak denbora gehiago eskatzen du, noski, baina merezi du.

Kale Zaharreko arazoak. Konponbiderako proposamen bat.

 

Oñatiko Udalak Kale Zaharreko taberna bat itxi du hilabeterako. Ez da lehenengo aldia hau gertatzen dena. Beste bat ere itxi behar izan zuen Gabonak inguruan arauak noiznahi hausten zituelako. Arautegia zorrotz aplikatu izan balu, bi baino dezente gehiago  izan beharko zuten itxitakoak.

Badirudi zerbait aldatu dela, edota aldatzen ari dela dozena bat lagun elkartzen hasi ginenetik eta bereziki Arartekora jo genuenetik bizikletek eta tabernen zaratak eta orduak ez errespetatzeak eragiten zizkiguten eskubide eta ongizate urraketa etengabeak salatuz.

Kontua da, Oñatin udalek eta funtzionario arduradunek, ez lehen ez orain, ez dutela inoiz gai honetan sartu nahi izan, arautegia bete arazteak  arazoak eta haserreak baino ez zizkietelako sortzen orain alkateari bezala. “Zuek salaketa ipini Gobernu Batzordearen aurrean zuen izen eta abizenekin,  eta aztertuko dugu, baina salaketa barik ezin dugu ezer egin” esaten zigun arduradun gaur erretiratuak bere eta udalaren arazoa auzotarren eta tabernarien arteko gatazka-esparrura bidaliz eta berari ogibidez eta legez zegokion ardura herritarren eskura pasatuaz.

Arduradunen utzikeria nabarmen utzi zuen Arartekoaren bulegoak gure kexen aurrean emandako erantzunak:  “Oñatiko Udalak Kale Zaharrean ezarri duen araubidea –bide segurtasunari eta oinezkoentzako eremua izateari buruzkoa– betetzea bermatu behar du, eta horretarako, bere esku dauden neurri guztiak, zigortzaileak zein teknikoak, hartu behar ditu, ezarritako araubidea betearazteko.” Hau bizikleta eta aparkatze gaiaren inguruko kezken inguruan erantzun zuena, eta berdin balio duena tabernen arau hausteen gaian. Honekiko aurkeztutako kexaren erantzunik ez dugu oraindik jaso. Agian Udalak izango du.

Erantzuna eta ondorioak oso garbiak dira, eta Kale Zaharreko (eta beste edozein kaleko) bizilagunen eskubideak babesteko udalak bete behar dituen betebeharrak garbi uzten ditu.

Tabernarien gaia lehertu egin da udala bere betekizunak betetzen hasi denean. Ez dut zigor honen inguruan hitz egin nahi ez ditudalako gertaerak ezagutzen. Ulertzen dut taberna jabearen haserrea beste batzuk urte asko daramatzatelako astebururo arauak urratzen inoiz horrelako zigorrik jaso gabe, baina uste dut forma eta arau hausteak desberdin neurtzeko bidegabekeriaz eztabaidatzen baino, arazoari aurre egin eta neurriak jartzeko proposamenak egiten lagundu dezakegula gehiago.

Konponbidea prebentzioan dago beste hainbat alorretan bezala. Ulertezina da larunbat eta jai-bezpera gauetan Oñatiko tamainako herri batek gau-zaintzarik ez edukitzea. Moralkeriak aparte utzita, alkohola eta drogak gehien zirkulatzen duten orduetan areagotzen dira istripu, sexu-gehiegikeriak edota beste arau-hauste batzuk gertatzeko aukerak, eta ez da ulergarria ordu horietan horrelako zerbait jasan duen batek gure herrian gertuko babes edo laguntza publikorik ez edukitzea. Hor konpon! da herritarrok Udaletik jasotzen dugun mezu inplizitoa (lehen eta orain). Arazoren bat baldin baduzu gabaz, bilatu zuk zeure erizaina, deitu osasun zerbitzuetara, jo Bergarako ertzaintzara baina udal laguntzarik ez duzu edukiko ordu horietan oso garestia baita horrelako zerbitzu bat martxan jartzea. Hori bai, ezer larririk gertatuko denean, hurrengo egunean ez dira faltako salaketak, elkartasun mezuak, argazki politikoak eta abar.

Behin baino gehiagotan eskatu diogu udalari ordu horietan bi udaltzain jar ditzala. Ez da derrigorra bikotea porra eskuan kalez-kale ibiltzea. Nahikoa litzateke beren bulegoan dagozela jakitea erasoen edo istripuen biktimak lehen laguntza-eskea nondik bideratu dezaketen jakin dezaten.

