Katalunia independentea ekonomikoki bideragarria dela dioten bi aditu.

Asko idatzi eta hitz egin izan da  Katalunia askearen bideragarritasun ekonomikoaz. Aurka boteretik eta estatusetik, emozioekin jokatuz eta beldurra eragiteko asmo hutsarekin.  Alde beste askok Katalunia independente baten bideragarritasuna garbi ikusten dutelako.

Post honetara  bi ekonomilari eta  irakasle ospetsuren iritziak ekarri nahi ditut. Batetik, Niño Becerra irakaslea, egitura ekonomikoan eta makroekonomian aditua, eta bestetik Joseph Stiglitz Nobel Saria globalizazioa eta honen eraginak herrialde desberdinetan aztertu dituena.

Biño Becerrak Noticias taldeko aldizkariek egindako elkarrizketan ez zuen zalantza izpirik Katalunia independente baten bideragarritasun ekonomikoaz. Arazoak Espainian kokatzen zituen independentziaren hipotesian 23.000 milioi gutxiago jasoko omen dituelako Erreinuak eta bere BPGaren %20a desagertuko omen delako.

Ideia interesgarri bat dago elkarrizketan. Uste du Katalunia esperimentu bat dela Estatuen Europatik Erregioen Europarako bidean. Nik uste horrela bada hobe zutela beste estatu bat aukeratzea esperimentua arrakastarekin amaitu nahi izatekotan behintzat.

Stiglitzek berriz, El Economista aldizkarian zioenez Katalunia erabat bideragarria izango litzateke baita Eurogunetik kanpo.

Aurrekoekin lotuta astean jakin dugu  txirotasun eta bazterkeria sozialaren arriskuan daudenen portzentajeak oso handiak direla Estatuaren hegoaldean: %44,6 Kanariar Irletan, %41,9 Ceutan eta %41,7 Andaluzian.  

Marko honek  klabe ekonomikoetan (espainia handiarena eta beste gako batzuk ahaztu gabe) azaltzen du  zein den eta zein izango den gaur gaurkoz Espainiako politikarien jarduera: bideragarria dena, itotzen saiatuko dira erne ez dadin, eta diruak aberririk ez duenez ikusten ari garen bezala bide erdia eginda dutela esan genezake.

Amaitzeko ez nator bat enpresen egoitza sozialen aldaketei  garrantzia kentzen dietenekin. Ez dute ondorio handirik ekarriko gaur bezala jarraitzekotan, baina zer gertatuko litzateke Katalunia independente baten hipotesian erabakigune guztiak Kataluniatik kanpo baleude? Zer Iberdrola edota MCCko, Laboral  Kutxa edota Kutxabankeko  egoitzak Euskal Herritik kanpo baleude?

Artikuluak interesgarriak direlakoan hemen Niño Becerrarekin elkarrizketa eta Joseph Stiglitzen iritzia

Kataluniari begira.

Katalandarren eta euskaldunen historia parekoak dira gai askotan.

Pirineotako “bakea” Faisaien irlan izenpetua. Felipe IV Espainiakoaren eta Luis XIV Frantziakoren erabakiz Katalunia betiko erdibituta. El Pertus eta La Jonkeraren artean betirako mugak bi erregeren graziaz. Le Pertus kale bateko espaloi bat Frantziar estatua, bestea Espainiarra. Urte asko pasa arren itxi gabeko zauriak.

Canigo harroa. Verdaguerrek 1886an bertsotan omendua  eta urte askoan Pirinioetako gailurtzat hartua. Katalandarren mendi magikoa iparraldean, Frantziar Piriniotan, bi Erregeren graziaz ezarritako mugei esker.

1937ko otsailaren 5ean Agirre Lehendakariak eta Companys Presidentak  Angullanatik Las Illasera Manrellako Lepoan barna, faxismotik  ihesik,  Kataluniatik Kataluniara oinez Faisaien irlak ezarritako muga bera igarotzen.

Katalan hizkuntza bigarren mailakoa bere lurraldean. Aski ikasle baten gurasoek gaztelerazko irakaskuntza eskatzea beren seme edo alabarentzat, ikastetxea derrigortzeko  epaitegi espainoletako sententziek diotenez.

Espainiako ideia monolitikoaren defendatzaile sutsuenek aukeratutako Epaitegi Konstituzionalak  ezabatutako eta edukiz hustutako 2006ko Estatuta.

Lehen eta orain mespretxu eta irain gehiegi  Estatu inperio-amesle baten aldetik .

Felipe VIa Franco diktadoreak Errege izendatutakoaren semea diktadorearen papera jokatzen (El Rey ha hablado f(F)ranco da azken txistea). Europako Estatu torturatzailea,eta jakitun  beste aldera begiratzea nahiago duena, non herritarren iruditerian polititiko eta iruzurgile esanahi bera duten hitzak. Talde paramilitarrak sortzeko lotsarik  izan ez duen mendabaldeko estatu bakarra. Europan preso gehien eta eskubide gutxienekin dituen estatu mendakatzailea

Eta abar eta abar.

Lotsaizun horren aurrean estatu horren barruan jarraitu ala ez erabaki nahi duen herri bat dugu  eta estatu berak ukatzen dio erreferenduma egiteko eskubide. Beste guztia ezaguna da. Errepresioa, zigorra; laister preso politikoak. Ala politikoak preso?

Gaur ikusiko dugu zein den Kalatuniako Gobernuaren eta jendartearen erantzuna.  Erabaki ausartak eta koherenteak hartu dituzte gaur arte. Iritsi da zirt edo zarteko unea. Zaila da alde bakarreko erabakiz independentzia lortzea hilaren amaieran irakasle, mosso eta osasuneko langileen soldatak ordaindu behar badira, ospitaletako hornitzaileen fakturei aurre egin behar bazaie eta  suntsitzaileak erosi behar badira.

Baina krisi hau ez da iada Kataluiniakoa soilik. Estatu osora zabaldu da. Zaragoza, Madril, Valencia… Nonahi izan ditugu askatasunaren edota inperioaren aldekoen  aldarriak. Krisia geroz eta hedatuagoa eta sakonagoa izan dadila lortu behar da.

Eta hitz egitea. Beste irtenbiderik ez dago. PARLEM.