Halabe, kontrol tresneria egoki baten bidez, uneoro kontrolatuko lukete zer zarata maila ematen duen taberna bakoitzak, noiz ixten duen, eta arau haustearen une berean  lehen oharpena egiteko moduan lirateke soinua jaisteko aginduz edota taberna ixteko ordua iritsi dela gogoratuz. Seguru tabernariek ere onartuko luketela bide hau

Segurtasuna gehitzeaz bat arau hausteak saihestuko lirateke eta bizikidetzak irabaziko luke auzotar, tabernari eta udalaren arteko liskarrak desagertzeraino

Udalaren erantzuna betik izan da ezezkoa. Baina ez al du bizikidetzat  aukera bat merezi? Emaiozue buruari buelta pare bat mesedez. Aztertu serio proposamena eta hoberik baduzue jarri bera martxan. Guztiok eskertuko dizuegu.

 

 

 

Erata mendi apala.

Erata ez da ospe handi ez txikiko mendia. 2003 metro baino ez ditu eta Piriniotako mendi-pusken aurrean hori ez da ezer. Alperrik bistak ( Perdido, Tendeñera, Cotiella, Midi d’Ossau…), edo beste dohainak, aurkezpen txarteletik altuera bakarrik hartzen denean meritu bakartzat. Urtero joan ohi gara, behin baino gehiagotan ere bai, izan Cotefabloko tunelaren ekialdeko irteerako parkinetik abiatuta, izan Yéserotik igota, edo gaurkoan bezala ibilbidea Espierren hasita. Barbenuta eta Espierre 1.200 metro inguruko garaieran dauden bi herrixka auzo dira, politak eta egoki berriztatuak bereziki bigarrena. Espierrek eliza erromaniko txiki, irmo eta oso zaindu bat dauka; Baseliza baten tamainakoa. Merezi du ikustea kanpotik bada ere, gehienetan itxita egoten baita. Barbenutan berriz mahasti txiki bat dago landatuta duela lau bat urte, eta aurten atera omen dute merkatura bertako ardoa. Oso botila gutxi, mahastiak ez baitu hektarea erdia gaindituko, eta ondorioz garestia. Emaitza ezin da inolaz ere ardo merkeen geruzan sailkatu.

Espierretik Eratara igotzeko hiru orduko ibilaldia dago gutxi gora behera. Lehenago harlauzez estalitako  bide zahar bat zen abiapuntua, eta orain ere han izango da bidea, baina pista zabal batetik markatzen dute hasiera. Gaurkoan ere ez dago jenderik ibilbidea hasteko prest. Motxilak hartu eta bagoaz biok tipi-tapa oinez.

Bidea erosoa da, baina zoritxarrez tarteka txirrindulariek botatako gel-elikagai ontzi hutsez zipriztindua. Itzulerarako utziko ditugu.

Gaur guk inoiz egin gabeko bide bat egingo dugu. Pista aurrera joan ahala lehen bidegurutze garrantzitsuan hegoaldera (eskuinera) irtetzen duen abarra hartuko dugu. Hegoaldera ere egiten du bira aurrerago, mendebaldera gero, eta poliki poliki mendi-lerroaren hegia hartzen du. Hona iritsita ekialdera joan beharko dugu hegiari jarraituz eta Ainielleko herri abandonatua gordetzen duen sakanaren gainean norabidea berriro aldatuta San Benitoren baseliza pasata Eratako gailurrera iritsiko gara.  

Jazoera aipagarri gehiagorik gabe, azeri lotsagabe bat gurutzatu zaigula ezpada (lehenago errepidean eperra izan da gurutzatu zaiguna), iritsi gara abiapuntura bost orduko joan-etorria osatuz.

 

Txirrindularien zabarkeria.

Bizikleta oso garraiobide ekologikoa dela esan ohi da, eta horrela beharko luke fabrikatze eta garraioak behar dituzten lehengaiak eta eragiten dituzten zakarrak kontuan hartuko ez bagenitu, baina badauka alderdi ez hain ekologiko bat, hain zuzen, munduko lasterketa garrantzitsuenetan ikusten dugun hori, hau da, txirrindularitzaren munduak errepide eta bazter guztiak hondakinez beteta uzteko duen ohitura zabar hori.

Antza, beren idoloena egitea maite dute hainbat txirrinduzalek eta dozena bat jel-hontzi jaso behar izan ditugu itzulerako bidean.

Aurtengoan neska lirain musuemalieen parafernalia guztia ezabatu dute hainbat antolakundek emakumeen erabilera desegoki hau arazo barik baztertu daitekeela erakutsiz. Hondakinen gaira itzuliz eta esaten den bezala  zabor onena sortzen ez dena bada, edota sortu beste irtenbiderik ez dagoenean hondakin onena biodegradagarria dena egia bada, zergatik ez hasi dagoeneko  neurriak hartzen?

Mendian edo hirian  ez genuke  ezer bota behar lurrera, noski, baina  edukiontzi hauek bota beharra izanez gero ere, zergatik ez derrigortu iraungitze data bat izatera   barruan gordetzen dituzten elikagaiek duten bezalaxe?. Likidoak gorde behar dituzten edukiontzietan ez da hain erreza  izango noski, baina ezin al dira barra energetikoak edo jelak adibidez ontzi biodegradagarrietan bildu? Eta bereziki, zergatik ezin dugu kaleaz edo mendiaz gozatu sortzen ditugun hondakinak modu egokian kudeatu gabe?

dav 

75 asiar liztor erregina

Hirurogeta hamabost dira duela pare bat aste jarritako lau tranpatan erori diren asiar liztor erreginak. Argazkian daude eta banan bana zenbatu ditut.

Tranpak garbitu, likido berria isuri barruan eta bigarren tranpa jarri orduko liztor bat zegoen lehenengoan. Laugarrena prestatu orduko bi.

Oñatin aurtengo ehiza denboraldian ehundik gora basurde eta beste hainbeste orkatz ehizatu bide dituzte eginkizun horretan aritzen diren kuadrillak. Haiek sikiera jateko eta txorizoa egiteko balio dute. Hauek erlak jateko baino ez.

Tira! batzuk ez dute aurtengoan habiarik egingo eta ez dute milaka liztor berri sortzeko aukerarik izango.

 

 

 

 

Udaberria bikain dator. Aspaldi ez ditut sagarrondoak horren loratuta ikusi. Aurtengoa gauzak okertzen ez badira sagar urtea izango da gurean. Ihaz ezin izan genuen sagardorik eta sagar-zukurik egin. Ea aurtengo uztak botila hutsak betetzeko beta eskaintzen digun. .

erla sagar-lora bateko polena batzen.

Loraldiak erlak pizten ditu eta lanean ari dira oraingoz asiar liztorraren beldurrik gabe. Arazoak aurrerago etorriko dira erreginak habiak eginda liztor berriak sortzen hasten direnean. Bitartean euren lanarekin gozatzen ari dira erlak. Mugikorrarekin  argazkitan hartzea ez da langintza erraza izaten. Saiatu naiz baina ezin argazki onik egin.

Arantzazu ulertuaz

Arantzazuk zerbait magikoa dauka. Izan natura edo kirolagatik, kultura edo arteagatik, espiritualtasun edo erlijiotasunagatik, isiltasunagatik edo lainoa jaisten denean gordetzen dituen bazter miresgarriengatik, edo besterik ez bada basoerdi batzuk hartu, edo bazkari on bat egiteagatik bertako benta edo jatetxeetan, jende asko hurbiltzen da urteko sasoi desberdinetan.

Arantzazuko basilikaren 60 urteurrena ospatzen zela eta, hainbat ekitaldi antolatu zituen bertako fraide komunitateak hil honen 12an. Arantzazuk arkitektura erlijiosoari eskaini zion iraultza  aldarrikatu nahi izan zuten egun horretan. Oraindik bada jenderik ulertzen ez duena. Huescako herri txiki bateko bodega sotil baten hiru anaia jabeek esan ziguten behin Arantzazura etorri zirela eta gutxien gustatu zitzaiena eliza izan zela. Arkitektura erlijiosoa erromanikoarekin edo asko jota gotikoarekin bukatu bide zitzaien.

Bada Arantzazuko arkitekturaren oinarriak hobeto ulertzeko asmoarekin joan nintzen Miguel Angel Alonsok egin zuen aurkezpenera. Xabier Lizaso pianujolea tarteetan laguntzaile zuelarik, hiru zatitan azaldu zizkigun maisuki Miguelek arkitektoek egraikitakoaren esanahi ezkutua. Lehen bistadizoan ikusten ez den hori.

Asimetria aipatu zigun elementu nagusi lez, naturak ez dituelako simetriak ezagutzen. Horretarako, eraikin nagusitik aldentzen den dorre-menhirra, espazio erlijiosoaren mugarria, erabiltzen dute basilikako arkitektoek naturaren lege eta arau nagusi hori gordetzeko.

Naturak berak erabaki omen zuen Basilikarako beheranzko sarrera. Bide zaharra Goiko Bentatik sartu eta Milikuan barna iristen omen  zen konbentu eta elizara. Eskailera nagusiaren beheranzkoa, koruak berak indartzen du basilikara sartzerakoan espazioa txikiagotuaz, eta bapatean barruko bolumenaren handitasunera bultzatuaz fededuna edo bisitari soila, begiak erretaulan jartzea derrigortuta arkitekturak ez diolako beste aukerarik ematen.

Lucio Muñozek egindako erretaulak ere merezi izan zituen aipamenak. Natura higatu, hautsi eta basatiak bere baitan biltzen du Ama Birjinaren 36 zmko  irudi txikia. Egunaren argiaren arabera kolore desberdinak hartzen ditu erretaulak.

Beste hainbat azalpen ere eman zituen transeptoaz,  bertan kokatzen diren beirateez eta Basilikaren elementu bakoitzak Erretaula eta Ama Birjinaren irudia indartzeko jokatzen duen paperaz.Arantzazu

Alonso Arantzazu berriaren sortzailea da eta pentsatzen dut inok baino hobeto ulertzen dituela bere profesio kideek adierazi nahi zutena eraikina diseinautu zutenean. Horregatik gustora atera nintzen Arantzazuko arkitekturak ekarri zituen ideia berritzaile eta apurtzaileen gainetik arrazonamendu kolektibo bat zegoela ikusita. Seguru Huescako herri txiki hartako anaiek beste era batera ulertuko zutela Arantzazuko eraikina azalpen hauek jaso izan balituzte.

 

 

 

GR-10ean lehen urratsak.

Iritsi da ordua. Aspalditik neukan buruan sartuta Piriniotako zeharkaldia egin behar nuela, eta berandu baino lehen, ez baitzaigu iada denbora asko geratzen halakoetan ibiltzeko. Hobe beraz hurrengo birsorkuntzaren zain egon gabe lehenbailehen ekiten badiogu. Bihar emango diogu hasiera lehen asteari. Euskal herriko iparraldeko bideak oinez egitea dugu helburutzat. Hedaiatik Santa Grazira zazpi egunetan.
Lehen saiakera bat izango da beste zatiak egiten hasteko moduan gauden ala ez jakiteko. Buruak nahi bai, baina gorputzaren ajeek buruari agintzen diote askotan, eta ez alderantziz, nahiago genukeen bezala.
Etxean bai. Etxean burua da nagusi. Ibilbideak prestatzerakoan informazio iturri desberdinak aztertu eta alderatzen, galtzontziloen pisua baieztatzen gutxiago duten bi pareak motxilan sartzeko, eguraldi iragarpenak begiratzen forroaren ordez txaleko bat sartuta zenbat  pisu aurrezten dugun aztertzeko, aro beroa datorrela eta kapa formalaren ordez Heinekenek jazzaldian oparitzen dituen arinak eraman ezkero seguru pisu  gutxiago izango dugula, eta horrela, hemendik eta handik kenduaz,  frogak handik eta hemendik, arroparen pisua gutxienera jaistea izan da asteko lana. Baita lortu ere: 2,320 kg baino ez ditut eramango motxilan.
GPSa ez dakidala ahaztu. Ez diot gaurdaino baliagarritasunik aurkitu, baina arrastoa galduz gero oso ondo etorri behar zaigu oraingoan.
Prestakuntza lanetan ostirala iritsi zait konturatu ere egin gabe. Ortuari azken begiratua eman, eta aurten sano datorrela frogatu; erlei ikusialditxo bat egin zein jator ari diren lanean baieztatzeko  -indartsuena laugarren altza-erdia ari da betetzen, beste batzuk berriz hirugarrenarekin ezin baina pozik egoteko moduko markak dira-, eta ikuskaritza  lanak eginda banoa poltsa eskuan hartuta San Prudentzioko autobusa hartzera Donostiako bidaia egiteko. Bihar Topoa izango dugu zain Hendaiara -GR-10aren abiapuntua- joateko. Gauzak ondo, Saran egingo dugu lehen gaua.

Pena dut bihar, 27an, ezin izango naizela Pedro eta Carmenen urrezko ezteien ospakizunetara joan. Bejondeiela biei. Itzuleran izango dugu elkarrekin egoteko aukera.
Aio eta hurrengora arte.

Kronletxen bila.

Ara ibarrean  hiru kronletx aurkitu omen zituen Sara Adrianek 1989ko uztailean. Aranzadi elkarteak ziurtatu eta katalogatu zituen.

Ara ibarraz maiteminduta  nago Bujarueloko ostatu zaharreko subajua ezagutu nuenetik 1989a baino dezente lehenago. Azken urteotan ez dur kalerik egiten Buxarguelorekin dudan hitzorduan. Aurten hiru kronletxak ezagutzea bururatu zait eta horretan eman dugu larunbata, maiatzaren 16a.

Ara ibarraren hasiera

Ara ibarraren hasiera

Goizeko 10etan San Nikolaseko zubia zeharkatu, bunkerra pasatu,  zalaparta batean autora itzuli berriro ahaztutako kameraren bila eta azkenean martxan. Ordubete pasata Ordisoko etxabolan gaude. Eguraldi ona: hotz, baina zerua nahiko garbi eta euri arrastorik ez. Ordura arteko berdeen kolore eta tonoak deskriba ezinak.  Ihintzaz blai  dauden zelaiek eta pago garaietako osto-punta berde freskoek argazki lasaigarri bat osatzen dute.

Gora joan ahala, haize hotza nabarmentzen hasten gara, baina ezer gutxi Euskadi maiteko euri eta hezetasunarekin parekatuta.

Vignemale azpiko Zerbillonarreko etxolara iristen gara. Moskowako printzearen eta Lady Listerren edo hobe esanda Lady Lister eta Moskowako printzearen abenturen lekuko izan diren harkaitzen azpian gaude.

Hemen hasten da gure benetako txangoa. 12:30ak dira eta laranja bat jan ondoren aurrera egiten dugu Ara ibarrean barrena. Bataneseko ibarrarekin bat egiten duen ingurura iritsi gara plubiometroa bat atzean utzita. Hemen nonbait izan behar du ba!

Ara Ibaia

Ara Ibaia

Bada ez. Aurrera egin eta egin, Letrero azpiko guneetara iritsi gara eta helburua atzean utzi dugula ziur, zerbait jatea erabaki dugu. Badakizue: kolesterol pixka bat eta laranja edo sagar bat aurrekoaren efektua ezeztatzeko.

Beherantz berriz. Inguru hauetan iparrak jotzen du eta hotz egiten du. Badaezpada goi samarretik goaz, Zerbillonako korredorearen sarreraren azpitik, ea  goitik begiratuta kronletxak ikusteko aukerarik dugun; begi bat zapaldu behar dugun harrian jarrita  eta bestea ibarraren sakonean, aurrera goaz. Halako batean eureka! Hor daude hiru kronletxak.

Behera egiten dugu gertuagotik ikusteko, argazkiak atera eta minutu batzuk begira egin ondoren aurrera egitea erabakitzen dugu oraindik luzea baita egin beharreko bidea.

Kronletxak 2.000 metroko garaieran daude eta altura honetan aurki daitezkeen bakarrak omen dira. Euskal herriko Pirinioetan, Aralarren edo Aikorrin aurki ditzakegunen berdinak, dudarik gabe kultura bereko gizakiek eraikiak.

Ara Ibarreko hiru kronletxak

Ara Ibarreko hiru kronletxak

Seguru asko  hizkuntza bera ere erabiltzen zuten komunikatzeko,  Paco Aristik bere liburuan jaso duen bezala XIV mendeko Huescako udal-ordenantza batek saltzaileei salerosketak euskaraz egitea debekatu baitzien, ordura arte ohiko hizkuntza zenaren seinale. Toponimia begiratzea ere nahikoa da. Hau guztia gai hauetan jakitun ez den baten zalantzekin idatzita noski.

Behera jarraitu eta bostak pasatxo ziren   Bujarueloko aterpetxera iritsi ginenean. Isak ohi duen bezala oinak ibaian freskatu, eztarria busti, eta hurrengo bat arte esanda alde egin genuen Torlara daraman pistatik. Autoz.

Marmota bat eguzkitan.

Marmota bat eguzkitan.

Udaberri oparoa.

Zaparradak eta euri jasak egokitu zaizkigu asteburuan. Gaur ere egun tristea dugu. Etxean liburu bat irakurtzeko beta ematen duena edota ordenagailura eserita zerbait idaztekoa. Udaberriak orain arte eskaini digun giro lehor, eguzkitsu eta epela eten da eta egun batzuz udaberriaren beste aurpegia gaindituko zaigula dirudi. Hala ere udaberri bikaina izan dugu orain artekoa.
Neguko eginkizun nagusiak atzean utziak ditut: inausketa eta bost sagardo-sagarrondo berri landatzea. Bi moko deitutakoak eta hiru txalaka motakoak. Patroi frankoan txertatutakoak dira bostak. Fruitua ematen denbora dezente beharko dute baina bizitza ere luzeagoa izango dute okerrik ez bada. Orain arte nituenak , MH7aren gainean mentatutakoak, agortzen ari direla iruditzen zait eta poliki-poliki berriak landatu behar.

Sagarrondoaren loraldia

Sagarrondoaren loraldia

Ondoren udaberrikoak etorri dira: baratzerako lurrak prestatzea, erlauntzak garbitu eta barroaren aurkako botikak ematea, eta sagardoa botilatan sartzea. Lan batzuk eginak dagoeneko baina hori dagoeneko, esaterako sagardoa botilaratzea. 2015eko Lunarioak emandako aginduei jarraiki: sagardoa botilan sartzeko aurtengo egunik onenak apirilaren 5a eta 6a ziren. Ba badaezpada 6a aukeratu genuen lan hori egiteko. Oraindik ez dago edateko une onenean baina botilan ontzeko behar duen denbora eskainiko diogu.
Udaberriko loraldia bikaina izan da. Aspaldian ikusi gabea. Sagarrondoak zuri lorez beteta, eta Pakistanetik Albertok ekarritako albertxigondoa lehen aleak emateko prest.

Erla bat lanean

Erla bat polena biltzen

 

Erlak loraldiaz baliatuz jo eta ke lanean aritu dira eta laster hasi beharko dugu eztia biltegiratzeko altzak gehitzen erlauntzei. Baina argi! gurean eztirako udaberri luze eta bikaina egokitzea ez da erraza izaten. Iaz maiatza izan genuen txarra beste batzuetan ekaina edo apirila izan ohi den legez, eta jakinekoa da eguraldi txarrarekin erlak ez dutela lanik egiten. Ekainaren amaieran izango dugu kontuak egiteko ordua.

Basurdeak eta orkatzak nonahi.

Aspaldi ez naiz sartu blogean ezer idazteko. Nagituta nagoela dirudi, edo eginkizun gehiegi esku artean, edota diziplina galduta agian. Gaiak izan dira blogari eragin ez diodan epe honetan baina burua beste leku batzuetan nonbait. Goienarako zerbait idatzi beharrak ordenagailuaren aurrean eseri arazi nau eta astean gertatutako bitxikeria batek  eman dit gaia.

Basurdeak erruz omen dabiltza Udalan Goienak berak dioenez. Udalan, eta nonahi diot. Nik ere pairatu ditut basurdeen barrabaskeriak. Orkatza ez da gutxiago, eta asteon, sagastuira udaberri hasierako lanak egitera joan naizen batean sorpresa harrigarri batekin egin dut topo. Orkatz bat lurrean etzanda, buruan eta adarretan sare bat kateatuta, eta sarea inausketaren ondar moduan lurrean geratutako abar handi batzuetan nahaspilatuta. Hilda zirudien, baina inguratu eta gertuan zebilen lagun bati deika hasi naizenean zutitu da, eta lau hanken gainean lehenengo ihes egin nahian eta ondoren  saretik askatu nahian tira eta tira hasi da egoera geroz eta gehiago okertuaz. Orain alde batera gero bestera, Atzera hurrengoan bere indar guztiekin, buruarekin (eta adarrekin) saretik eta sufrimendutik askatu nahian.

Orkatza sarean kateatutaKezkatzen hasi naiz bertan geratu behar zela sinetsita, baina laguna abila izanik animalia kontu hauetan, iritsi da eta zalantza barik, animaliaren atze aldera joan da. Ni aurrean eta bera atzean, hanketatik oratu dio ausart eta lurrera bota du. Handik aurrerakoak errazagoak izan dira. Lurrean zegoela adarretatik heldu eta motxilan neraman inauskaiekin sarearen punta guztiak moztu dizkiot poliki-poliki. Bere burua aske ikusi duenean abiada bizian joan da atzera begiratu ere egin gabe.

Libre!

Aske!

Kostako zaio berriro sagastuira itzultzea!

Hori espero dut.